Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Odhams Walk, etxekotasuna trinkotasunean

Londresko erdialdean kokatuta, Odhams Walk eraikinak 102 etxebizitza pribatu eta publiko ditu. Bost edo sei solairuko apartamentu gehienek teilatuko lorategiak dituzte, eta berdegunea ezaugarri nabarmena da.

Etxadiaren barne sekuentziak, espazio kolektiboa eta begetazioa.
Etxadiaren barne sekuentziak, espazio kolektiboa eta begetazioa. (Nekane Azpiazu)

Londresko hiri-testuinguru trinkoan, Odhams Walk bizitegi-multzoak landarediaren ahalmen artikulatzailea agerian uzten du, espazioa eta pertzepzioa egituratzen dituen gailu gisa. Covent Garden berritzeko planaren zati gisa sortu zen 1970eko hamarkada amaieran, eta erakusten du lorategien integrazio sistematikoak etxebizitza kolektiboan etxekotasuna eta komunitatea sortzen dituela, pribatutasunari eta trinkotasunari uko egin gabe.

Proiektua council housing izeneko britainiar tradizioan kokatzen da, eta, aldi berean, XX. mende amaierako norabide politiko eta arauemailea islatzen du, “Right to Buy” bezalako neurrien bidez jabetza pribatuari emandako bultzadak markatutakoa. Garai hartan zalantzan jarritako altuera handiko dorreen ordez, Odhams Walkek altuera txikiaren eta dentsitate handiaren printzipioa hartu eta alternatiba tipologiko bat proposatu zuen, non landarediak funtsezko rola duen espazio bizigarrien kualifikazioan.

Donald Ball arkitektoak diseinatuta, multzoa adreiluzko paralelepipedoak dituen egitura trinkoa da, erdi lurperatutako aparkaleku bat estaltzen duen lauza batean gainean lau mailatan antolatua. Adreiluaren erabilerak tokiko materialtasuna adierazten badu ere, espazioaren konfigurazioa Ingalaterrako ohiko bizitegi-iruditeriatik urruntzen da. Bolumetria barnerakoiak, beteen eta hutsen bidez artikulatuak, erreferentzia mediterraneoak eta iparrafrikarrak dakartza gogora (kasbah-ak, herri mailakatuak), non arkitekturak eta landaretzak mikroklimak eta tarteko espazioak eraikitzen dituzten.

(Nekane Azpiazu)

Sarreratik bertatik ikusten da hiriaren, arkitekturaren eta landaretzaren arteko harremana. Kaletik begiratuta, eraikina opaku samarra da, eta gutxi erakusten du barruan ezkutatzen duen konplexutasuna. Erdiko patiora doazen oinezkoentzako arrapalak zeharkatzean agertzen da lorategidun espazio erdi-publikoa, hiriko zarataren eta etxeko bizitzaren arteko trantsizio gisa antolatua. Patio hori landatutako eremuz zipriztinduta dago, barne-birika gisa jardunez, eta multzoaren maila guztiak lotzen dituen zirkulazio sarearen abiapuntua da.

Zirkulazio horiek, promenade architecturale kontzeptuan oinarrituak, ez dituzte sarbide funtzional hutsak egituratzen; aitzitik, lorategi pribatu eta partekatuek etenda egonaldi eta topaketarako gune bihurtzen dira. Begetazioak eten bisualak, itzala eta paisaia-jarraitutasuna txertatzen ditu; ibilbidea espazioen esperientzia bihurtzen du. Itxurazko irregulartasunaren atzean, ardatz diagonal batek egituratutako antolaketa zorrotza dago.

Multzo honetan konfigurazio desberdinetako 102 etxebizitza daude. Unitate gehienek lorategi-terraza propioa dute, kolektiboaren eta pribatuaren arteko atalase gisa pentsatua. Ikuspegi teknikotik aztertuta, terraza bakoitzak neurri handiko jardinerak ditu, landarediaren garapen egokia ahalbidetzeko behar besteko lur-bolumena hartzeko eta uraren kudeaketa egokia bermatzeko diseinatuak. Horiek horma zatitzaileen gainean kokatzen dira eta karel gisa funtzionatzen dute. Loreontziei esker, landaredi trinkoa garatzen da, zuhaitz, zuhaixka eta loreen aniztasunean oinarritua. Landarediak hormen gainean gainezka egiten du, etxebizitzen eta zirkulazio erdi-pribatuen arteko iragazki fisiko eta bisual gisa jardunez. Lorategiek, ingurumen-balioa emateaz gain, intimitatea erregulatzen dute eta mugak zehazten dituzte, pribatutasun mailaketak eraikitzearekin batera.

Trinkotasuna, landaredia eta komunitatea, egitura bakarrean. (Rubén Cerón)

Landareak aukeratzea eta antolatzea, neurri handi batean, egoiliarren esku geratzen da, eta horrek dimentsio sozial eta kulturala ematen dio azpiegitura berdearen sistemari. Landarediaren dentsitateak, aniztasunak eta mantentzeak, etxeko bizitzaren beharrak asetzeaz gain, norbanakoen zein taldeen identitatea adierazteko balio dute. Lorategi batzuek babeslekuaren ideia indartzen dute; beste batzuk, berriz, irekiagoak dira eta auzokoekin harreman bisualak ahalbidetzen dituzte. Oro har, erabaki horiek paisaia eseki eta berde partekatua sortzen dute, eta landarediak hizkuntza komun gisa jarduten du.

Hiriaren ikuspegitik, Odhams Walkek dentsitatearen bestelako irakurketa proposatzen du. Berdegunea eremu komun handietan edo estalki iritsezinetan kontzentratu beharrean, sekzioan gurutzatzen diren etxe-zatietan banatzen du, eta agerian uzten du landareak etxeko azpiegitura bihur daitezkeela, ibilbideak artikulatuz eta atalaseak definituz. Landaredia ugariak eta hurbilak multzoa gizatiartzen du eta auzotasun-harremanak modu naturalean sustatzen ditu. Odhams Walken komunitatea eta indibidualtasuna orekatzeko gaitasun hori bereziki esanguratsua da etxebizitza kolektiboaren esparruan, eta hiri trinkoan bizimodu komunitarioei eusteko gai dela baieztatzen du.