NAIZ
Baiona

Baionako bestetako indarkeria sexisten prebentzio guneari eraso egin diote

Baionako bestetan indarkeria sexisten prebentziorako ezartzen duten karpari eraso egin zioten ostiralean. Biharamunean elkarretaratzea egin zuten, gertaerak salatzeko.

Indarkeria sexisten prebentziorako Maina guneari eraso egin zioten Baionan.
Indarkeria sexisten prebentziorako Maina guneari eraso egin zioten Baionan. (@VilleDeBayonne)

Baionako Bestetan indarkeria sexual eta matxistaren kontrako prebentzio lana egiten duen Maina zerbitzuaren guneari eraso egin zioten ostiral arratsean, Herriko Etxeak jakinarazi zuenez. Ezezagun batzuek publikoarentzat eskuragarri jartzen den materialea lurrera bota zuten.

Hori salatzeko, protesta ekimena egin zuten larunbat arratsaldean, Udalak, 2032 kolektiboak eta elkarte feministek deituta Reduit plazan, gertatutakoa gaitzesteko.

Maina gunea hainbat elkartek kudeatzen dute, Herriko Etxearen babesarekin, bestetan indarkeria sexista prebenitzeko xedearekin. Profesionalak eta boluntarioak egoten dira bertan, bestazaleei informazioa eman, hezi edo babesteko. Asteazkenetik igandera dago irekita, 16.00etatik 21.00etarako ordutegiarekin.

Itaia mugimendu feministak, berriz, igande goiz honetan egin du elkarretaratzea, Herriko Etxearen aurrean.