Plurala
Askotarikoa da jendartea. Plurala. Denon neurriko herria eraiki behar dugu. Pertsona guztiak parte sentitzen direna. Kolore politiko guztiak kabitzeko modukoa. Pertsona helburu. Jendeak agintzen du...
Kostatzen ari zait kanpainak eragindako buruko mina apaltzen. Aipatu ditudan horiek guztiak entzun dizkiegu kolore desberdineko politikariei, punta batekoei, bestekoei eta tartekoei. Baina honezkero konturatuta nago «denon» beharra esaten dutenean, «jendea» esaten dutenean, «pertsonak» esaten dutenean, bakoitzak bere bueltakoak dituela buruan. Horregatik sentitzen dute batzuek enpatia enpresariekin eta beste batzuek langileekin. Horregatik kezkatzen dira batzuk aberatsen «arazoekin» eta besteak pobreen gosearekin.
Gure herria plurala da. Baina plurala, gure hiztegiko beste hitz asko bezala, barrutik hutsik dagoen hitz ponpoxo bat baino ez da dagoeneko. Hainbestetan eta hain gaizki erabiltzearen ondorio tristea. Laster hasi beharko dugu gure hiztegia egiatako hitzez berriz betetzen. Sikiera geronek sinisten ditugun hitzez.
Baina, hitzak hitz, gure herria plurala da. Oso plurala. Joan den asteburuko hauteskundeetan ariketa argigarria egitea egokitu zait. Bezperako egunak eta hauteskundeetakoa bera ospitale baten bueltan eman ditut. Gertatzen dira horrelakoak. Gure herriko askotariko jende hori ospitaletan elkartzen da. Baita eskolako atarietan, hondartzan, zineman, lanean... ere, baina ospitalean desberdina da. Gela bat, bi ohe, edonoren duintasuna kolokan jartzen duen kamisoi zelebre bat, intimitatea babestu baino zulatu egiten duen gortina... Total, gela bat, bi ohe eta bi mundu, etxe bakoitzak bere mundua baitakar bizkarrean. Baina hantxe egon behar da, eta negoziatu. Negoziatu telebistan zer ikusi eta zein bolumenetan. Negoziatu leihoa itxi edo ireki. Hautatu gabeko elkarbizitza negoziatu, alegia.
Gerta daiteke egun pare batez Gipuzkoako herri euskaldunenetako bateko familia batekin topo egitea eta euskaraz hitzik ez egitea. Egunon vs buenos días. Gero arte vs chao. Eta haserretu gabe moldatzea, kortesiaz. Gerta daiteke beste egun pare batez osasun egoera kaskarra umore onenarekin sendatzen duen euskaldun builoso batekin partekatzea. Telebista baxu jarri eta ozen komentatzen duena. Eta haserretu gabe moldatzea, jendetasunez. Elkarren bizitzaren berri zeozer jakin dugu. Ez dugu hauteskundeez hitz egin, seguru samar ginelako desberdin bozkatzen dugula. Baina normaltasunez partekatu ditugu egunak. A zer erremedioa!
Gure herria plurala da. Uste duguna baino askoz gehiago. Erronka ederra herria egiten segitzeko. Ospitaleko gela horietan bezala, elkarbizitzarako gutxieneko batzuk erein beharko ditugu. Eta gero bakoitza bere ingurura bildu, horkoa sentitzearen pozaz.




