MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Aldaketa gaur hasiko balitz

Gaur hasiko dira gauza asko argitzen. Hasteko eta behin, gauza garrantzitsu bat jakingo dugu: herritarrok gure bozekin zer erabaki dugun. Gaurkoa oso garrantzitsua da eta gure esku dago. Oso garrantzitsua da ondorengoa baldintzatu dezakeelako eta ondorengoa, gehiengo osorik ezean, garrantzitsua izango da datozen lau urte hauetarako, eta Nafarroaren kasuan aro berri bati hasiera eman nahi bazaio. Gaurkoa batzuentzat ez da lasterketaren amaiera izango, lasterketaren amaiera Espainian dago batzuentzat, udazkenean. Baina Euskal Herrian gauza asko daude jokoan eta Euskal Herria ikusmiran dugunontzat gaurkoa da aspaldiko egunik esanguratsuena. Datozen egunotan, kasurik okerrenean datozen hilabeteotan, gertatuko dena ez da gure esku egongo, alderdi politikoek kudeatuko dute. Alderdiak izango dira, bakarrik gobernatzeko gehiengo nahikorik ezean, beste gehiengo batzuk hobetsiko dituztenak. Batzuk gustukoak izango zaizkigu, beste batzuk ez hain gustukoak. Onartu beharra izango da, batuketa horiek legitimoak direla, gustatu ala ez gustatu. Baterako balio duenak besterako ere balio beharko du. Alderdi politiko nagusiek sekulako eskuzabaltasuna izan beharko dute, ziur asko egoerarik hoberenetan ere gaur jokoan dagoen aldaketarik nagusiena gauzatzeko. Gerta liteke aldaketa horrek eragina izatea Euskal Herriko beste lurralde batzuetan ere. Horrela behar luke herritarrek gure bozekin aldaketarako baldintzak egokitu baditugu, eta alderdiei sinesgarritasun apurrik geratuko bazaie gaurko egunaren ostean.

Kanpotik etorriko den erasoa handia izango da. Saiatuko dira hauteskundeak errepikarazten ere. Egia da azken sondeoek gaur zortzi ziotenez, Andaluzian hauteskundeak errepikatuko balira, errepikapen hori bultzatu dutenei egingo liekeela kalterik handiena, baina ez dakit hango lezioak komeni zaizkienean baino ez ote dituzten kontuan hartzen hemen, «txapuzak baino hauteskundeak nahiago» dituztenek. Euskal Herrian hurrengo hauteskunde nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak izango dira, udazkeneko Espainiako gorteetakoak baino garrantzitsuagoak herri bezala hazteko. Gauzak horrela, tartean beste kanpaina bat izango bada ere, hartu beharko litzateke tarte eraikitzaileago bat. Hala, hau izan daiteke herri honen etorkizuna ehuntzen hasteko une garrantzitsu bat. Herritarrak ari dira horretan, baina alderdiak sekulako eztabaidan murgilduta aritu dira, hauteskunde hauetarako kanpainaurre amaigabean eta gaur amaitu den hauteskunde prozesuan. Ez dakit sortutako zauriak nolako sakonak diren. Nahastu egiten naute alderdi politikoetako ordezkariek eta uste dudanean elkar gorroto dutela, elkarri sekulakoak bizkarreratu ondoren, burua itzuli eta ezer gertatu ez balitz bezala aritzen dira sarri. Espero dut kasu batzuetan horrela izatea eta herritarrak bezala beste harreman batzuk ehuntzen hastea. Aldaketa gaur hasiko balitz, ezinbestekoa litzateke beste era batera jarduten hastea. Boza gure esku dago, etorkizuna guztion esku.