MIREN AMURIZA
IRITZIA

Sareginak

Itzela izango da gaurkoa. Lourdes, esaterako, goizean goiz abiatuko da Bermeotik Bilbora. Kuadrilla, seme-alaba, loba, bizilagun… autobusa gainezka. Eguerdian Alde Zaharrean ibiliko dira kantari, eta, ondoren, bezperan prestatutako tortilla-patata, solomo, piper eta enparauekin hornituko dute denen artean bazkaria. Arratsaldeko bostak orduko, San Mames Barrian egongo dira lekua hartuta. Halako jendetzarik! Ibaik artega galdetuko dio amumari ea saioa noiz hasiko den eta ea berak marrazkiz betetako oihal txatala non dagoen... Handik gerotxoago, hunkituta joko du txalo amumak, noiz edo noiz Ibai txikia herri libre batean biziko ote den bere buruari galdetuz. Ekitaldiaren ostean gaztetako lagunak aurkituko ditu Lourdesek, musuak eta besarkadak. Etxerako bidea erdi lo egingo du, nekatuta baina pozik. Oheratu eta despertadoreari azkenekoz begiratzen dionerako, gauerdia izango da.

Goizeko seiak orduko, kolpetik itzartuko du telefonoak; barkua sartu dela eta joateko segituan. Armosatzeko ere asti barik, arin-aringa joango da portura. Arrain usaina. Bertan, apurtutako sareak erakutsiko dizkio patroiak. Fresko egingo du. Hamar bat lagunentzako lana izango da gutxienik, baina biren artean konpondu beharko dute eta hantxe egongo dira gautu arte. Eta Lourdesek bezperan jotako txaloen hautsa astinduko du atzamar puntekin.

Desagertzear dagoen ofizioa da sareginena, arrantzan dabilen ontzi kopurua geroago eta urriagoa baita. Hego Euskal Herriko sei portutan jarraitzen dute eskulanean (Hondarribia, Orio, Getaria, Ondarroa, Lekeitio eta Bermeon), baina euren jarduna ez dago lanbide modura errekonozituta eta autonomo lez dihardute. Barkuen pentsura bizi dira denak: ontziren bat porturatuz gero, berehala joan behar izaten dira bertara (astegunez zein jaiz) eta sare guztiak atondu artean ekin. Barkurik ez datorrenean, ostera, ez dute jakiten langabezia noiz arte luzatuko zaien. Orain urte batzuk, lan baldintzak hobetu asmoz, laguntza eske joan ziren zenbait armadore eta kofradiarengana, baina horiek borondate handirik agertu ez, eta Saregin eta Kai-neskatilen Euskadiko Elkartea sortu zuten. Egun, eginkizun nagusi bi ditu elkarteak: sareginen egoera laborala hobetzea eta beharginen arteko zubi-lana egitea. Hala, sasoi batean nor bere herrian aritzen zen eran, orain portu batetik bestera ibiltzen dira elkarri laguntzen. Hotzetan hotz, berotan bero; itsasoari begira bizi izan den herri baten historia ehuntzen jarraitzen dute emakume sareginek. Eta horixe dagokigu geuri ere bihartik aurrera: eguneroko lan xume bezain funtsezkoekin jarraitu eta geure artean saretzea, berandu baino lehen erabakia ehundu dezagun.