
EDA Drinks & Wine Campus eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldiak hasiera eman dio «ardoaren eta edarien sektorean prestakuntza, ikerketa eta garapena sustatuko dituen proiektu estrategikoari», Arabako Errioxa arlo horretako «abangoardian kokatzeko» helburuarekin.
Lakuako Gobernuak, Basque Culinary Center eta Arabako Foru Aldundiaren ardoari eta edariei buruzko prestakuntza-ekimena da EDA Drinks & Wine Campus. Etapa berri bati ekin zaio ostiral honetan, Campusaren egoitzak eraikitzen hasiko baitira. Bertan egon dira Amaia Barredo Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Raul Garcia Guardiako alkatea eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia.
Bere hitzaldian, Barredok nabarmendu du Lakuak «garrantzi handiko erabakiak hartzen jarraituko duela» sektoreak dituen zailtasunei aurre egiteko, «instalazio honek aukera emango digu Arabako Errioxa nazioartean proiektatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta euskal mahastizaintza eta ardogintza sektorea indartzeko».
Hala, Barredok azpimarratu duenez, «hemendik, EDA Laguardiatik, aterako dira Euskadin ardoaren sektorearen eraldaketa gidatuko duten pertsonak. Produktu, zerbitzu eta negozio-eredu berriak garatuko dituzten pertsonak. Eta hemen ezagutza sortuko da, gure sektoreari aukera emango diona lehiakortasuna irabazteko exijentzia handiko une batean, edo merkatu berriak irekitzeko».
EDA Drinks & Wine Campus proiektuaren Guardiako egoitza izango den lursailean jarri dute lehen harria. Eraikinak ekintzailetza sustatzeko «instalazio modernoak, ekintzailetza, prestakuntza-gelak, laborategiak, analisi sentsorialerako guneak, planta pilotu zabal bat eta wine bar bat», izango ditu, eta «asmo handiko Campus baten parte» da; etorkizunean beste egoitza bat izango du Gasteizen. Horretarako, 18 milioi euro inbertituko dira EDAren bi eraikinetan, eta horietatik 10 milioi euro Lakuari dagozkio.
Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia Joxe Mari Aizegak azpimarratu duenez, «EDA Drinks & Wine Campusen obren hasiera mugarri estrategikoa da Basque Culinary Centerrentzat eta edarien eta ardoaren sektore osoarentzat. Proiektu hau prestakuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan nazioarteko erreferente bihurtzeko asmoz sortu da, ezagutza, lurraldea eta ardoaren eta edarien sektorea lotuz».

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

Josu Urrutikoetxea recibe amenazas en Angelu con un lema de la Guardia Civil

Cisma en el Alarde: dimite el general por la reacción machista a la denuncia de la cantinera

Dimite la alcaldesa de Santurtzi «para no perjudicar la imagen del PNV»
