JUL. 26 2025 - 12:23h Adimen artifiziala espiritu kritikoarekin erabiltzea gomendatu dute Euskal Encounterren Euskal Encounterreko adituek baieztatu dute adimen artifiziala lana, harremanak eta kultura eraldatzen ari dela. Erabilera akritikoaren arriskuez ohartarazi dute. Aholkatu dute inoiz ez fidatzeko, ezin baduzu berrikusi. «Kontua ez da kopiatzea, eraldaketak eta ekarpenak egitea baizik», erantsi dute. Euskal Encounter egun hauetan egiten ari da Barakaldoko BECen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) NAIZ Adimen artifizialak (AA) duen potentzial eraldatzailea nabarmendu dute hainbat adituk Euskal Encounterren. Erabat «demokratizatua» dagoenez, prestakuntzarik eta espiritu kritikorik gabe erabiltzeko arriskua dagoela esan dute, eta AAn trebatzeko premia nabarmendu dute. Defendatu dutenez, hala egokituko gara «gero eta digitalagoa, hibridoagoa eta azkarragoa» den mundu batera, bai arlo profesionalean, bai pertsonalean.Adrian Bertol Euskaltel–DigitalMasOrange enpresako kideak ziurtatu duenez, adimen artifiziala ez da soilik lan egiteko modua aldatzen ari, gure harremantzeko eta ikasteko moduan ere eragiten du. Etorkizuna baldintzatuko duten joeren artean, aipatu du zereginak modu autonomoan egiteko gai diren agente adimendunak orokortuko direla, baita adimen artifiziala duten gorputz fisikoak ere. Iragarri duenez, gizakien eta adimen artifizialaren arteko hibridazioa gertatuko da hemendik urte gutxira.Adimen artifizialaren mitifikazioari dagokionez, «atzean ez dago magiarik, algoritmo estatistiko oso konplexuak baizik», argitu du Bertolek. Horregatik, garatzaileek zein erabiltzaileek arduraz jokatu behar dutela esan du, teknologia horren mugez, joerez eta balizko inpaktu etikoez jabetuta. «Adimen artifiziala tresna ahaltsua da, eta, edozein tresna bezala, ematen diogun erabilerak garrantzi handia du». Kontua ez da kopiatzeaMoviltik-eko Jose Luis Ronceroren iritziz, adimen artifizialak benetako iraultza ekarri du kultur sorkuntzaren esparruan, ezagutza tekniko aurreratuen beharrik ez baitago produkzio-erremintak erabili ahal izateko. Sormenaren demokratizazio horrek aukera ematen dio edonori edukiak sortzeko, diseinuan, musikan edo narratiban aditua izan gabe. «Eraldatzaileena ez da bakarrik AAk egin dezakeena, baizik eta edozeinek egin dezakeela», adierazi du.Teknologia horiekiko beldurraren aurrean, Roncerok ikuspegi kritiko eta eraikitzailea aldarrikatu du. Gakoa ez da tresna baztertzea, nola erabili ikastea baizik. «AAk gure lana hobetzen, zeregin errepikakorrak gainetik kentzen eta ideia berriak sortzen lagun diezaguke, baina betiere elkarrekintza aktibo eta kontziente batetik abiatuta». Gakoa da «emaitza pasiboak ez eskatzea, baizik eta tresnarekin hitz egitea eta zeure eremura eramatea, zurekin zerikusia duen zerbait eraikitzeko. Kontua ez da kopiatzea, baizik eta eraldaketa eragin eta ekarpenak egitea», azpimarratu du.Borja Balparda Data Value Management enpresako kideak azaldu duenez, adimen artifiziala laguntza-tresna gisa erabili behar da, inoiz ez giza ezagutzaren ordezko bezala. Honako aholkua eman du: «Ondo ulertzen dituzun gaietan erabili soilik. Ematen dizun emaitza ezin baduzu baliozkotu, ez fidatu itsu-itsuan. Beti beharko dugu irizpidea duen norbaiten berrikuspena».Euskal Encounter 33 dozenaka jarduera hartzen ari da, sormen digitala, hardwarea, software librea, bideojokoak, streaminga eta aisialdiko ekintzetako lehiaketak barne. Jende andana biltzen ari da Opengunean, stand teknologikoak bisitatzeko eta doako hitzaldi eta tailerrez gozatzeko. Larunbat hau izango da prestakuntza eta entretenimendua uztartzen dituen gune horretaz gozatzeko azken eguna.