Nerea Lauzirika
Bilbo

Lehen diskoan zenarekin «konektatuta», lan berria dakar Anarik: ‘Giza zarata’

Disko berria kaleratu du Anarik, ‘Giza zarata’. Lehen diskoan zen horretara itzuli da, 27 urteko ibilbidean izandako eboluzioa alde batera utzi gabe. Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean eskainiko du lehen kontzertua, hilaren 16an.

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu du Anarik disko berria.
Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu du Anarik disko berria. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Giza zarata’ diskoa kaleratu du Anarik eta duela 27 urte lehen lana aurkeztu zuen toki berean aurkeztu du ostegun honetan, Bilboko Kafe Antzokian. Hain zuzen ere, azaldu du disko berria grabatzean «bereziki konektatuta» sentitu dela lehen disko horretako Anarirekin. Joan den astean kaleratu zuen diskoa, salgai dago dagoeneko eta eskuragarri ohiko plataformetan.

Hamar abesti dira, banan banan sortuak, lehen diskoan egin zuen bezala: «Kantuak barne arkitektura bat dauka». Orduan bezala, orain arte eutsi duen «erresistentzia estetiko» moduko bat sentitzen duela azaldu du, ondo sentiarazten duena. Izan ere, Anarik uste du berea ez dela musika egiteko modu bat soilik, «musikaren industrian egoteko modu bat» ere badela deritzo.

Ukaezina da zerbaitek desberdintzen duena Anariren musika beste edozein doinurengandik. «Sonidoa» aipatu du, hori izango da agian, duela 27 urte «berria» zena eta orain, ordea, «berritua». Azaldu du gero eta gauza gehiago egiten direlarik, gero eta zailagoa dela berritzailea izatea.

Hitzetan barruan zeramana ateratzeko joera izan du, baina lan berrian kontrako bidea egin du, kanpokoari sartzen utziz. Ez zaio erraza egin, berea sentitzen ez duen eremu batera joan delako idaztera. Izan ere, aitortu du politikoagoa izan dela beti bere eguneroko bizitzan «nire kantu malenkoniatsuetan baino».

«Norberaren azalari buelta ematea, jertseari buelta ematea kendu gabe», azaldu duenez. Hau da, ez da azal berri bat janzten ari gai sozialagoak jorratu baditu ere. Horren berea duen ahots poetikoa mantendu du, beraz.

Abestiak idazteaz Anari bera arduratu da, bakarrik, ohi duen moduan. «Anti-metodoa» ere ohikoa izan dela azaldu du, hots, azken momentura arte abestia bukatutzat ez ematea. Moldaketak eta ekoizpena, ordea, Joaquin Pascualekin egin ditu.

Paco Loco Estudiosen grabatu du lan berria eta nahasketa eta masteringak Martxel Arkarazok egin ditu Garate Studiosen. Anari bera ibili da ahotsean eta gitarran, Mikel Txopeitia baterian eta perkusioetan, Xabier Olazabal ‘Drake’ baxuan, Joaquin Pascual gitarra, piano eta teklatuetan eta Paco Loco elektro-trasteetan.

Diskoaren diseinua eta artea Alots Arregiri enkargatu zizkion. Izenaren aukeraketaren inguruko azalpenak ere eman ditu, Raymond Carverren testu zati batetik eratorritako kontzeptua baita ‘Giza zarata’.

Zuzenekoak

Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean emango du lehen kontzertua, Muarerekin batera, martxoaren 16an. Hilaren 21ean aurkezpena egin duten toki berean eskainiko du emanaldia, hots, Bilboko Kafe Antzokian. Hurrengo egunean Gernikako Lekuek Festibalean arituko da.

Apirilerako beste hiru kontzertu ditu antolatuta, 11n Gasteizko Jimmy Jazzen, 20an Iruñeako Totem Aretoan eta 21ean Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunean.