«Musika arma bat da, eta alaitasuna, borrokatzeko toki bat»
Xabi Solano Maiza eta Jon Garmendia «Txuria» Hernaniko Andrekalen, duela hogeita hamar urte elkar ezagutu zuten tokian. Bat Esne Beltza taldearen aurpegi bistakoena; bestea, gutxien ikusi izan dena. Solanok oholtzan ahotsez eta trikitiaz defendatzen ditu Txuriak jositako letrak. Biek xaxatzen dute herria elkarrekin; jaitik, aldarrikapenetik, pozetik.

Hernaniko Andrekale ez da duela hogeita hamar urtekoa. Adokin berriz jantzitako kale zaharra da, eguerdi jendetsuetan lagunarteko solasaldiak zelatatzen dituen kale bizia eta asko bizitakoa. Xabi Solano eta Jon Garmendia ‘Txuria’ ere ez dira orain hogeita hamar urtekoak, baina orduan topatu zuten elkar Andrekalen eta geroztik alboan egin dute bidea. Dena hasi zen tokira egin dute buelta 7Krekin. Buelta hitza oso serio ahoskatu beharra dago kasu honetan, hogeita hamar urte horietatik hogei Txuriak herritik aparte eman baititu; kartzelak, sasiak eta erbesteak arrastaka eramanda. Herritik aparte emandako urteak zenbakietan ez dira kabitzen. Andrekalen behera, ‘aspaldiko’-ak -egiatakoak-, ezuste aurpegiak eta besarkadak. Gure herria hutsuneetara ohitutako herria izan da denbora luzeegian. «Ez hinduan hemen espero».
Lagunak eta sortzaile lagunak dira Solano eta Txuria. 250 abesti baino gehiago neurtzen ditu beren laguntasunak, horietako asko Esne Beltzarenak. Horren aurrekoak dira Etzakit, The Solanos, 4 Itzal eta Xabi Solanok bakarka egindako proiektuak. Esne Beltzak 18 urte dauzka, zortzi disko eta ehunka plaza. Otsailaren 1ean esango du agur Bilboko Miribilla auzoko Bizkaia Arenan, lagunarteko festa eder batekin. Sortzen jarraituko dute Solanok eta Txuriak, baina beste toki batzuetatik. Toki berri horien mira dute.
1995. Buelta horretan hasi zineten elkarrekin. Nor zen orduan Xabier Solano eta nor Jon Garmendia?
[Xabi Solano] Ni gaztetxo bat nintzen, trikitixa txapelketetan zebilena. Justu Munduko Trikitixa Txapelketa irabazi nuen 1995ean Italian. Hura pasa eta gero, txapelketak utzi nahi nituela erabaki nuen, beste zerbait egin nahi nuen. Jon Mari (Beasain) eta biok erromeriatan jotzen ibiltzen ginen garai hartan. Geroxeago batu zen gurera Ander Barrenetxea ere. Ereñotzuko gaztetxo bat nintzen, musika maite zuena. Gehienbat trikitixaren munduan ibiltzen nintzen; Aizterrazun, Oialumen… Hernanira ere gustura joaten ginen Ereñotzuko kuadrilla eta bertan, Jarkin, ezagutu nuen Txuria. Gu orduantxe Hernaniko mugimenduan sartzen hasiak ginen, Ereñotzutik etorrita kuadrillan. Zerbait handia zen guretzat.
[Jon Garmendia] Nik militantzian sinisten nuen. Pentsatzen nuen boluntarioki zerbait egin behar genuela herri hau beste norabide batean jartzeko. Urte ilunak ziren, fabrikak ixten ari ziren, langile asko kalean, industria krisia… guk gazte mugimenduan militatzen genuen, hor ikusten genuen gure burua. Ikasle garaian Gasteizen egona nintzen unibertsitatean eta orduan etorri berri nengoen Hernanira. Maite nuen idaztea eta bertsoak ere maite nituen, baina autodidakta izan naiz horretan, ez naiz bertso-eskolan ibilia. Herriko tabernan asko egoten ginen. Giroa ez zen samurra, atxiloketak etengabeak ziren eta errepresioa latza. Horri erantzun beharra zen gure kezka. Hernanik herri bezala preso asko zituen, beti hogeiko lerro horretan, gerora gainditu duena. Oso herri konprometitua zen eta gu, gazteak, bide beretik. ‘Jaia bai, borroka ere bai’ zen orduko leloa eta biak egiten genituen. Giro hartan elkartzen ginen Jarki tabernan eta han ezagutu nuen Xabi. Gogoratzen dut gaztetxo, nigana gerturatzen. ‘Hi bertsolaria haiz, ezta? Nik kanta pila zeukaat’. Eta ni, ulertu ezinda, ‘nola kanta pila?’. ‘Bai, kristoren pila’, bere erantzuna. Eta pentsatu nuen, ‘ño, gaztetxo hau…’. Artean ez zituen 18 urte. Gustatu egin zitzaidan bere ausardia, zer nahi zuen garbi zeukala iruditu zitzaidan eta konexio ona izan genuen.
Talentudun gaztetxo bat ezagutu zenuen. Ereñotzutik Hernanira eta Ereñotzutik mundura abiatu nahi zuena. 30 urte geroago, hori esateko moduan zarete.
[J.G.] Ereñotzu herri txiki bat da, nortasun handikoa bere txikitasunean. Baserri mundua oso gertu bizi du. Ni ere baserri batetik nentorren, Urnietatik. Hor badugu biok lotura estu bat, bi baserritar musika egin nahi zutenak. Berak sekulako talentua zeukan musika sortzeko eta nik musika hori hitzekin jantzi nezakeen. Baina, atzera begiratuta, bai ikusten ditut bi baserritar sortzeko gogoz eta mundura ateratzeko gogoz. Esne Beltzak Japonian jo izan duenean edota New Yorken puntako ekoizleekin grabatzen aritu denean, poza hartzen dut nik eta Jarkin elkar ezagutu genuen baserri giroko bi gazte horiek ikusten ditut. Klase sozialak, herritartasunak, euskarak... horiek denek lotzen gaituzte, baina bereziki gure baserritartasunak.
[X.S.] Ni oso mundu tradizionaletik nentorren eta horrekin hautsi egin nahi nuen. Trikitixarekin beste zerbait egin nahi nuen, nire relax gunetik atera eta gauza berriak ikasi nahi nituen. Behar hori neukan.
Etzakit taldearekin eman zenuten lehen saltoa beste oholtza klase batera. Gero beste batzuk eman dituzue, anitzago eta urrunago. Baina beti izan duzue presente nondik abiatu zineten.
[X.S.] Bai, beti daukat oso presente zergatik hasi nintzen. Nire ustez, musika arma bat da eta hori ez dugu sekula ahaztu behar, eta iruditzen zait Euskal Herrian hori ahazten ari garela azkenaldian. Zerbait sortzen denean zerbaitengatik sortzen da. Nik horrela ikusten dut. Hala ere, hasiera horietan oso mundu tradizionaletik nentorren eta sakrilegio bat zen gitarra bat sartzea trikitixari, bateria bat… Eta nik horrekin hautsi nahi nuen. Nik garai hartan Kortatu, Barricada, Negu Gorriak entzuten nituen, oso-oso zalea nintzen eta trikitixarekin horrelako zerbait egin nahi nuen. Etzakit trikiti talde bat zen eta hori ezohikoa zen. Trikitilari bikoteak ziren nagusi, soinua eta panderoa. Etzakit beste gauza bat zen, talde bat zen eta musikari denek zuten bere garrantzia. Hasieran Jon Mari, Ander Barrenetxea eta ni hasi ginen. Gero batu ziren taldera Aitor Zabaleta eta Txuria. Gure artean talde giroa zegoen eta talde bezala aurkezten ginen jendearen aurrean. Hori zen berritasuna akaso.
[J.G.] Etzakitekin gauza berriak etorri ziren musikaren arloan, baina baita hitzetan ere. Aldarrikatzaileak izan nahi genuen. “Zergatik ez” abestiarekin, adibidez, sexu harreman anitzen eta askeen alde kantatzen genuen; ‘neska-mutil, neska-neska, mutil-mutil… ez da bakarra aukera’. Sekulako egurra eman ziguten. Garai hartan oso jendarte zurrunetik eta mugiezinetik gentozen eta nabari egiten zen. Sexu askea aldarrikatzen genuen, orduan bezala orain. Garai hartan gure gizartea oso homofoboa zen eta txantxa giroan, baina komentario asko egin zizkiguten kantu horren harira.
Etzakitek egiten zuen dena sakrilegio bat zen askoren begietara; batetik, trikitixa mundua haserretu zen soinua beste doinu eta erritmo batzuetara eramateagatik, eta kantatzen zituen hitzek ere sortu zuten zalaparta. Gauza asko eta batzuk ez oso atseginak entzun behar izan genituen.
Kritika mingarriak jaso zenituzten. Baina, parean, betiko fideltasuna eskaini dizueten zaleak piztu zenituzten. Oraindik askotan eskatzen omen dizuete Etzakit buelta dadila.
[X.S.] Bai, proposamen asko jaso ditugu berriz bueltatzeko. Egia da kritika dezente jaso genituela, ondo gogoan dauzkat. Baina aldekoak ere izan genituen. Eta lehen aipatu dugun “Zergatik ez” abestiarekin gauza oso politak gertatu zaizkigu. New Yorken jo genuen Etzakitekin eta Euskal Herriko LGBTI kolektiboko jendea hurbildu zen kontzertura. Eskertu egin ziguten abesti hori.
Txuria, beti idatzi izan duzu nahi duzuna? Sentitzen duzuna?
[J.G.] Bai, hasieratik askatasun osoa izan dut nahi dudana idazteko eta asko eskertzen diet taldekoei hori. Askotan abestiak Xabirekin elkarlanean idatzi ditut, bera ondoan nuela. Ni nire gauzekin, poemak idazten, bera alboan gitarrarekin, doinuak jartzen. Guk nahi genuen gu izan eta guk esan. Eta hori lortu egin dugu.
[X.S.] Uste dut gu ez garela inoiz saltzera joan. Musikalki egin nahi genuena egitera eta mezu bat ematera joan gara. Hori izan da gure helburua beti. Musikari dagokionez ere barruan neukana atera zait. Estilo guztietako musika egin dut, estilo guztietako musika entzuten dudalako. Ni ez naiz estilo batera mugatu inoiz. Edozein musika, ondo egina baldin badago, niri gustatu egiten zait. Eta garbi daukat beti dagoela zer ikasi estilo batetik edo bestetik. Musikan daramatzadan urte hauek guztiak ikasteko baliatu ditut; musika estilo desberdinetan murgildu eta horietatik zerbait ikasten saiatu.
Hortik abiatuta, askatasun osoa izan dut egin nahi nuena egiteko. Ez diot mugarik jarri nire buruari. Eta, bestetik, letretan beti izan dut konfiantza osoa Txuriarengan. Beti sentitu izan dut berak letretan kontatuko zuenak bat egingo zuela nire mundu ikuskerarekin. Konfiantza itsua izan dut horretan. Asko hitz egiten dugu beti, gai desberdinei buruz, asko partekatzen dugu. Hortik dator konfiantza. Eztabaidak ere izan ditugu, ikuspuntu desberdinak gauza batzuei buruz. Baina beti hitz eginda iritsi gara puntu komun batera.
Eztabaidak ere bai, beraz.
[X.S.] Nik batzuetan hitz konkretuen gainean izan dut zalantza. Zenbait hitz ez zirela nik janzteko modukoak sentitu izan dut. Nik gauzak beste modu batera esaten ditudalako. Esan nahi dugun horretan ados egon arren, nik abesteko orduan sentitu behar dut nik esango nukeen bezala ari naizela, eroso sentitu behar dut hitz horietan.
Konplizitate handia sumatzen da.
[X.S.] Sortzaile lagun izan aurretik, lagunak gara eta horretan sekulako leialtasuna daukagu. Hortik dator konplizitate hori. Ni gustura sentitzen naiz Txuriaren ondoan, lasaitasuna transmititzen dit. Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta hori ederra da elkarrekin lan egiteko orduan. Batzuetan galdetzen dute kanta bat zeinena den, letrak egin dituenarena edo plazan kantatzen dutenena. Ez nau kezkatzen horrek. Gure kanta asko dagoeneko herriarenak dira eta hori da abesti batek izan dezakeen gailurrik altuena.
Artistak oholtzan ikusten ditugu, fokupean, elegante. Baina prekaritatea sekulakoa da. Esne Beltza ere ez da musikatik bakarrik bizi.
[X.S.] Hamabost urte nituela musika irakasle hasi nintzen lanean eta ez dut utzi. Aurretik beti jarri izan dut lana. Ikusi izan dut askotan musikatik bizi den askok musika lan bezala hartu dutela eta nik horrela ezin dut sortu, askatasun gehiago behar dut, gozatzeko aukera gehiago, derrigortasunik gabe. Horregatik hartu dut beti musika nire zaletasun bezala, bigarren lan bezala, askatasunez aritzeko eta gozatzeko. Txuriarekin elkartzen naizenean ez naiz lanerako elkartzen, ondo pasatzeko eta gozatzeko baizik. Hala ere, ederra litzateke erakundeen aldetik kulturak eta sorkuntzak laguntza gehiago izango balute, askatasun gehiagorekin aritzeko aukera izango bagenu, derrigorrez beste lan bati lotuta egon gabe. Hori ere egia da.
Musika arma bat dela diozue. Esne Beltza bada horren adibide, Txuriaren poesia herriko plazetara eramatea lortu duzue.
[X.S.] Niri lagun handi batek esan zidan, ‘ikaragarria da, egin zenuten kantu hura dagoeneko ez da zuena, orain herriarena da’. Niretzat hori punta jotzea da, zure kanta bat herriarena bihurtzea. Hori da izan dezakezun arrakasta handiena.
[J.G] Nik hor hautua egin nuen. Idatz dezaket poesia-liburu bat nire lanak argitaratzeko, baina justuki aldarrikatzen dut idazteko forma bat dela musika. Musikan idazle izatea idazle izatea da. Bob Dylani Literaturako Nobel saria eman ziotenean batzuek zalantzan jarri zuten sari hori merezi ote zuen. Zalantzarik gabe. Bere letrak jende askoren leitmotiv-a izan dira, eguneroko bizitzan topatu duten helduleku bat. Baina jende askok ez ditu parean jartzen. Askotan berrehun orrialdeko eleberri bat irakurri eta jende askok ez du esaldi bakar bat ere gogoratzen. Kantu bateko esaldi batek, aldiz, jende askori bizitza ekarri dio, barruan iltzatu zaio. Hori ez bada literatura, etor dadila norbait eta azaldu dezala.
[X.S.] Hori ni bizitzen ari naiz orain Fermin Muguruzaren birarekin. Jende askoren bizitzako soinu banda da, barruan dauzka abesti horiek. Horrek asko mugitzen zaitu. Izugarria da musikak egin dezakeena ikustea oholtza baten gainetik.
1996-2025. Herria aldatu da, dezente. Eta garai bakoitzean herriari hitz desberdinak josten zaizkio. Herria irakurtzen jakin behar da herriari abestiak emateko, ezta?
[J.G.] Zalantzarik gabe. Jakinda, gainera, aldi bakoitzean talde bat izan dela eta talde bakoitzak gauza desberdina eskaini duela; Etzakit, The Solanos, 4 Itzal, Solano bakarka, Esne Beltza... Badira Etzakiten garaitik jarraitzen diguten zale fidelak eta badira proiektu bakoitzaren zaleak. Baina Euskal Herria aldatu egin da, asko. Adibidez, “Presoak Euskadira” kantatzen genuen, ‘herriko seme direnak’ kantatzen genuen... orain ‘Euskal Herrira’ esaten dugu eta ‘herriko seme-alabak’ esaten dugu. Herria aldatu egin da eta gu ere aldatzen joan gara. Xabik niri asko lagundu dit, gidatu egin nau. Berak defendatu du eszenatokian gure proiektua, gure hitzak; berak hartu dio tenperatura herri horri, joan da herri horren garapena ikusten. Eta ez bakarrik hemen, Euskal Herritik kanpoko artista askorekin ere bildu da Xabi, Esne Beltza maite dutenak euskara jakin gabe. Euskal Herritik kanpo ere baditugu zaleak. Adibidez, orain dela gutxi Berlingo jarraitzaile batek idatzi digu esanez gure hitzak ulertu nahi zituelako ikasi duela euskara. Hori izugarria da.
[X.S.] Adibidez, El Canijo de Jerez artistarekin grabatu genuenean, berak gazteleraz abestu zuen. Nik, adibidez, nire burua ez dut ikusten gazteleraz abesten; disko guztietan euskaraz kantatu dut. Egurra eman ziguten orduan, euskal talde bat ginela eta gaztelerazko hitzak sartu genituela... Geroago, adibidez, Chambaoko La Marirekin kolaborazio bat egin genuen eta bera euskaraz abesten tematu zen. Eta izugarri ondo egin zuen.
Nola kudeatzen dira kolaborazio horiek eta hizkuntzaren erabilera?
[X.S.] Nik beti esan izan dut baten bat nirekin elkarlana egitera etortzen denean bere hizkuntzan egitea nahi dudala. Eta ni kolaborazioak egitera joan izan naizenean, euskaraz egin izan dut beti. Ni euskaraz naiz. Nik abesteko orduan kantatzen dudana sentitu egin behar dut eta euskaraz sentitzen dut. Gazteleraz ez da gauza bera, emozioa desberdina da. Norbere hizkuntzak norbera egiten du. Ni Xabi Solano naiz euskaraz. Eta ulertzen dut artista guztiek daukatela lotura hori beren hizkuntzarekin. Gurekin kolaboratu duten artistei beti eman diet askatasuna eta niri ere hala eman didate kanpoan aritu naizenean.
2005. Urte klabea zuretzat, Txuria. Herritik alde egin behar izan zenuen. Gerora, herri bihurtu zaizu deserria, aitortu duzunez. Baina nola kantatu herriari herritik urrun zaudenean?
[J.G.] Hori oso zaila egin zait. Askotan galdetu izan didate ea zergatik nire abestietan ez dudan gehiago nabarmendu deserri hori. Ez dut egin banekielako nire errealitatetik egingo nuela eta ez niola emango abestiari behar zuen dimentsioa. Nik askotan Xabiren musika hartzen dut eta horrek zerbait ireki egiten dit, bide bat herriari kantatzeko. Nire errealitatetik eta zirkustantzietatik harago, herriari kantatzeko beharra izan dut beti. Umetan Xabier Lete eta Lourdes Iriondo irakasle izan nituen eta sekulako suertea izan zen guretzat. Eklosio handi bat gertatu zen Ez Dok Amairurekin; protesta-abestiak egiten zituzten, aldarrikatzaileak, herriaren minez kantatzen zutenak... Ni kartzelan edo erbestean egon naiz, baina herriari ezin diot kantatu beti toki horietatik, bestelako errealitateak ere badaudelako.
Egiteke daukat kontaketa hori, eta horretan ari naiz, nire erbesteari buruzko poema-liburu bat prestatzen. Maider Ziaurriz lagunari eskatu diot urte luzeotan pilatu zaizkidan poemak biltzen eta ordenatzen laguntzeko, nolabait liburua ontzen nire editorea izateko. Estimu handitan dut Maider, talentua soberan duelako eta literaturaz asko dakielako. Herrikidea dut gainera. Garbiñe Larrea ere bildu dugu lagunartera, eskarmentua baitauka liburuekin.
Baina Esne Beltzarekin, letragintzan, nik herriari zabal kantatu nahi izan diot eta askotan Xabik berak ekarri dit herria. Kartzelan nengoela, klandestinitatean nengoela, erbestean nengoela... beti izan dugu lotura. Xabik herria eraman dit nengoen tokira. Ni distantzian nengoen, baina Xabik herrira ekarri nau, une oro eraman dit informazioa. Nire lotura izan da, berak eraman nau Bidasotik harago. Tarte batzuetan ez genuen elkarren berri, baina beti aritu gara elkarren bila. Hori guztia hor daukagu, biok ondo gordeta. Horregatik 2025 honetan Hego Euskal Herrian zerbait egingo dugu elkarrekin. Hori da gure ametsa.
Hortaz, 2025eko zakua beteta daukazue. Batetik, Jon Garmendia «Txuria»-ren poema-liburua.
[J.G.] Azken zertzeladak ematen ari naiz. Bizi izan ditudan testuinguru politiko eta sozialak jaso ditut poema horietan. Kartzela eta erbestea. Erbestean egon garen herritar guztiak silueta beltz batek ordezkatzen gaitu, baina silueta beltz horren barruan pertsonak eta beren bizipenak daude. Bidean ezagutu ditudan batzuk aipatzen ditut liburuan, ezezagun ziren askok atea ireki zidatelako eta ezagun bihurtu zaizkidalako. Nire amak esaten duen bezala, ezagutu gabeko lagunez beteta dago mundua. Nire bizipenak, kezkak, beldurrak, distantziak... jasoko ditut liburuan. Askotan esaten didate, ‘orain inoiz baino gertuago zaude’, baina, era berean, inoiz baino urrunago sentitu zaitezke. Nire distantzia ez baita kontatzen kilometrotan, denboran kontatzen da. Nik etxean egon nahi dut eta urte asko daramat etxetik kanpo. Hogei urtetik gora eman ditut nire baserrira joan gabe eta niretzat hori da egon daitekeen kondenarik latzena. Hogei urte baino gehiagoz izan dut nire baserria buruan. Garaian egindako poema horietan ikusten da garai beltzak bizi izan ditudala. 2005ean ez neukan berriz baserria ikusteko itxaropenik. Duela 15-20 urte zaila zegoen aurreikusten orain gauden tokian egongo ginela.
Eta, elkarrekin, zer egingo duzue aurten?
[X.S.] Txuriaren poema-liburu horretatik abiatuta, emanaldi batzuk egingo ditugu Hego Euskal Herrian. Duela urte batzuk Ipar Euskal Herrian egin genituen, poesia eta musika uztartuta. Hego Euskal Herrian ez dugu halakorik egin elkarrekin eta aurten egingo dugu. Aurretik eskatu izan digute elkarlan hori errepikatzeko eta orain izango da momentua.
[J.G] Ospatzeko modu bat ere bada. Badugu “Gogoak” izeneko kantu bat, ongietorriaz ari dena, eta askotan esan izan dugu kantu horrekin ospatuko genuela herrira buelta. Ipar Euskal Herrian elkarrekin egin genuen bira ederra izan zen, oso hunkigarria. Orain Hego Euskal Herrian egiteko aukera berezia izango da.
2025ean Esne Beltzak agur esango du. Datorren asteburuan, hain justu. Jende askok galdetuko du, arrakasta izanda eta plazak betetzen jarraitzen duenean, zergatik?
[X.S] Bada eman dugulako Esne Beltzarekin eman behar genuena. Asko daukagu oraindik emateko, baina ez du zertan izan leku beretik. Tokiz aldatzeko beharra sentitu dut. Esne Beltzarekin pasatu ditugun urteak izugarriak izan dira, baina jakin behar da bukatzen. Egia da plazak betetzen jarraitzen dugula, jendearen maitasuna sentitzen dugula, baina hori momentu ona da uzteko, ondo zaudenean. Jendeak bereak ditu Esne Beltzaren kantu asko eta hori baino sari handiagorik ez dago.
Eta zer izango da otsailaren 1ekoa Bizkaia Arenan?
[X.S] Guretzat oso-oso berezia izango da Esne Beltzaren azken kontzertuan Txuria bertan egotea; azkenean familia osoa elkartzea bezala izango da. Taldea osorik egongo da Bilbon, lagunak, etxekoak, gure inguruan ibili diren musikariak... Ederra izatea espero dugu. Lagunez inguratuta, festa handi bat egin nahi dugu. Lagun asko egin ditugu bidean, eta horietako batzuk oholtzan izango dira; Fermin Muguruza, La Pegatina taldekoak, El Canjio de Jerez eta Chambao taldeko La Mari, adibidez. Eta talde gonbidatua Marte Lasarte izango da. Festa batekin hasi ginen Esne Beltzarekin eta festa batekin amaitu nahi dugu.
Gaur egungo katastrofismoan eta iluntasunean, Esne Beltzak beti aldarrikatu du poza, ezta? «Jaia bai, borroka ere bai», baina jaia ahaztu gabe.
[X.S] Nik betiko leloarekin jarraitzen dut, nahiz eta badakidan lelo zaharra dela: Jaia bai, borroka ere bai. Gauza asko dago esateko, aldarrikatzeko. Musika arma bat da, eta baikortasuna eta alaitasuna badira borrokatzeko toki bat. Ni trikitixatik nator eta instrumentu alai bat da. Trikitixa entzun eta gorputza beste toki batean jartzen da. Ni hortik nator.
Herri bat plazan saltoka eta dantzan jartzea gauza handia da.
[X.S.] Bai eta beti da helburu bat niretzat. Ez plazan bakarrik, edozein lagunartetan trikitixa ateratzen badut, inguruko guztiak dantzan eta saltoka jarri arte ez dut bakerik hartzen. Ez badut hori lortzen, ez naiz lasai etxeratzen. Abesten, saltoka, pozik, antzoki batean baldin banago jendea zutik... ez badut hori lortzen, ez naiz gustura geratzen. Niretzat musika herria xaxatzeko tresna bat da. Goazen ondo pasatzera eta goazen mahai gainean jartzera zenbat borroka ditugun egiteke. Eta gaur egun bereziki jartzen dut indarra horretan, iruditzen zaidalako galtzen ari den zerbait dela. Gure herrian musika beti egon da aldarrikapenei oso lotuta eta azkenaldian hori makaldu egin dela sentitzen dut, horren falta nabaritzen dut.
Esne Beltza familia bat zaretela esaten duzue beti. Lehen lerroari erreparatuta, oso familia maskulinoa.
[X.S.] Gaur egun taldekide bat emakumea da, Lova Lois, ahots nagusia. Hori argi neukan. Bukatu aurretik, hori lortu nahi nuen. Egia da gizonezkoak izan garela nagusi taldean, ez horrela nahi genuelako, horrela suertatu delako. Errazagoa izan da gizonezkoentzat musikan lehen lerroa hartzea; hori esan beharra dago. Eta seguruen horregatik izan gara gehienak gizonezkoak, guretzat errazagoa zelako horra iristea eta hor mantentzea. Gure diskoetan beti egon dira emakumeak, baina oholtzan panorama bestelakoa izan da. Bigarren lerroan eta merezi zuten tokia eman gabe segur aski, emakumezkoak ezinbestekoak izan dira Esne Beltzarentzat. Nik, adibidez, nire arreba Kristinari zor diot iritsi naizen tokira iritsi izana. Bera gabe, ez nukeen lortuko. Beti presente izan dut eta oso beharrezkoa izan da niretzat. Askotan eutsi nau eta bultzatu nau aurrera segi nezan.
Musikaren munduan lanketa handia egiten ari da gai horren inguruan, baina oraindik asko dago egiteko. Oso mundu maskulinoa da oraindik eta emakumeek traba asko dituzte bertan sartzeko. Pentsa, badira emakumezkoak diren argi teknikariak, eta oraindik arraro egiten da. Hori bada zerbaiten seinale. Pauso asko eman dira, baina beste asko daude emateko.
[J.G.] Nire itsasargia nire ama da. Ni baino poeta hobea da nire ama. Literatura ekarri dit umetatik, jakinduria handia daukalako. Ni ezin naiz idazle bezala ulertu nire ama gabe. Hori aitortu beharra daukat.
Baina egia da kritika egin beharra dagoela. Emakume batentzat, nahiz eta musikari bikaina izan, zailagoa izan da gizonezkoak nagusi ziren musika taldeetan sartzea. Taldeak berak itxi egin dira, beren lagunarte maskulinoetan erosoago egongo zirelakoan. Hor badago matxismo usaina eta hori mahai gainean jarri behar da. Emakumeek, talentua izanagatik, bidea askoz zailagoa izan dute. Hor bada zer hausnartu eta zer aldatu.
Xabi, orain Fermin Muguruzarekin zabiltza biran. Berezia izaten ari da, ezta?
[X.S.] Bai, oso. Finean, nire bizitzako soinu banda jotzen ari naiz Ferminekin; oso esperientzia berezia izaten ari da. Nerabea nintzela, Ferminen “borreroa” jarri eta trikitixa gainean hartuta jotzen nuen abestia etxean. Orain hori bera egiten ari naiz oholtzan; orduko sentsazioak berpizten ari zaizkit. Izugarria da hau guztia lehen lerroan bizi ahal izatea. Nire nerabezaroko idoloa da Fermin eta orain berekin ari naiz. Amets bat da. Hogei urte daramatzat Ferminekin eta oraindik hunkitu egiten naiz. Eta hori ere Kristina arrebari zor diot, berari esker bainago Fermin Muguruzarekin. Berez nire arreba hasi zen Ferminekin eta berak ezezkoa eman zionean niri buruz hitz egin zion. Niregana etorri zen Fermin eta izugarria izan zen. Kristinak bazekien zer zen Fermin niretzat, nola bere jarraitzaile sutsua nintzen, eta pentsatu zuen niretzat toki ona zela hori.

«Dinosauroak itzuli gara, meteoritoa botako digute eta nahikoa»

Asueroterapia: bota makulua eta bastoia

Una cestería, un estanco y una farmacia: 125 años en el comercio bilbaino

Claves alimenticias para prevenir la osteoporosis
