
Zenbait eskola ezberdinen jangeletako elikagaiak aztertu dituzte Microfluidics & BIOMICS Klusterraren, Neuropsikofarmakologia taldearen eta Biobizkaiaren artean egindako ikerketa batean. Haurrei ematen zaizkien menuak aztertzean elikadura gomendioak betetzen ez dituztela ondorioztatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileek, izan ere, behar baino gantz, proteina eta sodio gehiago dituzte.
Naiara Martinez Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta irakaslea da. Berak zuzendu du Bizkaiako 10 eskoletako jangeletan egindako ikerketa. Martinezek dioenez, legeak aginduta, eskoletako menuak egokiak izateko diseinatzen dituzte, elikadura ohitura osasungarriak sustatzeko.
Hala ere, ikasketa zentroetan menua ahalik eta osasutsuen egiten saiatzen badira ere, ez dituzte kontuan hartzen haren jasangarritasuna, ezta haurrak platerean uzten dituzten elikagaiak. «Gure helburua zen benetan ematen eta jaten dutenaren diagnostiko bat egitea, aldaketarik egin behar bada, nondik jo jakin ahal izateko», laburtzen du ikertzaileak.
Elikagaien bazterketa
Martinezen taldea Bizkaian dauden bost eskola publiko eta itunpeko beste bostetara joan izan da, bertan eskaintzen ziren menuen konposizioa aztertzera eta zentro bakoitzean ikasten zuten haurren elikagai ohiturak ikustera. Horretarako ikertzaileek jangelak bisitatu zituzten eta platerei argazkiak atera zizkieten, haurrek jan aurretik eta ondoren.
Prozesu hori jarraituz, zer janari eskaini, kontsumitu eta botatzen den aztertu ahal izan zuten. Ikertzaileak nabarmendu duenez, haurrek «zer irensten eta baztertzen duten ikustea, zer eskaintzen zaien ezagutzea bezain garrantzitsua da», izan ere, menua egokia izan arren, platerean elikagaiak uztean balio nutrizionalak kaltetu daitezke.
Ikertzaileek adierazi dutenez, aztertutako menuen %12,2an, plateraren laurdena baino gehiago geratu zen jan gabe. Barazki eta lekaleen kasuan, umeen erdiak baino gehiagok plateraren %25a jan gabe uzten zuen. Horrela, Martinezen taldeak espero zituen emaitzak jasotzean, menuen nutrizio-balioak bilatutakoetara heltzen ez direla ondorioztatu zuen, izan ere, haurrek gomendatutako baino bitamina, zuntz eta burdin gutxiago jaten dute.
Menuen konposizioa
Menuen konposizioari dagokionez, aholkatutako baino proteina, gantz eta sodio gehiago dute. Era berean, karbohidratoak eta zuntza gutxiegi dago jangeletako plateretan. Martinezen arabera, jangeletan ikusitakoa «gizartearen elikaduraren isla da», izan ere, joerak dieta tradizional mediterraneotik urruntzea eragin du.
Horrez gain, azterlanak azalarazi du jangeletako haurrei komeni zaien kaloria-kopurua gainditzen dutela, izan ere, egun osoko energiaren %30a eman ordez, aztertutako platerak %40ko ekarpena egiten dute.
Eskaintzaren jasangarritasuna
Azterlanean menuek ingurumenean duten inpaktua neurtu dute. Zaborretan bukatzen duten umeek baztertutako elikagaiak eragiten duten hondakinaz gain, CO2-emisioak ere neurtzea erabaki dute. Kontuan hartuta CO2 emisio gehiago eragiten dituen elikagaia haragia dela eta menuek proteina gehiegi dutela, Martinezek landare jatorriko proteina jasangarriagoak eskaintzea proposatzen du platerrak egokitzeko.
Bestalde, hondakinak murrizteko ikertzaileak jangeletako menuak umeen gustu eta behar nutrizionaletara egokitzeko eta eguneratzeko beharra nabarmendu du. Horretarako, estrategia ezberdinak martxan jartzea gomendatu du, barazkiak purean eskainiz edota umeek ondo onartzen dituzten animalia-jatorriko jakiak emanez, arrautzak, esate baterako.

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute Pantxoak eta Peiok ‘Azken dantza’

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles
