Jon Jimenez
LITERATURA

Oren gorenez

Mundu-ikuskera oro gizakiaren irudi batetik, antropologia batetik, abiatzen da nahi eta nahi ez. Joxe Azurmendiren obra guziaren atzean bada ideia bat zeinetan gizakia animalia bezala ulertzen den eta, errinozeroak adarrak nola edo kameleoiak kolorez aldatu nola, gizabereak bere burua egiteko askatasuna duen ezaugarri behinena.

Denbora zatikatu dugu, orainaldi infinitutik askaturik gara eta, ondorioz, ez-izateak definitzen du gure izaera: jada ez garena (memoria) edo oraindik ez garena (ametsa). Bide-buru horretan kokatzen ahal dugu Stefan Zweig (Viena, 1881) idazle handia. Baita askatasunaren aldarrian ere.

Hori guzi hori “Gizadiaren oren gorenak” (Katakrak) liburuan aurkitzen ahal dugu islaturik hobekien. Bi mundu gerren artean idatzi zuen Zweigek, hasieran bortz pasarte historiko erranguratsu bildu zituelarik eta, azkenerako, 1940an, 14ra luzatu zuelarik. Azurmendik ez bezala, idazle, biografo eta bakearen aldeko ekintzaile izandako Zweig judu-austriarrak modernitatean bazuen oraindik halako fede bat. Hiroshiman bonba

atomikoa jaurtitzeke zen eta, urteak naziengandik ihesi, Azken Soluzioa delakoa baino hilabete lehenago egin zuen bere buruaz bertze Brasilen.

Zweigen beraren bizitza eta amaia izanen zenaren aieru moduan irakurri behar den pasartea da liburua irekitzen duen Marko Tulio Zizeronen thriller politikoa. Julio Zesarren estatu-kolpearen ostean, deserriraturik eta etsirik, politika pentsamenduak eta idazketak ordezturik, Erromako errepublika zaharrean oinarrituriko askatasuna buruan. Honen atzetik etorriko dira thriller politiko gehiago, setio eszenak, itsas guduak, inperioen goratze eta galerak, abentura istorioak… interludio literario eta musikatuez mozturik. Ia mundu osoko kokapenak erakusten badizkigu ere, gizadia arras mendebaldarki eta gizonki pentsatu digu Zweigek. Eta, hala ere, historia literatura bihurtzeko duen sen bereziak gatibu mantentzen gaitu orri-iragate bakoitzean, jakin-gosez.

Ikusten dugu nola bazterreko ekintzek gerora izan duten eragina eta, halaber, ekintza

historiko handi orok izan duela bere sabelazpia, zeinetan pertsona arrunten lepo geratzen den azken erabakia. Hala ikasten diogu Zweigi, ideia handi-mandiek baino eragin handiagoa izan dutela gizatiarragoak diren zioek: botere nahia, diru gosea, handiustea, hilezkortasuna edota, apaletan apalena, ahal dela onik eta bizirik ateratzea. Bat-batekotasunak, zoriak eta ustekabeko jenialitate txinparta batek aldatu zuten gure etorkizuna, “Gizadiaren oren gorenak”-ek gure iraganaren eta, apika, gizakiaren beraren hautematea aldatuko duen bezala.