NAIZ

Zorionatasunari egin diote kanta Zetak nafarrek eta Bomba Estereo kolonbiarrek

Gaur kaleratu da ‘Zoriontasuna (La vida es de verdad)’, Zetak talde nafarrak eta Bonba Estereo kolonbiarrak egindako abesti berria.

Zetak eta Bomba Estereo.
Zetak eta Bomba Estereo. (Zetak)

«Bi hizkuntza, abesti bat. ‘Zoriontasuna (La vida es de verdad)’ udari amaiera emateko iritsi zaigu. Dantzatzea, abestea, dantzaldiak, oporrak... egunak gero eta laburragoak diren arren, uda sentsazioak eta udaz gozatzen jarraitzeko gogoak bizi-bizi diraute». Horrela aurkeztu du Zetak taldea Bonba Estereo kolonbiarren eskutik aurkeztu duen lan berria.

Pello Reparaz eta Li Saumet artistek beren single berrian, «zoriontasunari eta bizitzari, oro har, oda» egin nahi izan diote.

Euskara eta gaztelania nahasten dituzte. «Bi artistek beren musikaren elementu artistiko eta bereizgarritzat erabiltzen dute hizkuntza. Abestia Zetaken estiloko dembow bat da, xilofono sintetikoak, txalaparta, gitarra eta interpreteen ahotsak uztartuta. «Beroa, goxoa eta, aldi berean, energiaz beterik, bibra ona eta bizipoza ditu bereizgarri, eta mugak gainditzen ditu, bai soinu-mugak, bai muga geografikoak, izan ere, euskara hutsez abesten duen artista batek egin duen kolaboraziorik garrantzitsuena dela esan dezakegu» diote.

2021eko urrian, bi artistak Bilbon elkartu ziren BIME Bogotá ekitaldiaren lehenengo edizioaren aurkezpenerako. «Liliana Saumeten ahotsa Bilbon hartu nuen hoteleko logelan grabatu genuen», aipatu du Pello Reparazek.

Zetak «esperimentazio fasean» dagoela nabarmendu dute. «Hurrengo erronka diskografikoan murgildu aurretik, sormenari ateak zabaldu eta kontzeptu itxi batean kapsulatuta ez dagoen musika sortzen ari da, singlez single eta ideiaz ideia».