Manu Chaoren erromeria Arrasateko anfiteatroan

Beroketa lanetan aritu ziren Burutik eta Eire Monterron parkean, baina 2.500 pertsonak artista paristarrak batu zituen elkartasunez eta bibrazio positiboz betetako kontzertuan. Lehen unetik hartu-eman etengabean izan zen Manu Chao bertaratuekin eta oso goian eduki zuen giroa emanaldi guztian.

Manu Chao artista handiak berezkoa duen bizipoza eta erritmo alaiak eskaini zizkien Arrasaten bildutako 2.500 lagunei.
Manu Chao artista handiak berezkoa duen bizipoza eta erritmo alaiak eskaini zizkien Arrasaten bildutako 2.500 lagunei. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gipuzkoako bi zuhaitzik altuenen artean kokatutako oholtzan, anfiteatro baten erdigunean, zuten hitzordua atzokoan musikariek Arrasaten. Ateak puntual ireki zituzten 17:30ean eta gutxika gutxika eremua betez joan zen iragarritako 2.500ak bertaratu arte.

Burutik taldea hasi zen lehendabizi, puntual samar. Anfiteatroa beteta zegoen ordurako, jendea eserita eta bataz besteko adina altua zen oso. Baina adin hori mantendu egin zen gaualdiak iraun zuen denboran. Lau eta bost hamarkada bizitakoak publikoaren median. Txoriak txori abesten hasi zen Iruñerriko taldea, a capella, ausart. Bateria, bi gitarra akustiko, akordeoia eta baxua oholtzaren bueltan, ahots gozo eta koro orekatuek lagunduta. Paradisua debuteko diskoko ‘Lekukoa’ kantuarekin ere animatu ziren. Oso zaila da abesti horren exekuzioa, sarreratik estrofara tonoz aldatzen baita, irrist egiteko aukera sortu gisa horretara. Baina bikain egin zuten.

‘Ahotsak altxatzen’ abestia etorri zen segidan, matxismoaren aurkakoa eta feminismoa aldarrikatzen duena, ahotsa altxa zuten emakumeei eskainia. Luar Alberdik abesten du hori, taldeko emakumea bera eta gainerako taldekideek pauso bat atzera eman zuten erabateko protagonismoa Luarri emanaz. Hogeita bost minutu zeramatzatela bukatzear zirela esan zuten, baina plazer hutsa izan zela nahiz eta sanfeminetatik atera zituzten. ‘Balantzaren Jokoa’ beren bigarren diskoaren irekiera kantua jo zuten jarraian, reggaea eta rapa uztartzen dituzte bertan, baina oso berezia da. ‘Atzoko gai bera’ jo zuten bukatzeko, ‘Hamabost segundu’ diskokoa, oraindik ere presoen aferan dauden hainbat egoera agerian uzten dituena. Keinu polita emanaldia bukatzeko.

Eireren txanda etorri zen segidan eta 18:55ean hasi ziren ‘Agur esateko’ kantuarekin. Zumaiatik datozela esan zuten beren buruaren aurkezpenean, hiru kantu propio dituztela eta bertsioak ere eskainiko zituztela kontatu zuten. Multzo horretatik l ehena Lana del Reyren ‘Summertine sadness’ izan zen. Segidan mashup bat osatu zuten Berri Txarraken ‘Gelauneria’, ABBAren ‘Dancing Queen’, Chill Mafiaren ‘Barkhatu’ eta Betizu taldearen ‘Lokaleko leihotik’ kantuak uztartuz. Publikatu gabeko abesti bat ere eskaini zuten, pop elektroniko estiloan egina, irailean argia ikusiko duena. Publikoa, ordea, Hertzainaken ‘Ta zer ez da berdin’ klasikoaren moldateka batekin poltsikoratu zuten, dreampopera eraman zuten Gasteiztarren abesti puska. Abenduan kaleratu zuten ‘Bihar nola’ beren lehen kanta etorri zen segidan eta kantuak beren logelan sortzen dituztela eta honi maitasun berezia diotela aipatu zuten, agurtzeko ‘Amaitu baino lehen’ joz.  Oraindik heldu gabe dagoen proposamena da Eirerena, baina programazioetan-eta lan handia egina dago. Hasiberriak dira eta bidea dute aurretik; hala ere publikoa pozik utzi zuten.

Manu Chaoren unea

Duela 32 urte izan zen azkenekoz Arrasaten abeslari paristarra eta Euskal Herriko azken aldia, duela zazpi urte izan zen, Lizarran. Lleidako Cotton Cluben izan zen aurten azkenekoz harik eta gurera etorri arte eta han eskainitako kontzertuaren oso antzekoa eman zuen Arrasaten ere. Hirukotea atera zenerako fosoa ere beteta zegon eta anfiteatroaren bueltan eta inguruko zelaietan ere gehienak zutik ziren. Txalo zaparradarekin hartu zuten hirukotea bertaratutako 2.500 ikusleek. ‘Vecinos en el mar’ kantuarekin hasi eta etenik gabe ‘Ekivokada vida’ etorri zen, ‘Inna Reggae Style’ disko berrian jasota dagoen kantua. Iada jendea abesten hasia zen eta, segitzeko, «Próxima estación esperanza esan» eta ‘Tantas tierras’ kantatu zuen Manu Chaok.

Programazioak, bongoak, gitarra akustikoa eta gitalelea, horrekin bete zituzten ikuskizunaren bi ordu eta ia erdiak, hiru ahotsetara abestuz ia kantu guztietan. Gitalelea jotzen duenak eraman zuen erritmoa bonbo elektronikoarekin kontzertu guztian eta hark sartzen zituen hainbat soinu ere. Jendeari hartu-emana eskatu zutenero erantzuna jaso zuen taldeak, publikoa bero zen eta dantzan ere ari ziren asko eta asko. ‘Me llaman calle’ 2007ko ‘La Radiolina’ diskokoa eta ‘Me quedé contigo’ kantuekin batera, ‘La vida tómbola’ nahastu zuten jarraian. Errepika itsaskorrak sortzen ditu eta behin eta berriz abesten dituzte, hala, publikoak ikasi egiten zituen eta abestu ere bai bukaerarako.

Oinarrian bizpahiru akorde progresio izan ziren zuzenekoan jarraitu zituztenak, baina hitzak jarrita auskalo zenbat abesti bihurtu ziren guztira. Kateatze oso luzeak egin zituzten eta ‘Huelga de amores’-ekin ere hori egin zuten. Orduerdi generaman eta sentsazioa zen hiru kanta eskaini zituela, inprobisaziorako tartea ere hartzen zutelako. ‘Eu beije sol’ kantuarekin maiorretakoak bukatu eta minorretara pasa ziren ‘Libertad’ jotzean. ‘El tren se fué’-k segi zion eta berriz ere aipatu zuten «Proxima estación esperanza», disko bati izena ematen dion esaldia. Abesti horren bukaeran tempoa azkartu eta lololoka jarri zuten jendea lehenengoz, baina momentu hori asko errepikatuko zen, gehiegi ere bai akaso. Txalo zaparradaz zaparrada ibili ziren abestien bukaera bakoitzean Manu Chao eta konpainia.

Dena dela, halako sentipen bat sortzen zuen ingurura begiratu eta adinez aurrera doan jendea dantzan eta sekulako martxan ikustea. Aristerrazun erromeria jendetsu bat izango balitz bezala sentiarazten zuen bertako giroak. Trikiaren ordez gitarrak eta panderoaren ordez bongoak, erritmo kutxaren bonboa gisa berean jotzen du askok trikiti munduan ere. Fandango eta arin arinen ordez, reggaea eta rumba eskaini zituzten Manu Chao eta bere musikariek. Aiako auzoko erromerien denboraldia bukatu eta bi astera reggaerromeria izan zela esan genezake Arrasateko Monterron parkekoa. Kantu maiorrak eta minorrak, fandango eta arin arinak balira bezala, orain bat eta gero bestea.

Eten oso txikiak egiten zituzten kantuen artean, tempoa doitu eta segi. 'Malegria' kantua eta Mano Negraren garaiko 'Mala Vida' klasikoa etorri ziren segidan, nabaritu zen gehienek bazekitela azken abestia. Haizezko instrumentuak «paraparapapa» abestuz ordezkatu zutuzten. 'Mala Vida'-ren gainean 'Mi vida' bukatu arte aritu ziren jolasean. Sentimendu latinoamerikarrari deia egin zion Manu Chaok gero, beti eskerrak eman behar zaizkiela hangoei esanaz. 

Azken zati apoteosikoa

Bloke nagusiei erreparatuz gero, hirugarren progresio aldaketa etorri zen azken berrogei munutei hasiera emateko. ‘Mr. Bobby’ kantuarekin nabaritu genuen hori, gero ‘King of Bongo’ abestiarekin jarraitu zuten. Une horretan, publikotik batek kamiseta bat atera zuen gora, «Las Malvinas argentinas» aldarria zeraman. Minutu horietan behin eta berriz errepikatu zen «lololo» momentua, Fiorenzio Carpiren cover bat zen, ‘Pinocchio (Viaggio in groppa al tonno)’ kantuarena. Tempo aldaketak egiten zituztenez, jendea gora ekartzeko baliatu zuten kantu hori maiztasun handiz. Batzuk bart gauean Gepettorekin amesgaiztoak izatera ere iritsiko ziren, baina umorez hartzen zuten guztia. Lehenengoz agurtu ziren cover horrekin, baina atsedena laburra izan zen eta lehen bisa ‘Clandestino’ klasikoarekin hasi zuten. «¡Viva Zapata cabrones!» esan eta ‘Bienvenida a Tijuana’ etorri zen, Dani Lançaren ‘Vagabundo de las calles’ jotzeko gero. Berriz ere Mano Negraren ‘Mala vida’ kantuaren zatiak eta Pinocciorenak joz dena hankaz gora jarri zuten, jendea benetan ero zebilen dantzan eta oihuka. Hala, bigarrenez oholtza utzi zuten.

Baina gutzi iraun zuen isiluneak, izan ere berriz ere oholtzara atera ziren eta, bukatzeko, ‘Romerito Verde’, ‘Desaparecido’ eta ‘Lágrimas de Oro’ kateatu zituzten tonu berean. Aldaketa txiki bat egin, ‘La Primavera’ joz hasi eta beste mugimendu txiki batekin ‘Me gustas tú’ ereserkia etorri zen. Beno eta Pinoccio ere bai, nola ez. ‘La vacaloca’ alaiarekik bukatu zen kontzertua. Oholtzatik sartu ateran ibili zen bukaeran Manu Chao eta zaletuei lau abesti ere jarri zizkien gailu batetik; Cojón Prieto y los Huajolotes taldearen ‘Carcelero’, Marcelinho de Luaren ‘Tranquilo’, Bob Marleyren ‘Buffalo soldier’ eta La Vieja Trovaren inauterien inguruko abesti bat. 

Festa izugarria izan zen eta alde egin aurretik teknikari bakoitza banan-bana agurtu zuen Manu Chaok eskerrak emanaz, baita jendartean zeuden teknikariak ere, bidean zaletuak ere agurtuz. Berriz ere hartuko du besoak zabalik Euskal Herriak Manu Chao.