amagoia mujika
IRITZIA

Emakume

Zerk egiten zaitu emakume? Galdera bota didate eta ez dut jakin segidan erantzuten. Eta badirudi boteprontoan erantzuten ez dituzun galderek biluzik uzten zaituztela, agerian eta babesik gabe. Bigarren botean erantzuten dituzunerako erantzunak txispa guztia galduta dauka, gasik gabe geratu den garagardo geldo horrek bezala. Ja ez da hain freskagarria. Bigarren boteko erantzuna ja ez da hain sinesgarria. [Dena azkar eta presaka egiten den jendarte ero honetan «ez dakit seguru, utzi denbora bat pentsatzeko» bezalako formulak aldarrikatu beharko genituzke, denon mesedetan].

Ez dakit zerk egiten nauen emakume. Gero eta gehiago sentitzen naiz «ni» eta orain lerro horretan ari naiz ikertzen: Zerk egiten nau ni? Eta horixe erantzun diot lehenengo galdera bota didanari –hirugarren botean edo– «ez dakit emakume edo gizon, ni gero eta gehiago sentitzen naiz ni». Ni horren baitakoa da beste guztia.

Haurrak ginela futbolean ibili ginen, mutilak baino baldarrago eta haiek utzitako jantziekin. Handiegiak eta zaharregiak ziren jantziak, koloreak janda zituzten, baina haiekin aritu ginen lehendabiziko urteetan, «serio samar» arituko ginela frogatu eta jantzi berriak ekarri zizkiguten arte. Gelako mutilek ez zuten frogatu behar izan futbolean serio jokatzeko asmoa zutela.

Nerabezaroan herriko taberna batean geundela nire lagun batek sekulako zaplaztekoa eman zion aurretik bularra ukitu zion gizonezko bati. Gu baino dezente helduagoa zen eta errespetu falta handia iruditu zitzaion «mukizu batek» masaila berotu izana. Korrika alde egin genuen tabernatik, sua guk piztu izan bagenu bezala.

Duela gutxi gauez eta bakarrik suertatu naiz aparkaleku apartatu batean. Ustez pausaje segurua daukat dagoeneko, taberna batean nagoenean ez daukat inork nire gogoaren kontra ukituko nauen beldurrik, heldua naiz eta ezagutzen ditut nire indarguneak eta ahulguneak... baina, konturatu gabe bezala, nahi gabe bezala, gauez eta bakarrik noala pausoa azkartu dut eta arnasa estutu zait.

Ez dakit zerk egiten nauen emakume. Baina emakumea naiz, eta hala hazi naiz, argi identifikatu gabeko beldurren gainean, lausoak diruditen traben azpian. Martxoaren 8an, emakumea naizela ospatuko dut. Ospatu eta berriz lanera, emakume eta gizonezko izateko moduak deseraiki eta norbera izateko modu berriak eraikitzen segitzeko. Gero eta gehiago gutako bakoitza norbera izateko; garenetik eta izan nahi dugunetik ahalik eta gertuen. Beldurtzen, estutzen eta larritzen gaituzten moldeetatik kanpo. Gizon edo emakume, gutako bakoitza bereziegia da moldeetan sartzeko, madalenak bagina bezala.