Palestina
Nekatu gara begira egoteaz. Nekatu gara politikarien utzikeriaz. Nekatu gara genozidioaz. Ezin dugu jarraitu palestinarren sufrimenduaren lekuko izaten. Ezin dugu jarraitu umeen negarrak entzuten. Ezin dugu jarraitu herrialde oso bat nola suntsitzen duten ikusten. Ezin dugu eta ez dugu nahi.
Eztabaida egon da Vueltan gertatu zenaren inguruan. Txirrindularien segurtasuna arriskuan jarri zela diote batzuk. Kirola aldarrikapenaren gainetik dagoela diote beste besteek. Argi daukat ez zela izan Israelgo txirrindularien kontrako protesta, Israel egiten ari den sarraskiaren kontrako protesta baizik. Inork ezer egiten duela-eta, herritar talde batek genozidioaren kontrako aldarria entzunarazi nahi izan zuen. Hildako gehiago ez dituztela nahi oihukatu zuten. Palestina askatzeko eskatu zuten. Sarraskia geldiarazteko exijitu zuten. Protesta egiteko beste modu batzuk daudela diote batzuk, baina zerbait egin beharra zegoela uste dut nik.
23 hilabete daramatza Israelek Gaza txikitzen. Denbora honetan, inork ez du Benjamin Netanyahu geldiarazi. Errusia segituan kanporatu zuten Eurovisionetik eta futboleko munduko txapelketatik, baina Israelek nazioarteko lehiaketetan parte hartzen jarraitzen du. Egun batzuk barru, Nazio Batuen Batzar Orokorra egingo dute New Yorken eta hor ere egongo da Israel. Iaz bezala, justifikaziorik ez duena justifikatzen saiatuko da Netanyahu. Atrilera igo eta egiten ari dena Hamasen erasoen erantzuna dela esango du. Israelek asko sufritu duela salduko du. Baina ezetz aipatu 64.000 hildakoak, gosez hiltzen ari diren umeak, familia apurtuak, dena galdu duten herritarrak, etorkizunik gabeko palestinarrak?
Belgikak iragarri du, Nazio Batuen Batzar orokorrean Palestinako estatuaren aitortza egingo duela. Tamalez, baina, ez dirudi Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko burua horren lekuko izango denik. Trumpen Gobernuak Estatu Batuetan sartzeko bisatua ukatu dio. Nazioarteko legedia eta diplomazia leherraraziz, bere lagunaren taldean kokatu da Trump. Genozida baten taldean. Eta horren aurrean ere, epelegia izango da Europar Batasunaren erantzuna. Hori ikusita, herritarroi dagokigu mobilizatzea. Palestinaren aldeko elkartasuna erakusten jarraituko dugu, genozidio hau gelditu arte.
No mirar arriba

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos
