NAIZ

Elhuyar Zientzia Azokaren hamargarren edizioa egingo da Bilbon, ostegunetik igandera

Ospakizun urtea du Elhuyar Zientzia Azokak, hamargarren urtebetetze borobilarena. Ostegunetik igandera izango da, ekainaren 2tik 5era, Bilboko Areatzan. Gazteek ikasturtean landutako 200 proiektu jarriko dituzte ikusgai, eta tailer, esperimentu eta zientzia ikuskizunak izango dira gozagarri.

Elhuyar Zientzia Azokaren 2018ko edizioa.
Elhuyar Zientzia Azokaren 2018ko edizioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Elhuyar Zientzia Azokak hamar urte beteko ditu. Ostegunetik igandera egingo da, ekainaren 2tik 5era, Bilboko Areatzan. Lehenbiziko egunean, irekiera ofizialean, 10.30ean, Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak ongietorria egingo du, eta antolatzaile, babesle, kolaboratzaile eta gazteen familia argazkia aterako dute.

Hortik aurrera, gazteek ikasturtean landutako 200 STEAM proiektu egongo dira ikusgai, eta tailerrak, esperimentuak eta zientzia ikuskizunak egingo dituzte. Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa zentro eta unibertsitateek ere parte hartuko dute.

Gazteen proiektuak, eta profesionalenak ere bai

Gazteek STEAM proiektuak erakutsiko dituzte Areatzan jarritako etxoletan. Jaimetan, aldiz, ikerketa profesionala paratuko dute erakusgai. Mondragon Unibertsitatea, CFM-Polymat, Deustuko Unibertsitatea, BCMaterials, EHU ENEDI EHU Plentziako Itsas Estazioa eta Itsasmuseum eta EHU Gluten3s izango dira jaimetan.

Zientzia-ginkana egingo dute, eta erronkak eta esperimentuak eskainiko dituzte adin guztietarako.

Arratsaldean, ‘Matriuska’ zientzia-antzezlana egingo dute karpan.

Ostiralean, ikerlari profesional gehiago batuko dira jaimetara: EHU Formula Student eta Tecnalia. Arratsaldean, esperimentu likatsuak egingo dituzte Bizilaberekin. Gainontzean, egitarau bertsua izango da, proiektuen erakusketa eta zientzia esperimentu eta ginkanekin.

Larunbatean, berdin. Gainera, ‘Adrenalina’ zientzia-ikuskizuna izango da gozagarri.

Igandean, azken egunean, ‘Zientzia Ikusgarria’ espektakuluarekin itxiko da Azoka, 15.00etan.