MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

«Paris vaut bien une messe»

Nafarroako erregina Joana Albretekoa hil zenean, Enrike III.a Nafarroako erregeak (Enrike IV.a Frantziakoa) erlijio katolikoa berrezarri zuen eta kultu protestantea ukatu, bera protestantea izanagatik argi ikusi zuelako Frantziako errege izateko katolizismoa bere egin behar zuela. Katoliko egin eta erlijio hori zabal zedila agindu zuen. Handik sei urtera Rex Christianisimus izendatu zuen Aita Santuak. Hortik omen dator «Merezi du Parisek meza bat» esaldia. Geroztik, amaigabeak izan dira esaldi horren zergatiaren eztabaidak. Askoren ustez, lehentasunak ezartzearen garrantzia azpimarratu nahi zuen: balio duela zerbaiti ezetz esatea, baita ukatzea ere, itxuraz oso garrantzitsua izan arren, benetan nahi dena lortzeko bada.

Parisen gertatutakoa izugarria izan da. Ikaragarria.

François Hollandek erasoak gertatu eta minutu gutxira esan zuen «gerra ekintza» izan zirela erasoak eta «errukirik» gabe jokatuko dutela Estatu Islamikoaren kontra. Ziur asko, bera ere, futbol estadiotik aterarazi berria, hildakoen eta zaurituen kopuru zehatza jakin gabe, beldur eta oinazearen erdian hunkituta zegoen, eta beldurra zuen, oinazea zuen, eta erantzun eske zeuden Frantzia eta Europa osoaren bozeramaile izan zen.

Beldurraren eta gorrotoaren mezua oso erraz zabaltzen da, ordea. Ez da ba zabalduko, ostiral gau arrunt batean zerbait hartzen ari diren gu bezalako gizon-emakumeak, gu bezala kontzertu bat entzutera joan direnak, tiroka hil badituzte, besterik gabe? Gerraren mezua oso erraz zabaltzen da. Gorrotoaren mezua oso erraz zabaltzen da. Erasoak Parisen izan dira, hortxe, kotxez iristen garen hiri horretan. Disneylandetik gertu. 11 urteko haurrak galdetu dit gertatutakoaren gainean, berak aipatu du Disneyland. Oso zaila da 11 urteko seme edo alaba bati gertatutakoa modu sinpleetatik at kontatzea, bere baitan «onak eta gaiztoak» eskema errazak besterik gabe tokirik har ez dezan. Ez da erraza kontatzea urrutiago, askoz ere urrutiago, halakoak ere gertatzen direla, oraingo honetan zintzoen multzoan bildu ditugunek sortzen dutelarik inola ere merezi ez dutenen heriotza. Hori bai dela gerra ekintza, behin eta berriz merezi ez duenaren heriotza gertatzea, kudeaketa inozo eta ikusmira laburrekoagatik, bai alde batetik, baita bestetik ere.

Gertatutakoa ikuspegi geopolitiko zabalagotik aztertu behar da, edo beharko litzateke, irtenbide osoa eta eraginkorra emateko, gerra eskema gainditu eta konponbide bidean kokatzeko. Arazo zail eta korapilatsua da, ertz asko dituena, orain oraingoa ez dena. Sarraski honek erakutsi du konponbideari era osoan, integralean, heltzen ez bazaio, horrelakoak ezin direla inola ere ekidin. Erasoak ez dira kanpotik, hegaz, abioi itxuran etorriko; barru-barrutik baizik. Mereziko du Parisek meza bat askorentzat gertatu denagatik, otoitzak mesede egingo duelakoan. Mereziko du beste batzuentzat Enrike III.ak esan zuen zentzuan. Parisek merezi duena da hausnarketa oso sakon bat, guztiongan eragina duen arazo oso larri honen aurrean.