Maite Ubiria
Interview
Eneka Barnetche
Baionako Zizpa Gaztetxeko bozeramailea

«Elkarlanean ari gara besta herrikoien alde lan egiten duten gainerako eragileekin»

Eneka Barnetche, Baionako Zizpa gaztetxeko bozeramailea.
Eneka Barnetche, Baionako Zizpa gaztetxeko bozeramailea. (Guillaume FAUVEAU)

Eneka Barnetcheri egokitu zaio aurten, Lukas Hiriartekin batera, Baionako Gazte Asanbladak bultzatzen dituen besta alternatiboen bozeramaile lanean aritzea. Atzo arratsaldean Xina ostatuaren gaineko balkoitik eman zioten hasiera biek Patxa plaza topaleku nagusietakoa duen ospakizun «anitz eta herrikoari». Lehuntzeko gaztearekin mintzatu zen NAIZ, «zirrara berezia» eragin dion irekitze ekitaldiaren aitzin.

Margo zahar zein berriekin bere murruak freskatu dituen Patxa plazan eman duzue hitzordua aurten ere.

Plaza berritua dugu, eta gure aldetik ere aitzinago egiten saiatu gara egitaraua prestatzeko unean. Programazio askotarikoa prestatu dugu, sortzaile ezberdinei plaza emateko asmoz. Nabarmenduko nuke bereziki zaindu dugula ere gure eszenan emazteen presentzia indartzea.

Egitaraua ofizialarekin alderatuta, erran daiteke kolore diferentea atzemanen duela bestazaleak zuengana hurbilduta?

Arrunt. Guk besta euskaldun, herrikoi eta feministak ditugu xede. Baionako besta eredu ofizialak, alde batetik, eredu kontsumista sustatzen du eta, bestetik, ez du behar beste ahalegin egiten, gure irudikoz, besten karietara hirian urtero gertatzen diren desmasiak saihesteko. 'Ez badakizu behar bezala ibiltzen, ez etorri', hori da guk argiki pasatzen dugun mezua. Eremu seguru, euskaldun, goxoa nahi dugu Patxa plazan.

Eraso sexisten aurkako protokoloa onartu zenetik agintarien aldetik mezu irmoagoa entzuten da. Hor aitzinamendurik bada?

Eraso sexisten aurrean aitzinamendua ekarri du talde feministek landutako protokoloak, eta bestak hasi aitzin egiten dituzten formazioak zinez lagungarriak dira. Hala ere, segitu behar dugu mezua argia pasatuz. Zizpa gaztetxearen kasuan ozenki besta feministak aldarrikatzen ditugu.

Gune isolatua da Patxa plaza edo lotura berriak xerkatzen dituzue bertze eragileekin jai alternatiboak hiri barnean hedatzeko?

Azken urteetan azkartu dugu elkarlana gure balioak partekatzen dituzten ostatu eta elkarteekin. Patxoki, Epaiska, Laborarien Xokoa, Patxondo, Biltxoko, Txalaparta, Zuzulu... gero eta jende gehiagorekin auzolanean ari gara eredu alternatiboa denon artean sustatuz. Agian egunen batean gune amankomunean bilduko gara. Ezin da jakin, baina anartean loturak landuko ditugu.