Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
ZESTA-PUNTA, XISTERAGILE ETA BERRIKUNTZEN GATIBU

Zume batetik zintzilik

Zesta-puntan ezinbestekoa da xistera, erremintak ematen dio zentzua kirolari. Artisau ogibide hau gainbehera prozesuan dago aspalditik. Joera geldiezina eduki du, eta egun ez dauka konponbide errazik. Artisautzaren nortasunari iskin egin gabe, badaude zenbait ekimen kirola irisgarriago egiteko eta, AEBko pilotalekuen itxieraren ondoren, Euskal Herrian bizitzen ari den hazkunde berri honi erantzuna emateko asmoz, kirola egonkortu eta oinarria gehiago hazteko bermeak izateko.

Frantxix Carricart, Eskutik kooperatibako kidea, xisterak egiteko tailerrean.
Frantxix Carricart, Eskutik kooperatibako kidea, xisterak egiteko tailerrean. (Andoni Canellada | Foku)

Zesta-punta loraldi betean dago, olatu aparrean; ikuskizunarekin gozatzen ari da publikoa, eskola berriak irekitzen ari dira, ume gehiago ikusten da xistera eskuan dutela… Baina badago sektorea kezkatzen duen laino beltz bat: xisteragile falta eta, hortaz, zesta gabezia -eta garestitzea-. Arrangura horren muinera joateko saiakeran hitz egin du 7K-k sektore honetako protagonista ezberdinekin: Eskutik kooperatibako kide Oier Oarekin, Volo elkarteko Aitor Txurrukarekin, Julian Ulacia xisteragile artisauarekin eta Jon Zabala puntista eta Guuk Experience txapelketako sustatzailearekin. Lau ahots, lau erpin eta helburu bateratu bat: zesta-puntaren etorkizuna bermatzea, kirol honen irisgarritasuna sustatzea eta, batez ere, Euskal Herriaren nortasuna eraikitzen duen kirol hau babestea. «Lehen aldiz ikurrina nazioartera eraman zuen kirola da, 1906an Mexikon jokatutako partida batean. Iruditzen zaigu tradizio hori bermatzea garrantzitsua dela, kultura eta nortasunaren parte delako», dio Txurrukak.

Puntista profesionala da Jon Zabala, Eraman Jai Alai enpresa gernikarrarekin ari da egun, Filipinetan eta AEBn jokatu ostean. Xistera baten zain sei hilabete egon behar duela ohartarazi du, lehen bi edo hiru hilabeteko itxaron zerrenda egon zitekeenean. «Badira urte batzuk igartzen dudala beherakada hau. Azkenengo urteetan areagotu egin da arazoa. Zestagileak ere jubilatzen joan dira. Ulaciarekin [Julian] hitz egin dut eta ezin iritsita dabil… Berak ere esan izan digu, ‘oxala zerbait asmatuko balitz, lasaiago ibiltzeko’».

Julian Ulaciak 62 urte ditu eta bere bizitzaren hiru laurdenak eman ditu xisterak egiten. 1978an hasi zen, 16 urte besterik ez zituela, aitari laguntzen bere lehengusu Bittorrekin batera. Familiatik iritsi zitzaion zaletasuna: «Nire aita pilotari profesionala izan zen, aitona ere bai. Gero zestagilea izan zen aitona, aita eta osaba ere pilotari eta zestagileak izan ziren, eta ni, zestagilea». Amaren aldetik ere jarraitzen du pilotari eta zestagileen leinu honek. «Normalean familiako lana izaten zen. Nire aitak ere bere aitarekin egiten zuen lan, gero anaiarekin, hauek ere banatu egin ziren. Solupetarrak ere familia handiak ziren, Egurbidetarrak ere bai. Familietan hedatzen zen ogibidea. Gero, Egurbide batek bere semeari ez zion erakutsi, besteak hiru seme izan zituen, ez zien erakutsi ere…».

Julian Ulacia xisteragilea. (Andoni Canellada | FOKU)

Astigarragako enpresa batek hornitzen dio materiala Ulaciari. «Jabea ni baino 15 bat urte gazteagoa izango da eta, zentzu horretan, ziurtasun gehiago dago. Lehen bi zeuden, Gernikan bestea, baina honek utzi eta Lopetegik erosi zuen bere materiala». Aurrelari eta atzelariek neurri ezberdinetako xisterak erabiltzen dituzte (63 zentimetrokoa aurrelariek; 68koa, atzelariek, gutxi gorabehera) eta gaztainondoarekin egindako uztaia da atalik sendoena, xisteraren perimetroa. «Ur berotan utzi behar da beratzen, forma emateko, eta gero lehortzen utzi behar da, sei hilabete-urte bat bitarte, forma mantendu dezan». «Plano-plano jarri ostean, landu egin behar da, takoa jarri eta gastatzen hasi. Kristala pasatu eta alanbrea kokatu behar da, ondoren saihetsak jarri eta zumearekin lotzeko».

Ezagutza galtzen joan da, familiarteko ogibide honen haria eten egin da zenbait kasutan, hein handi batean oso lan gogorra delako. Polita ere bada, arte bat delako, eta bisitatutako atelier guztietan sumatzen da beraien ogibidearekiko grina. Mende bat pasatxoko erreminta da, eskuz esku eta ahoz aho transmititzen joan dena, baina bere izatea ez dago inon jasota.

Egun, Mutrikun hiru zestagile daude: bata, jada berez jubilatua dagoen Andres Egurbide, eta beste biak arestian aipatutako Julian eta Bittor lehengusuak. Aaron Gonzalez puntista hastapenetan dabil Gasteizen; Andoainen ere ari da Alain Garcia, bere aitaren ogibideari jarraitu nahian; baita Bixente Gonzalez ere, Angelun. Ipar Euskal Herrian dago mugimendu gehien; Chistera Gonzalez tailerra -Jean-Louis, Peio eta Bixenterekin-, batetik; Bidarten Patxi eta Jon Tambourindeguy anaiek kudeatzen duten Ona Pilota atelierra, bestetik; Laurent Sorozabal puntista ohiaren lana, Biarritzen -«Xabier Egurbidek erakutsi zion», ñabartu du Ulaciak-; eta, azkenik, Eskutik kooperatibarekin, Saran.

Hain zuzen, 2015ean abiatu zen Eskutik enpresa Lapurdiko herrian, Lukugarai aita-seme pilotagileek 80 urtean bildutako jakinduriari jarraipena emanez. Ellande Alfaro Erramuzpek hartu zuen lekukoa eta laster elkartu zen pilotagintzan 30 urteko esperientzia zuen Martine Ursuegi-Huguernard ere. 2022an kooperatibarako urratsa eman zuten eta duela bi urte murgildu zen bertan Oier Oa, Ursuegiren erretretaren ondotik. «Ez nuen zalantzarik izan proposamena onartzeko, banekien zein filosofiarekin ari ziren lanean eta iruditzen zitzaidan praktikara eramateko jarrera militantea bazutela. Oso polita iruditzen zitzaidan pilota kooperatiba bat herrigintza ikuspegitik jardunean aritzea, oso sustraituak baitira euskararen eta gure kulturaren erronketan. Hori antzematen da ere bertako ekonomia sustatzeko duten ikuspegian, bertako lehengaiak erabiltzean, ekologiari dagokionean, nagusirik gabeko kooperatiba ereduan, denen arteko arduren banaketa horretan... Oso proiektu polita da, pilotaz haratago, eta ikusten nuen, oraindik egonkortzeko bide horretan jarraitzen duen proiektu bat izanik, nik ere ekarpen bat egin nezakeela bertan. Horrek motibatu ninduen».

Eskutik kooperatibako kide eta sortzaile Ellande Alfaro. (Guillaume Fauve)

Pilotak egiten ikasi du bi urte hauetan, baina batez ere xisteretan zentratu da Oa. Lehendabizi, joko garbiko Xirrist proiektuan aritu zen. Behar batetik abiatuta eta Juan Mari Lopetegiren erretiroak behartuta sakondu zuten xisteretan. Joko garbiko elkarteak Eskutik-en bezeroak ziren piloten hornidurari dagokionez, baina erremintak Jesus Mari Lopetegi usurbildarrari erosten zizkioten. «Honek jada ofizioa utziko zuela-eta, kezkatuta agertu ziren eta ea guk zerbait egin genezakeen iradoki ziguten. Hasieran Jesus Mariri kosta egin zitzaion guri irakasteko urratsa ematea, baina azkenean gure bi lankide joan ziren bi urtez harekin ikastera. Era berean, berarekin 17 urtez lanean aritu zen Alex Garcia nikaraguarrari ere proposatu genion kooperatibara etortzea eta horrek hastapenetatik zestaren kalitatea bermatzen du». Alfaro, Oa eta Garciarekin batera, Thierry Lopes, Claire Grillard eta Frantxix Carricart dira kooperatibako bazkideak.

Hasiera batean, joko garbiko bezero horien eskaerei erantzuteko asmoa besterik ez zutela onartu du Oak, baina sektore honetan gero eta gehiago murgildu zirenean sumatu zuten zesta-puntan ere badagoela sekulako zuloa. «Zestagile gehienak jubilatuta daude, egin ahal duten zesta kopurua oso txikia da eta, orduan, ez dira gai Euskal Herrian puntistek behar duten zesta kopuru guztia egiteko. Guri galdegiten ziguten ea gu ere sartzen ahal ginen zesta-puntako mundu horretan, eta azkenean... tira, apustu bat izan da. Guk egiten dugun gogoeta da: zergatik gertatu da hori? Zergatik ez dago zestagile gehiago? Gure ustez erantzuna da langintza horrek ez dituela baldintza duinak eta egungo belaunaldiak ez gaudela prest beltzean lan egiteko, deklaratu gabe, kotizatu gabe, oporrik izan gabe eta egunean ez dakit zenbat ordu lan eginda».

Sasoi batean, Ulaciak gogoratzen du astean hiru xistera egiten zituela. Xistera bakoitza egiteko 25 ordu inguru behar dira eta, beraz, kalkulu erraz bat eginda, 75 orduko lan jarduna betetzen zuen bere garai onenetan. «Orduan bai dirua egin, baina majo lan eginda». Orain, hilean 6-7 xistera egiten ditu eta, horiez gain, konponketak ere bai. Xistera bakoitza 500 euroan saltzen du eta ordu bakoitzeko 10 euro irabazten ditu. Artisautzako ogibide orok dituen ajeak ere iritsi zaizkio. «Nire lana izan da eta gustora egin izan dut, baina luze egiten ari zait. Gainera, hasi zaizkit jada esku, atzamar eta gerriko arazoak. Mina aguantatzen zoaz. Atzo eta herenegun, belauna erabat hazita izan nuen eta lanean jarraitu nuen. Atzamarra kateatu egiten zait…».

KINKA LARRIAN

Zesta-puntaren etorkizuna sarri egon da kinka larrian. Antxon Aguirre Sorondok Eusko Ikaskuntzan 2002an argitaratutako artikulu batean adierazten zen mende hasieran hamar bat zestagile egongo zirela aktibo. Ulaciak ere badauka artxibo historiko bat, AEBko greba hasi zenean eman ziotena: «Markinan zortzi zestagile, Gernikan lau, Durangon, Mutrikun bost…».

Orduan, puntista profesional onenak AEBn zeuden eta hango zestagileek konponketak soilik egiten zituzten. Euskal Herritik eramaten zituzten xisterak, 8-10 urte bakoitzeko. Dania eta Miamiko pilotalekuetan guztira 24 bezero zituen Ulaciak, baina pilotalekuak ixten eta mugimendua murrizten joan ahala, ez pentsa lana murriztu egin zaionik. «Duela 25-30 urte, AEBrako lan egiten genuenean, jende berria etorri bai baina joan ere egiten zen. Batetik bestera ibiltzen ziren. Diferentea da orain dagoen mugimendua. Miamikoa itxi zenean, 14 bezero nituen -Daniara joan baitziren bi edo hiru-. Hala ere, planteatu nuen hemengoei [Mutrikuko zesta eskolakoei] egiten hasi behar nuela. Hasi nintzen (enkarguak) hartzen eta hartzen eta lehendabizikoan pasatu egin nintzen», oroitzen du barrezka.

Egun, profesional eta elite mailako 24 bezero ditu -Eraman Jai Alai eta Jai Alive enpresetakoak, Magic Cityn daudenak, goi-mailan dauden emakumezkoak…-, eta horiei gehitu behar zaizkie bere herriko zesta-eskolako gaztetxoenak. «Adibidez, Unax Zubizarretak berri bat enkargatu dit baina, bitartean, bigarren eskuko bat erosi dio Urreistiri, ez dakielako noiz edukiko dudan prest berea». Elkarrizketa hau egin zen astean, Ion Ibarluzeak -Winter Serieseko txapeldunak- jaso zuen bere zesta berria, Iron Cupen estreinatzeko. Anekdotak ere milaka ditu, puntistek emaitza eskasak pilatzen zituztenean xisteraren kalitatea egotzi eta zestagilez aldatzen zutenekoa, esaterako, «azkenean gero berriro niregana itzultzeko».

Jon Zabala puntista, karbonozko xisterarekin. (Aritz Loiola | FOKU)

Ulaciari bost urte falta zaizkio erretiroa hartzeko, baina jakitun da apur bat jarraitu beharko duela, batez ere herriko puntistei hornitzen jarraitzeko. Zabalaren kalkuluetan ere lauzpabost urteko marjina dago, baina jubilatzear dauden horien ostean, ez dago erreleborik eta, are kezkagarriagoa dena, ofizioaren errentagarritasuna ere ezbaian dago. Zenbat jendek nahi du baldintza horietan lan egin? «Gazteek lanean hasi eta emaitzak bat-batean nahi dituzte eta ofizio hau iraupen luzekoa da. Ez da egun batetik bestera ikasten, martxa hartu ordurako urteak igarotzen dira».

Eskutik kooperatiba duela urte eta erdi eskas hasi zen xisterak ekoizten, 2024ko otsailean, eta Oak dio oraindik ere goiz dela bolumenaz eta balorazioaz hitz egiteko -hilean 12 egiteko gai dira-. Hala ere, kontziente dira sektorearen baldintza prekarioez eta beraien hausnarketa da «lehen lehenik baldintzak duindu egin behar direla, horrela animatu daitezkeelako» belaunaldi berriak. Ondotik, beraien kasuan, lehen urrats bezala, haien jarduna aitortzea izan da, nahiz eta horrek prezioa igotzea ekarri duen -800 euroko prezioa du xistera bakoitzak-. «Baina horrek baditu beste abantaila batzuk, desgrabatzea izan daitekeena edo diru-laguntzak eskatzeko aukera. Beste aterabide batzuk aztertzen ere bagabiltza, ohartzen baikara prezioa altua dela eta guk ere nahiko genuke kostu hori apaldu, bai baitakigu elkarteek ere zailtasun ekonomiko handiak dituztela».

Sarako egitasmo honen filosofia ere bada prozesu guztian burujabe izatea eta hor ere, noski, azaleratu dira gabeziak. Zume oso gutxi dago Euskal Herrian, Estatu frantses edo espainolean dagoena ez da egokia xisteretarako eta, beraz, Txiletik ari dira lehengaia ekartzen. «Euskal Herrian beti egon da zumea, orain ez dago. Hemengo laborariekin hartu-emanean egon eta, esaterako, etorkizun batean zume plantazio bat egitea izan daiteke irtenbide bat. Eta, horrekin batera, basoko lanari erreparatu behar zaio. Matxinbentan (Gipuzkoa) bazegoen ekonomia handi bat otarginen inguruan eta beraiekin jarri ginen harremanetan, gaztainondoaren egurra behar genuelako xisteren oinarriak egiteko. Haiekin ikasi dugu basoa lantzen, hango egurra bildu dugu eta orain hasiak gara Sara eta Ezpeletako udalekin hitzarmenak egiten, bertako basoetan lanean hasteko».

Alegia, xisteragintzan zegoen arazo bati aterabidea emateaz gain, nortasun garbiarekin errotu da Eskutik. «Nahi genukeena da horretan ere burujabetza erabatekoa lortzea. Era berean, esklusibitate hori izateko anbiziorik gabe, ahalik eta zestagile gehien eta langintza honetan ahalik eta kooperazio gehien izan, hobe. Zentzu horretan ere uste dugu, eta eskaerak ere baditugu, jendea formatzeko eta beste, baina egia dena da horrelako gauza bat egiteko laguntza gehiago behar dela. Guk momentuan nahikoa lan badugu filosofia honi eusten, ogibide bilakatzen. Lana da, baina militantziatik ere asko ari gara ematen. Pentsatzen duguna da, ondoko hilabeteetan, federazioekin, Ipar Euskal Herriko Pilota Biltzarrarekin, mundu honetan egon daitezkeen elkarteekin, denen artean beharko litzatekeela nolabaiteko gogoeta bat egin eta proiektu bat diseinatu, herri kirol honek jarrai dezan, langintza ezinbestekoa delako».

Oier Oa, Eskutik-eko kidea. (Aritz Loiola | FOKU)

MASA SOZIALA BERMATU

«Askotan epe motzeko efektuen bila joaten gara, zoritxarrez; batzuetan kontzienteki eta bestetan inkontzieteki, kapitalismoaren logikan sartuta gaudela. Gainera, badirudi inportanteak beti profesionalak direla; garrantzitsuak dira, beraien ekarpena ere egiten dute, baina oso gutxi dira. Herri kirol bat da, eta herrikoitasun hori bermatzeko, garrantzitsuak dira ere amateurrak, haurrak, eskolak, elkarteak... Eta horri begirada sakonagoa eskaini behar zaio. Zorionez, elkarte askotan badaude boluntarioak eta militantzia ez da galdu herri honetan. Horregatik, kirol txikia izanagatik ere, handien artean segitzen dugu bizirik. Momentu batean arnas luzeagoko gogoeta bat egin beharko da eta lanak bideratu beharko dira», hausnartu du Oak.

Denbora asko zesta baten zain egotea eta prezio altu bat ordaindu behar izatea badira nahikoa oztopo oinarrian dagoen masa sozial hori arriskuan jartzeko ere. Modu honetan, ordea, ezinezkoa da kirolaren zabalkundeaz hitz egitea. Kezka orokortua da zesta-puntaren munduan murgilduta daudenen artean, baina ez da ezer berria. Nolanahi ere, areagotu egin den kezka bat da, txarrera egin duen egitate bat. Bada hamarkada pare bat aterabideren bat bilatzen saiatzen ari direla. Norbanakoek egin dute indarra, batez ere, egunerokoan agerikoa baitzen arazoa. Eta orain, zer? Bihurgunean kateaturik, ikara horretatik ari dira konponbideak bilatzen, bakoitza «bere asmo onenarekin». «Xisteren kostua murriztea ona litzateke zabalkunderako, baina iruditzen zaigu, halere, artisaugintza eta pilota elkarloturik joan behar direla, bata bestea gabe ez direla posible», dio Oak.

Modu honetan, Eskutik kooperatibak xistera berri bat sortu du, haurrentzat zuzendua, eta bere aurkezpena egingo dute ekainaren 14an, Saran, Lurberri gelan, elkartearen hamargarren urteurrenarekin bat eginez. «Lortutako emaitzarekin pozik gaude. Bai entseguak egin dituzten pilotarien sentsazio baikorrek tresna onetsi dutelako; bai eta, artisaugintza eta teknologia uztartuz, lehengai naturalekin kalitatezko tresna bat egitea lortu dugulako», aipatu du. «Jokoaren zabalkundean ere ekarpen bat egin asmoz» garatu dute xistera hau, lehengai naturalak baliatuta. 300 eurotik behera saltzea dute xede, «gutxienez lizentzia daukaten haurrek zesta txukun bat izan dezaten beraien hasierako ibilbidean».

Aitor Txurrukak etxean bertan bizi izan zuen arazoa. Semea zesta-eskolan hasi zen eta, xistera erosi berritan, hura hautsi eta hilabete batzuk jokatzeko zailtasunekin pasa zituen. Kooperatiba mundutik dator Txurruka, baina pilota txikitatik sentitzen du. «Mutrikuko Sabanika kalean bizi nintzen, frontoi parean, eta aitarekin denbora asko pasatzen nuen. Aita hil zitzaidan eta gero ez nuen ezer egin. Nik nire haurrak bai bultza ditut zesta-punta mundura, kirol bizia delako eta iruditzen zaidalako pilotalekuan eratzen dela halako nortasun bat. Ibon Urreisti, orduan Xisterako lehendakaria zena, laguna dut eta, berari laguntzen hasita, gehiago engantxatu nintzen», kontatzen du Txurrukak. Izan zen Xisterako lehendakari ere, azkenean dimisioa eman zuen arte. Horren baitan garatu zuen plastikozko xistera, hastapenekoa dena. Geroztik, norbanako moduan dabil material berriekin egin daitekeen zestaren ikerketan, irabazi asmorik gabeko Volo elkartean, material eta erreminten berrikuntza sustatzen.

Aitor Txurruka, Volo elkarteko kidea. (M. Martinez de Trespuentes | FOKU)

«Gaur egun dagoen masa sozialari -kalkulatzen du 1.500 gazte dabiltzala zesta-puntan- erantzuteko ez dago manufaktura gaitasunik. Pentsatu genuen industriarako modukoa izango den zerbait egin behar zela, material berriekin. Horretara iritsiko bagina, bi helburu lortuko genituzke: xistera guztiontzat irisgarria izatea, batetik, eta iraupen luzekoa izatea, bestetik», kontatzen du Txurrukak, egun garatzen ari diren prototipoaz galdetuta. Era berean, nabarmendu nahi izan du ez direla eskulana baztertzearen aldekoak, baizik eta biak ala biak, artisautza eta berrikuntza, uztartu egin behar direla.

«Zorionez, kirol honek ez ditu behar eskiak bezala elurra edo surfak bezala olatuak; urte osoan praktika daiteke. Olatu aparrean dago goi-maila eta egokia litzateke estruktura egonkor bat egotea urte osoan zehar, bai profesionaletan zein amateurretan, kalitatea ere hobetzen joateko. Eta urteetan irauteko, moda bat ez izateko, oinarri sendo bat izateak kirol honen iraupena ere luzatuko du. Horregatik, hain zuzen, hiru erpin hartu behar dira kontutan: batetik, zesta-eskolen osasuna, haurrak motibatuta mantentzeko, oso kirol teknikoa delako eta hezkuntzan ere sartzea, etorkizuneko puntistak arrantzatzeko leku bat izango delako; bigarrenik, erremintak egotea eta, azkenik, pilotalekuak. Ez dago hainbeste pilotaleku luze eta Voloren hastapenean garatutako pilota sintetikoarekin frontoi laburrean ere joka daiteke. Era batean edo bestean, erremintak jartzen ari gara egoera ezberdinetan kirol honen praktika bermatzeko», nabarmendu du Txurrukak.

Hastapeneko xisterak oso erabilgarriak dira eskolentzat, hasiberriekin lantzen joateko. Hein handi batean, horiei esker sortu da baita ere Bilboko Levante Jai Alai elkartea, osterantzean, xistera bakoitzak duen kostuarekin eta honek eskatzen dituen konponketekin, ez litzatekeelako bideragarria izango. «Hastapeneko zestaren helburua ere bazen hezkuntzan sartzea, Euskal Herriko kirol bat delako, baina ezinezkoa litzateke ikastetxe guztietan zumez egindako xisterak egotea».

Xistera gabeziarik ez egoteko edo lan karga arintzeko, Ulaciarentzat «gakoa izango da lehiakorra izango den zesta bat asmatzea maila jakin batera arte, jubeniletara arte, esaterako; Kaltzakortaren estilokoa».

HASTAPENETIK URRATS BAT HARAGO

Orain, maila altuagoko gazteentzat baliagarri izan daitekeen xistera bat garatzen ari dira. Hau ere ez da berria, duela hamarkada bat eratu baitzuen Iñigo Kaltzakortak karbono-zuntzez egindako xistera. Markina-xemeindarraren tresna hori iaz probatu zuten puntistek, Jon Zabalak antolatutako Guuk Experience txapelketan. «Beharrezkotzat» jotzen du Zabalak txapelketa hura, ordura arte zituen akatsez ez baitziren ohartu. «Iñigo berak ere esan zidan, hain zuzen, horixe nahi zuela; apurtzea, alegia, jakiteko bere ahuldadeak eta indarguneak non zeuden eta horren arabera lanean jarraitzeko». Zazpi bat partida jokatu ziren xistera horrekin eta datorren irailean, Kaltzakortaren baimena izanez gero, beste txapelketa bat antolatzeko prestutasuna erakutsi du.

Atzelari markina-xemeindarrak uste du askotan ausardia falta izan dela, eta berrikuntzekiko dagoen ezkortasun historikoaz ere mintzatu da. «Iñigo Vicens ondarroarrarekin hitz egiten jardun nuen, bera arraunean aritu zen, eta esan zidan antzinako traineruak eta arraunak egurrezkoak zirela, baina behin (material berrietara) jauzia eginda, orain inork ere ez duela birplanteatzen aurreko lehengaiekin egindako materialekin lehiatzea». «Beldurra galtzen joateko» aukera bezala ikusi zuen Zabalak Guuk Experience txapelketa berritzailea. «Argi dago, egun, profesionaletan ezin duzula xistera hau atera, baina txapelketa horren bitartez apurka-apurka publikoak eta puntistek ere aurreiritziak argitzen joateko aukera bezala hartu nuen». «Oro har, oso tradizionalak gara, normala den bezala. Oztopo mental hori gainditu behar dugu», bat egiten du Aitor Txurrukak ere, eta txirrindularitzan edo tenisean materialek izandako bilakaera aipatu ditu adibide gisa.

Jon Zabalak argi dauka, bestalde, zumearekin egindako xistera baten mailara iritsiko den erreminta berritzailea sortzea oso zaila dela. «Zumearekin uneoro sentitzen duzu pilota, non sartu den, nondik aterako den… Zumearen zarata ere oso polita da, nortasun handikoa, batez ere berria denean. Honek ez dauka horrelako ezer. Hogeita hamar urte daramatzat zumezkoarekin jokatzen eta, logikoa denez, kariñoa diot eta ez dut pentsatzen erreplika bat horren mailara irits daitekeenik».

Karbonozkoak ere baditu bere bertuteak, halere: konpontzea errazagoa da, ez da deformatzen, «eta hori gaztetan oso ona da. Nik zortea eduki nuen, gurasoei zesta asko gustatzen zitzaielako -aita ere puntista izan zen- eta arazorik gabe erosten zidatelako, baina guraso askok ezin dute erosi…».

Bilboko Levante Jai Alai eskolako gazteak, plastikozko xisterekin. (M. Martinez de Trespuentes | FOKU)

Orain, zesta-punta olatu aparrean dagoela, eragile guztiek uste dute une aproposa dela zerbait garatzeko, masa sozial hori egonkortu eta hazten jarrai dezan erraztasunak jartzeko, hilzorian egon den kirol honi garaiz erantzun -baldin eta oraindik ere garaiz bagabiltza- eta pilotako beste modalitate askorekin gertatu zena -xare, joko garbi- saihesteko. «Ez badago erremintarik, haurrek ezingo dute jokatu eta, jokatzen ez badute, kirol honek iraungitze data bat izango du; sorgin-gurpil horrek ez du bermatzen masa soziala mantentzea», dio Txurrukak.

Ilusioz dago garatzen ari diren prototipoarekin, lehen aldiz, gaztainondo eta zumezko xistera baten portaera aztertu dutelako eta eragile askoren arteko elkarlana delako, Euskal Herria zeharkatzen duen egitasmoa baita. «Sistema, metodo eta zientzia bitartez ari gara ikertzen eta ez dugu probarik egiten xehetasunak eta karga koadernoa (karakterizazioa) argi eduki arte». Leartiker, Lakuako Gobernua, Euskadiko Pilota Federazioa, Iparraldeko Pilota Biltzarra, Nafarroako Federazioa (Noaingo Klubak ordezkatua), Eraman, Jai Alive, Jon Fernandez eta Shu Wei dira garatzaile nagusiak -Eskutik-ekin harremanetan daude, hauek proiektura batzea funtsezkoa dela iritzita-, eta Orbea, Laboral Kutxa, Danobat Group eta Lakuako Kirol Saila dira babesle nagusiak.

«Proiektu hau ezin da bakarka gauzatu eta ez da komeni, eragile asko dagoelako eta, gainera, bakoitzak bere ekarpena egin dezakeelako, izan enpresa profesionala edo federazioa. Euskal Herri guztiko eragile guztiak batzen saiatu gara, bakoitzak bere jakitatetik soluzio orokor bat emateko», azpimarratu du Txurrukak. Lehen urrats garrantzitsua xisteraren portaera izanik, badute asmoa artisautza lan horiguztia grabatu eta idatzita ere uzteko, aipatutako ezagueraren haria gehiago eten ez dadin.

«Une honetan zehaztapen tekniko horiek jada marraztuta ditugu, proba dinamikoak egin ditugu, probak egiten ari gara zestak hausturaraino eramateko, zein puntutan apurtzen diren jakiteko. Hasi gara probatzen zein material erabil dezakegun, zer egin ahal dugun... Lortuko dugulakoan gaude. Helburua prototipo bat edukitzea da. Gero beste proba batzuekin hasiko gara, inpaktuak, abiadura... Polimero bat izango dela pentsatzen dugu», azaldu du mutrikuarrak.

Zailtasunik handiena zaratarekin daukate. Arestian Zabalak aipatutako ‘zaparrada’ horren erreplika lortzea zailtzen ari zaie: «Material sintetikoak ‘klak’ egiten du eta naturalak, ‘xist’... Zarata grabatu dugu eta hori da konpondu beharreko arazo handienetako bat. Frontoia bezalako leku itxi batean ‘klak-klak’ entzuten bada, kirola ez da berbera izango. Horretarako era desberdinak daude, zarata aldatzeko, inpaktua murrizteko…».

Egon daitekeen beste arazoetako bat bolumenarena da. Txurrukak adierazi du urtean mila eta bi mila zesta artean beharko liratezkeela eta, beraz, errentagarria izateko nahiko prezio altuan saldu beharko liratezkeela. «Jendea ez dago ohitua. Kostu baxuagoko bat lortu nahi dugu eta iraupen luzekoa izatea. Sintetikoa izaterakoan, biziraupena urte bat edo bi urtekoa izatea nahi dugu, norbanakoentzat errentagarriagoa izateko. Modu horretan, behin industriara urratsa eginez gero, beste herrialde batzuetara ere esportatu ahal izango genuke. Helburua ez da errentagarritasuna bai ala ez, helburua da kirol honen etorkizuna bermatzea», nabarmendu du.

Zentzu horretan, Zabalak ere uste du eredu hori Euskal Herriko merkatuan ez zela errentagarria izango, baina ohartarazi du iritsi dela garaia ere, errentagarritasunean pentsatu ordez, «inbertsioan» pentsatzeko. «Diru publikoarekin lagundu beharko litzateke, edo zesta-puntako enpresek, beraien interesagatik, inbertitu egin beharko lukete. Eredu berri horren ezaugarrien arabera, kirola hedatu ahal izango litzateke».

«Portaera berdina izatea bermatu behar dugu, lesioak izateko arazorik ez egotea eta ez izatea desabantaila bat. Eta enpresak zein federazioak murgiltzea ezinbestekoa da, beraiek ere berma dezaten txapelketa batzuk material horrekin jokatuko direla. Urrats txiki bat izan behar da, barneratzen joango dena eta gure kultura eta oztopo mental hori aldatuko duena», ondorioztatu du Txurrukak.