
Hasi dira EDA Drinks & Wine Campus-ak Gasteizko Lakua auzoan izango duen egoitzaren eraikitze lanak. 5.000 metro karratuko eraikina izango da, lau laborategirekin, zortzi tailerrekin, zentzumen azterketarako bi aretorekin eta bi sukaldaritza tailerrekin.
Ekimen honek beste egoitza bat izango du, Guardian, urtarrilean eraikitzen hasi zirena. Basque Culinary Centerrek garatutako proiektua da, eta Lakuako Gobernuak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sustatu dute.
Basque Culinary Centerren arabera, helburua «edarien eta ardoaren bidez garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatzea» izango da. Horretarako, unibertsitate ikasketak eta master espezializatuak eskainiko dira eta sektorera ezagutza transferitzera bideratutako ikerketa ildoak garatuko dira. Gainera, edariak egiteko instalazio pilotu bat eta izaera esperimentaleko ‘drinks’ bat izango ditu.
Aurreikusitakoaren arabera, lanak 2027ko udazkenean amaituko dira, eta 2027-2028 ikasturtearen hasieran helduko dira lehen ikasleak.
Lanen hasiera dela eta ekitaldia egin da asteazken honetan Gasteizen. Bertan izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Vicente Atxa Basque Culinary Centerreko patronatuko presidentea eta Mondragon Unibertsitateko errektorea eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia.
«Proiektuaren helburua da nazioartean lider izatea prestakuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan, ezagutza, lurraldea eta enpresa integratuz. EDA gune irekia eta dinamikoa izango da etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, talentua bultzatzeko eta ikuspegi global eta jasangarri batetik eragin ekonomiko, sozial eta kultural positiboa sortzeko», azpimarratu du Joxe Mari Aizegak.
Bestalde, Imanol Pradalesek adierazi du Lakuak «sakoneko erabakiak hartzen» jarraituko duela «sektoreak bizi dituen zailtasunei aurre egiteko, bere ahotsa Europara eramanez eta euskal NPB indartu eta deszentralizatua eskatuz».

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Osakidetza administró otros dos tipos de vacunas caducadas; la Fiscalía abre diligencias

Sospechan que el videoportero de Amazon, presente en Euskal Herria, pasa datos al ICE
