Garazi Albizua
IRITZIA

Udako usain gozoa

Gazpatxoa gogoko du. Afaltzeko prestatuko du; ideia horrekin atera da orturantz. Izan ere, aurten bai, aurten, lagunek larre bat alokatu dute, zero kilometroko eta sasoiko barazkiak jan ahal izateko. Pozik dira, behingoz egin beharreko urratsa egin dutelako, nahiz eta jakin badakiten ez dela aspaldi bezala izango, lurra dagoeneko kutsatuta baitago. Baina egundoko zortea izan dute, alokairua berez ez delako alokairua izan, lagun baten amamak utzi baitie soroa, belar txarrak han eta hemen ez hedatzeko aitzakiaz.

Udako jardunaldi murriztua duenez, paseo bat ematen ari da orturantz; 15.00ak dira. Justu, aspaldi ikusten ez duen ezagun batekin gurutzatu da. Elikadura ekologikoa izatea garestiegia dela azaldu dio; horregatik baratzearen kontua. Ez bakarrik ekologikoa; erantzun dio besteak, eta, momentuan, ideia batek suspertuta, honekin jarraitu du: aizu, badakizu herriko supermerkatuetan eskaintza berezia egiten dutela? Eguna bukatzean alferrik galduko diren gauzak bi euroan jartzen dituzte. Gaineratu du app baten bidez ere “kutxa sorpresa” delakoa erostea dagoela, 6 euroan, eta pila bat kontu sartzen dituztela bertan. Esan duenez, arazoa da etxean txerririk ez dutela jaten, eta, beraz, alferrik galtzen zaiela okela. Irribarretsu agurtu du alde egin aurretik.

Eguzkiak gogor jotzen duenez, terraza batean kafesnea izotzarekin hartzea pentsatu du, beroa makaldu arte. Bitartean, irakurri egin dezake. Chantal Maillarden “Diarios indios” atera du, baita boligrafoa ere. Hurrengoa azpimarratu du: «Lotsak -Mendebaldean erakusten diguten eta diskrezioa deitzen diogun horrek- begirada saihesten du. (...) Begiratzea besteak egiten duena laguntzea da».

Une horretan paretik pasa da bigarren ezagun bat; kafea nahi ote duen galdetu dio; ez, ordea; haurra udako kanpamentuetatik aterako dela. Arineketan doala bila: zurea, non da?; aitite-amamarekin -azaldu dio- herrian, gustura. Baiezko keinu isila egin du ezagunak. Oporren bitartean, udaleku batetik bestera saltoka ibili behar duela bereak, dela kirol pasa, dela musika kanpaldia, dela natura egonaldia... familia urrunegi izatearen miseriak.

Azkenean, heldu da baratzera. Tomateen usain gozoa nostalgikoa da, magikoa ere bai. Fruitu gorri handi bat ikusi du; esku artean hartu, buelta eman eta konturatu da kraka sartu zaiola; ez horri bakarrik, landare guztiak kutsatu omen dira. Hasperen egin du. Esango luke nahiago duela metaforak literaturan lerratzen direnean.