Miwa Suzuki

Estoldetan marraztutako altxorren bila

Zer ikusi bada Japonian eta bisitariak begiak zabal-zabal egin behar ditu alde batekoa eta bestekoa ikusteko. Baina, behera begira jartzeak ere merezi du, antza. Izan ere, errepide eta espaloietan «altxor» deigarri eta koloretsuak topa daitezke. Orain dela 40 urte ekin zieten estoldetako tapak apaintzeari eta usadio ez ezik zaletasun ere bilakatu da askorentzat, herrialdean barna haiek topatzeko ahaleginean kilometro andana egiterainokoa gainera.

Japoniako 1.700 bat herrik dituzte pertsonalizatutako eta kolore ugariko ereduak. Burdinurtuko plaka hauek espazio publikoak edertzeko balio dute, baina baita turistak erakartzeko ere. Historia, geografia edota tokian tokiko ohiturak hartzen dituzte oinarrian: gaztelu bat Osakan, Tokioko badia hartzen duen zubi ikonikoa Yokohamako portuan; edota Fuji mendia izen bera duen hirian. Tokioko mendebaldean kokatutako Tama Cityk, aldiz, irudi berriago bat hartu du kontuan estolda plakak apaintzeko: Hello Kitty. Izan ere, berak apaintzen ditu haurrentzako parke baten ondoan apropos jarritako hamar isurbideak.

48 urte ditu Shoji Morimotok eta Fukui hirira egin zuen bidaia batean gerturatu zen lehendabiziko aldiz “joko” honetara, bi fenix hegaztirekin apaindutako estoldak ikusi zituenean. Bere errautsetatik berpizten zen hegaztia ikusteak jakin-mina piztu zion. Geroago jakin zuenez, irudi honek hiriak bitan ezagututako susperraldia irudikatu nahi zuen: Bigarren Mundu Gerran 1945ean bonbez erasoa izan ostean bizitakoa lehenik; eta 1948an lurrikara batek suntsitu ondorengoa bigarren aldiz.

Bidaiatzeko aitzakia. «Batzuetan ikertu egiten dut zein hirik zein irudi erabiltzen duen, eta txundituta geratzen naiz ohartzean estoldek zein ondo irudikatzen duten herri baten historia eta bere kultura», azaldu du teknologia berrietan espezializatutako marka bateko saltzaile honek. Bere etxetik gertu dauden estolden inguruko informazioa pilatu du jada. «Orain urrutiago bidaiatu behar dut berriak deskubritu ahal izateko», aipatu du.

Morimotoren antzera zaletasun hau duten pertsonek argazkia ateratzen diete topatzen dituzten estolda deigarrienei eta sare sozialen bitartez zabaltzen dituzte euren “aurkikuntzak”. Joera hau duten pertsonei apropos izena ere eman diete jada: manhoumania (manhoru estolda da japonieraz). Nork bere erara bizitzen du zaletasun hau: batzuek igurtzi egiten dituzte irudikatzen duten hori beren egiteko; beste batzuek lur azpiko telekomunikazio sareen plakak maite dituzte, Tetsuro Sasabe kasu: «Plaka hor dago; niri behean dagoen hori interesatzen zait gehiago». Badira xarma estoldaren bazterretan hazten den landaredian ikusten dutenak ere.

Zaletasun hau duten pertsonak batzen dituzten kongresuak ere antolatzen dira eta zenbaitetan milaka lagun ere batu izan dituzte. Ez hori bakarrik, haien irudiak biltzen dituzten museoak ere zabaldu dira dagoeneko.

Txanponekin edota zigilu-markekin egiten den moduan 40 kiloko pisua duten tapa hauek pilatzea ez da erraza eta horregatik GKP izeneko enpresa batek ia milioi eta erdi kromo argitaratu ditu 293 estolda taparen irudiak eta bakoitzaren koordenatu datuak bilduta. Hala, bila abiatu nahi dutenei lana erraztu diete. Txartel bakoitza dohainik banatzen da, baina estolda horiek kokatzen diren herrietako udal egoitzetan soilik. «Uste dugu Japoniako estolden tapak harro egoteko moduko kultura produktuak direla», dio Hideto Yamada GKPko arduradunetako batek.


Irudia eta segurtasuna. Orain dela 40 bat urte jaio zen moda hau Ekialde Urruneko herrialde honetan, isurbideetako tapak egiten zituen industriak estalkion irudia hobetzeko bidea abiatu zuenean. Era berean, oinezkoek eta ibilgailuek irrist egin ez zezaten, tapa hauei erliebea eman nahi izan zieten. Lehenik eta behin, lainoak, olatuak edota izarrak egiten hasi ziren eta beranduago garatu zituzten irudi konplexu eta koloretsuago hauek. Halere, Japonian dauden 15 milioi zuloetako batzuk baino ez daude oraindik modu honetan apainduta; izan ere, tapa deigarri hauek jartzeak ohikoak baino kostu handiagoa du.

Estoldetako irudi hauek saldu ere egiten dira eta ez arrakasta gutxirekin, gainera. Urrian 190 lagunek parte hartu zuten Maebashi hirian hamar tapa banatzeko zozketan. Bakoitza 3.000 yenetan (22 euro pasatxoan) saldu zen.