Jokin Urain
IRITZIA

Mihura

Bere aniztasunean harrigarria iruditzen zait natura, bakean uzten zaionean behintzat. Egia da neurriak eta oreka gainditzen dituenean beldurgarria izan daitekeela, gure ahalmenak eta gure ongizatea mehatxatzen baditu batez ere. Geuk maneiatu eta kudeatu dezakeguna hartzen baitugu guztiaren orekatzat eta zentzuzko neurritzat. Horrexetarako daukagu zilborra -askotan burmuinaren aurretik pentsatzen duen gorputz atala-, bakoitzak berea eta ustez denetan ederrena, naturaren miraria hori ere.

Baina naturaren neurri txikiagoan, geure inguruan ia oharkabean gauzatzen doan eraldaketa eta bilakaera horretan bada zerekin harritu: leiho pareko zelaia oihan bihurtu nahian etengabe hazten den belarra, harantzago dagoen zuhaitz handienaren enborra goroldioak nola estaltzen duen urtetik urtera. Etxe aurreko enparantzatik jaisten diren eskaileretan, harmailetako baten ertzean piku landarea ateratzen da urtero. Asfalto zurrunaren erdian, naturaren indarra erakusten duela begitantzen zait, harik eta udal langileek erauzten duten arte. Ez dakit belar txartzat hartzen ote duten, edo piku landarerik gabeko harmailei garbiago irizten dieten. Belarrak, zuhaixkak eta orokorrean landareak sailkatzeko eta ordenatzeko modu propioak dituzte, eta naturak berez hartzen duen itxura eta formaren aurkako borrokan lan egiten dutela esan liteke. Naturaren gustuak eta gizakionak beti talkan baleude bezala.

Langile horiek lorategi eta berdeguneak legez soiltzen eta ordenatzen ez dituzten inguruak ere ikusten ditut leihotik. Espaloitik harago, etxeak inguratzen dituzten itxituretatik harago, denetik harago geratzen diren sailak direla esango nuke, nahiz eta ez egon hain urruti. Eta hor, inor ibiltzen ez den lekuan, bi-hiru akazia daude, eta haietako baten adarretan mihura sorta galanta. Ez nuke mihura belar edo landare txarretan sailkatuko. Bizkarroia, bai. Ez dut uste edozein zuhaitzetan hazten denik, baina akazian, sagarrean eta halakoetan oso zalea da. Txoriek haren hazia jaten dute nonbait, eta zirinean uzten dute hazi hori beste zuhaitzen baten adarrean, eta horrela doa ugaltzen. Badirudi inoiz ez dela lurrera erortzen, ez dela galtzen eta adarrez adar doa aldatzen.

Esango nuke gizabanakook ere badugula batzuetan naturaren antza. Mihurak, esate baterako, Jonan Fernandez ekartzen dit gogora; orain arteko ibilbide jauzikari bikainaren buruan, hilaren hasieran alderdiaren aholkulari izendatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.