Sustrai Colina
IRITZIA

Bakardadeaz

S.apurgarria,

Baionako karriketako gaurko euforiarik ba al da zugan? Ausartuko al zara noizbait barruan daramazun mezu sekretua boz gora irakurtzera? Ezagutzen zaitut, nahiagoko duzu erantzun Louisa Yousfiren “Barbaro iraun”ek astindu zaituela edo Iduzkilore antzerki taldearen “Ihesi” ikusi nahian zabiltzala. Ez zara ihesi dabilen bakarra. Muga igaro nahian jarraitzen dute migratzaileek (baina kamerak traktoreei begira daude). Lau hiritarretik hiruk uste dute turismoak kalte handia egiten diela. Memoriaren aldeko manifestazioari oldartu zaio Polizia. Atxiloketak izan dira zure sorterrian. Ondoko herriko frontoitik Euskal Herriko armarria ezabatzeko agindu du epaileak. Ihesi norbere herrialdetik, ihesi norbere hiritik, ihesi memoriatik, ihesi Poliziatik, ihesi errealitatetik. Ertzaintzak foam jaurtigaiez jo eta begirik gabe utzi zuen gaztea liskarretan parte hartzen ari zela dio barne-sailburuak. Bortxatu zuen emakumeak gona motza zeramala zioen bortxatzaileak. Ihesi arduretatik, ihesi egiatik. Bakoitzak aste santurako dituen asmoen berri eman du parkean. Pelikulak bezala gomendatzen dira antsiolitikoak. Ihesi errutinatik, ihesi norbere baitatik.

Lan egitea zuretzat denbora hartzearen antzekoena izan litekeela komentatu dizu N.k. Ez dakizu noiz arte jarraitu ahal izango duzun gauza bat esan eta kontrakoa egiten, zeri utziko diozun lehenago, zure printzipio teorikoak oroitarazteari ala praktikaren zingiran lokazteari. Jakitun zara gogorarazpenak ez dakarrela frustrazioa besterik eta, hala ere, lasaitu egiten zaitu zure kontraesanaren jabe izateak. Nork esango zizun kontsentsuaren bilaketa erradikaltasuna baino deserosoagoa egingo zitzaizula? Barre egin zenuen J-ri “gizon feminista bat bezain faltsua” aditu zenionean. Barre egiten dut gogoa bihurritu gabe bizi nahi zenukeela entzuten dizudanean. Sendotasun bila ibiltzeak egiten zaitu apurgarri, ez nik bi astez behin halakoa zarela azpimarratzeak. Ez naiz ezer asmatzen ari, nahita ekarri dizkizut N. eta J.ren aipuak. Bakarrik sentitzen zarenean jotzen duzu besteengana. Besteekin zaudenean sentitzen zara bakarrik. Azken aldian nekearekin gero eta maizago isurtzen zaizun tristurak zein euforia antzeztuak galdera ikur bakarra dute: nola ihes egiten zaio bakardadeari? Horixe da, agian, barruan daramazun mezu sekretua.