Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Ez gaude ohituta halako musika askea entzutera»

‘Bas(h)oan II’ lana aurkeztu dute Joseba Irazokik eta Beñat Achiaryk. Definitzea «ezinezkoa» da Achiaryrentzat. Izan ere «pieza bakoitzak du bere estiloa». Bide beretik mintzatu da Elkar musikako Andres Camio, ‘Jitu’: «Disko aske bat, disko ero bat, zentzu onean».

Camio, Achiary eta Irazoki, Baionan egin duten agerraldian.
Camio, Achiary eta Irazoki, Baionan egin duten agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Duela sei urte ‘Bas(h)oan’ lana kaleratu ostean, esperimentazioari segida eman nahi diote Beñat Achiaryk, Joseba Irazokik eta Julen Achiaryk, oraingoan laukote formatuan, Oihan Oliarj-Ines gazte zuberotar baxu-jotzaileak haiekin bat egin du-eta.

«2017an grabatu den diskorik zirraragarrienetako bat» bezala definitu zuen Pablo Cabezak GARAn lehen disko hura, Robbie Basho-ren omenez egindakoa. Eta bide berari eutsi nahi izan diote. «Aurreko diskoan erdiak ziren Bashoren kantuen moldaketak. Orain, bat kenduta, gure sorkuntzak dira. Aldaketa handiena hor dago», azaldu du Irazokik Baionan egindako aurkezpenean. «Lotura mantentzeko», disko honetan ere XX. mendeko gitarra-jole estatubatuarraren kantu baten moldaketa sartu dute.

Andres Camio, ‘Jitu’, Elkar musikako kideak gogora ekarri du lehen lan hura, «oso lan bitxia». «Kriston oparia izan zen denontzako. Datarik gabeko disko bat da, denboran geratzen den horietako bat». Orain, 2023an, ‘Bas(h)oan II’ diskoa dator.

«Aurreko diskoan bezala esperimentazioa da oinarria. Disko aske bat, disko ero bat, zentzu onean», baieztatu du Camiok. Bere hitzetan, lan berri honek «bide oso ausartak jartzen dizkigu entzuteko momentuan». Onartu du, entzuleak bere ohiko eskemetatik atera dezakeen musika bilduma baten aurrean aurkitu dezakeela bere burua. «Ez gaude ohituta halako musika askea entzutera. Eskertzekoa da».

Diskoa udaberrian Elkar estudioetan grabatu zen eta «zuzeneko sesio magikoak» izan ditu gogoan Camiok. «Abentura bat», gehitu du Beñat Achiaryk. «Kanturik ez da niretzako abenturarik gabe», zehaztu du.

Achiaryren ustetan, ezinezkoa da diskoa bere osotasunean definitzea. «Pieza bakoitzak du bere estiloa. Diskoa ezin da estilo batean definitu». Gehiegi aurreratu gabe, artzain baten istorio «zinez hunkigarria» edo «esperientzia bitalak, exilioak, gerlako istorioak, nostalgiak» topa daitezkeela baieztatu du Donapaleuko musikariak. «Biziki ederrak dira poemak».

10 abestiz osatutako lana da ‘Bas(h)oan II’ hau. «Prozesu bizi bat, lan handia eskatu duen prozesua eta amaitu ez den prozesua», gehitu du Achiaryk.

Definitzerako orduan, Irazokik ere duela sei urte kaleratutako lana jarri du adibide gisa. «Badago lotura jotzeko moduan, kantei aurre egiteko moduan». Hala ere, nabarmendu du «lau musikariak esparru ezberdinetatik» iritsi direla proiektu amankomun honetara, baina «inprobisazioa» beti izan dela haien guztien ezaugarria. «Espiritu hori aurreko diskoan zegoen eta oraingoan ere bai».