Belarraz
S.apurgarria,
Heldu da ekaina, salgai daude auzoko festetarako zapiak, haurrak eskolara goizez hasiko dira bihar, hiria sanferminetarako transformatzen hasi dela jabetu zinen atzo, laudatu dituzun Pepe Mujicaren esaldi gehienen kontrakoa egin duzu jada, zure azterketa-sasoira eraman zaitu Roland Garrosek, ez dakizu ordutik ezer gainditu duzun, iritsi dira gereziak fruta-dendara, Whatsapp taldeetako urteroko ezohiko mugimenduek gogaituta zauzkate, azaroko kontzerturako sarrerak hartu dituzu uztaileko oporretarako egunak zenbatzen dituzun bitartean, udan bakardadeak gogor erasotzen duela dio egunkariak, Rachel Cusken “El Desfile” liburutegira garaiz itzultzeko orduak ebatsi dizkiozu loari eta, ezinbestean, itolarria eragin dizu zure pentsamenduak apunte-kaiera zirriborratu bat besterik ez direla konturatzeak.
Atzaparra zintzurrean aditu duzu jai herrikoien aldeko mugimenduaren alarma-deia. Ez da ezer debekatzen, bete ezin diren baldintzak inposatzen dira. Ez bazaude nahi ez duzulako da. Zurea da ardura, zurea da errua. Ez eskatu konturik dermokraziaren burukratek zoru etikoan lurperatzen bazaituzte. Ez diezu beste aukerarik uzten. Plazak ez, txostenak bete behar dira. Ohitu zaitez edozertarako baimena eskatzera, “alerta” hitza fenomeno klimatologikoekin soilik lotzen ikasten ari zaren legez. Herri libre batean dena errazagoa litzatekeela pentsa dezakezu baina, badaezpada, ez zaitez zure esku zer dagoen galdetzera ausartu.
Noiz zerrendatu zenituen azken aldiz behiala sumindu arren orain arrunkeriaz egiten dituzunak? Hitz ederrenekin azalduta ere, zure semeek konprenituko al lukete zergatik asaldatzen ote zinen orduan? Zer sentitzen duzu zuretzat hil ala biziko batailak zirenak batzuentzat gatazka-iturri ere ez direla ohartzean? Non kokatzen zara izan zinena ulertzeko baina, aldi berean, bihurtu zarena jasateko? Ohitu zaitez edozertarako baimena eskatzera eta batez ere galderarik ez egitera. Fakturak bai, frakturak ez.
Heldu da ekaina, haurrak eskolara goizez hasiko dira bihar, gereziak erosiko dituzu fruta-dendan, egun bat gutxiago faltako da oporrak hartzeko eta, belarra hazten ikusten duzun bitartean, Milena Busquetsen azkena leitzera eseriko zara parkean. Parkeko belarra zara zu ere. Hazi ahala ebakitzen duten belarra. Dagokion lur-eremutik ateratzen ez den belarra.



