Joseba Sarrionandia
Idazlea / Escritor

Johannes Urzidil: Hinternazionalismoa

«Caramabluko urrea» nobelatxoaren 1998ko edizio frantsesaren azala.
«Caramabluko urrea» nobelatxoaren 1998ko edizio frantsesaren azala.
CARAMABLUKO ALTXORRA

Eman zaizkion izenen artean bitxiena eman zion Johannes Urzidilek Euskal Herriari: Caramablu. Alemanez idatzitako nobela sinbolista batean: “Caramabluko urrea” (Das Gold von Caramablu), autorea hil eta gero argitaratu zen “Azken tonbola” (Die letzte Tombola, 1971) liburuan.

Nobelatxo hori iparraldeko Caramablu herritxoan lekutzen da, hegoaldean 1936ko gerra den artean. Mugaldeko herritxo hori da Caramablu, baina Euskal Herri osoa da Caramablu, eta “Caramabluko urrea”, eleberriaren ardatz sinbolikoa. Gauzak ez doaz ondo herri horretan, antsia sozioekonomikoengatik eta batez ere mugaz bestaldeko gerrarekin, pertsonen arteko harremanak makaldu eta era guztietako liskarrak sortu direlako…

Hala ere, herri horrek bere mitoekiko atxikimendua du, eta prozesio bat egiten da urtero altxor hori gordeta omen dagoen harpearen ateraino; sekulako munstro batek debekatzen du sarrera. Eleberriaren giltza sinbolikoa da hizkuntza dela, eta komunikazio gaitasuna, jendeak duen benetako altxorra, eta ez dagoela leize-zulo sakon iritsezinean, eta ez dela gurtu beharrekoa. Gutako bakoitzaren ezpainetan dagoela goizero, ezti tanta bat bezala, eta egunero egin beharrekoa dela…

Alegia moral ederra da Caramabluko urrearena, eta aukera ematen du eztabaidatzeko botere harremanez, herritarren sineste mitiko ilunez eta gerraz profitatzen direnen arrazionaltasun argiaz.

Johannes Urzidilen erretratua.

JAN URZIDIL

Johannes Urzidil Pragan jaio zen 1896ko martxoaren 23an, hiriburu hori Austria-Hungariako Inperioaren parte zenean. Inperioa desegin zen eta, 1918an, Lehen Gerra Handiaren ondorioz, Txekoslovakiako Errepublika fundatu zen.

Aita germaniar-bohemiarra zen, katolikoa, eta ama judua, judaismotik katolikotasunera bihurtua. Aita, kontzientzia nazional alemanekoa, alargundu eta kontzientzia nazional txekiarra zuen Marie Mostbeck-ekin ezkondu zen. Laster ohartu zen, etxetik hasita, Jan Urzidil identitate politiko eta kultura anitzeko elkarbizitzaren konplexutasunaz. Ikasketetan, hizkuntza alemanean eta eslaviarretan espezializatu zen, eta artearen historian. Lana, Johannesek, Txekoslovakiako Enbaxada alemanean egin zuen 1922-1933 bitartean, prentsa aholkulari eta itzultzaile moduan.

Sormenaren aldetik, filosofia eta estetika espresionistaren eraginpean sortu ziren Urzidilen lehenengo poesiak; “Hans Elmar” izenordea erabiltzen zuen testuak sinatzeko Brnoko Der Mensch aldizkari espresionistan. Pragako idazle zirkuluko Franz Kafka, Max Brod, Franz Werfel eta enparauen lagun gaztea izan zen.

1933an, enbaxadatik bota zuten Adolf Hitler Alemanian nagusitu eta ez zuelako judurik nahi zerbitzu diplomatikoetan. Urzidil, “erdi-judua” izateaz gainera, Pragako errabino famatu baten alaba Gertrude Thieberger idazlearekin ezkondu zenez gero, “judu hutsa” bihurtu zen, Nurenbergeko legeen arabera. Josefsthal aldean egon ziren biak bizitzen, Bohemiako oihanean. Baina, protektoratu alemana (Reichsprotektorat) ezarri zenean Bohemian eta Moravian, 1939ko martxoan, ihes egin zuten bazterketa eta deportazioa ekiditeko. Ingalaterrara joan ziren, eta 1941ean Ameriketara.

Urzidil Amerikan geratu zen gerraondoan, New Yorkeko Queens auzoan. Ez zen identifikatzen Txekoslovakiako errepublikaren zentzu nazionalarekin, ez soziopolitikoarekin, ezta Israelgo estatu sionistarekin ere. Berak bere bohemiar mundu aleman-judu-txekiarra zeraman barruan, baina hura ez zen ja errealitate bat, inoiz izan bazen.

1946an, Estatu Batuetako ziudadania lortu zuen. 1951 eta 1953 bitartean “Voice of America” irratian kolaboratu zuen, harik eta Joseph McCarthy kriptokomunisten ehizan hasitakoan utzi behar izan zuen arte.

Europara bidaiak egiten zituen batzuetan, argitaratzen zituen, baina ez zen Pragara egundo itzuli, ez zuen galdutakoa konprobatu nahi izan. “Aspaldian desagertutako Pragaren azken trobadorea”, Max Brod-ek kalifikatu zuenez.

Halako bidaia batean hil zen 1970ean, Erroman, eta Vatikanoko Kanposantu Teutonikoan ehortzi zuten.

 

Goian, Johannes Urzidili buruzko Klaus Johann eta Vera Schneiderren 2010eko liburua.

HINTERNAZIONALA

“Ich bin hinternational”, idatzi zuen Johannes Urzidilek behin txantxetan. Neologismo edo portmanteau (hala deitzen zaie ingelesez halako hitzei, “maleta”) horrek, “hinternazionala”-k, txiste ironikoa baino esanahi gehiago du.

Jende asko dago munduan ez duena bere herria identifikatzen mapamundietako nazio-estatuen formetan, ezin duena bere burua Nazio Batuen ezein banderarekin identifikatu. Ezarri eta finkatu den nazioartekotasunean, apatridak dira eta arrotz sentitzen duten beste naziotasun bat ezartzen zaie.

Jende hori beste ezein baino nazioartekoagoa da, beste nazioen artean bilatzen dutelako etxean ez duten errekonozimendua. Internazionalismoa egin nahi dute, naziotasun ezaguneko nazioartekotasunean, baina beren ahalegina hinternazionala izaten da.

Hitzari aurrizki moduan jarritako h letra horrek naziorik gabekoen nazioartekotasun mota zehazten du. Zehaztasunak inportanteak dira. Johannes Pragakoa, aleman hiztuna, erdi judua, Londresera ihes egina, amerikar ziudadanoa hautuz, Erroman hil eta ehortzia, Johannes Urzidil ez zen “idazle txekoa”, esaten zenez.

Euskaldunak ere ez gara zehazki espainolak, eta internazionalak nekez. “Hinternazionalak” gara, hitzaren hasierako h letrarekin, protesi gisa.

Akordura etorriko zaizkio baten bati Julio Cortazarren “Rayuela” eleberriko lekuz kanpoko h-ak ere. Bere burua ez hemen ez han antzeman ezinik zebilen edota hor-han-hemenka topatzen zuen Morelliren lekuz kanpoko protesta.

 

«The Royal Picture Alphabet» liburuko irudi bat, XIX. mendekoa.

H LETRAREN PROTESTA MUTUA

Euskaraz ere h letra hori protesta alfabetiko isil bat izan zen sasoi batean. Gure belaunaldiarentzat, errealitate politiko-kulturalaren eta batez ere euskal tradizioaren prekaritatearen kontrako protesta tipografikoa.

Lekuz kanpokoak direla esango dute batzuek Johannes Urzidilen eta Julio Cortazarren h horiek. Euskara batukoak zirela esaten zuten moduan Euskarazaintzakoek. Estatudun nazioek kultura sendo zentratuak dituzte. Denen diruarekin eta indarkeriaz inposatzen dira eta, desjabetze politikoaren ondoren ordezkatze kulturala eragiteko, diskurtso auto-pribilegiatuak zabaltzen dituzte estatuaren barruan baina mugarik gabe.

Estatuen botere gaindiezinen eta kultura handi auto-pribilegiatuen harrokeria instituzionalizatuaren aurrean, h horrek gogorarazten du historia, jendearen bizimodua h maiuskulaz kontatzen duen Historia ankertasun erakustaldi itzela izan ohi dela. Historia inperialen menpeko akonplejatuak istorioetan errefuxiatzen dira batzuetan; botere nagusien kontra ekin ezin dutenez gero, kideekin ernegatzeko modua bilatzen dute, ideologia konpentsatorioak lantzen dituzte beren burua estimatzeko.

Gure historia lokal eta partikularra ezinbestean dago lotuta mundu zabalagora ere. Nazio baztertuek “hinternazionalismoa” egin behar dute, eta “historia”, eta “helkartasuna” eta “hideologia”...

Historia maiuskulazkoarekin finkatu ziren eta dena-emanda irauten dute nazio nagusiek, besteak beste frantsesak eta espainolak. “Denaemandatasun” kultural hori Charles Peguyk azaldu zuen, adibidez, esanik ez zuela sekula beste hizkuntzarik behar, berak mundu guztiko kulturak ezagutzen zituela frantsesez. Espainiako intelektual gehienek halaxe pentsatzen dute, gaztelaniak eta espainola izateak (“no-nacionalista”, jakina) ematen diela jakituria eta estatus unibertsala.

Berdin da kultura urrunak benetan ezagutzen dituzten. Edo bertakoak ere errefusatzen dituzten, errefusatzen baitiete katalanei, galegoei edo euskaldunei beste ikuspegi batzuk izateko eskumena. Horiek, pasaporte espainola onartzen ez badute, ez dira mugetatik erraz aterako.

URZIDIL ASTEROIDEA

Hinternazionaltasuna umiltasun bat da: denaemantasun kulturala faltsua dela ohartzea, prisma nazionalak badaezpadakoak direla konturatzea. Prekaritatea malenkoniatsua da, beharbada, baina ziurgabetasuna praktikoa eta eraginkorra izan daiteke. Dena emanda ez duenak, berak egin behar du.

Urzidilen formulazio ironikoak naziotasun malguago eta nazioartekotasun askeago bat seinalatzen du. Dena hain finkatuta dagoela ematen duen mundu honetan, utopia apur bat.

Johannes Urzidilek New Yorken, Queens-eko bere apartamentuan, gonbidatuak hartzen zituenean, sukaldeko leihoa irekitzen omen zuen, handik ikusten zen ozeano zatia erakusteko, eta William Shakespeareren “Neguko ipuina” (The Winter’s Tale, 1623) obrako esaera bat esaten omen zien:

“Begira, Bohemia ikusten da, uraz bestaldeko lehorra…”

Ez dakit ikusten zen Queens-etik Bohemia, ez dakit ikusten dugun gaurko egunetik etorkizuneko Euskal Herririk. Baina, utopia ez da “errealitatea kontuan hartzen ez duen gizarte edo politika xedea” (hiztegietan hala definitu arren); errealitatea oso kontuan hartuz sortzen dira utopiak eta imajinazioak.

Beste gauza bat da begiratu batean ikustea, igual ez dira ondo ikusten.

70679 asteroidea Urzidil izendatu zuten 1999an, Johannes Urzidilen omenez. Marte eta Jupiterren arteko Asteroideen Gerrikoan. Hori ere, ikusi, ez dugu ikusten, baina han dago harenbaten.