Oihan Jimenez
ice music festival

Izotzetik sortzen den musikak ez du inor hotz uzten

Gizakiak berezkoa du musika sortzea, eta musika, haurrek ondo dakiten bezala, ia edozein gai edo gailurekin egin daiteke. Izotzarekin ere bai, noski. Ideia hau buruan zuela, duela hemeretzi urte konpositore norvegiar batek izotzezko musika tresnak sortzeari ekin zion, eta 2006an jaialdi bat antolatu zuen lehengai horri erabat eskainia. Urteko lehenengo ilbetean egiten dute, eta bertan izatea gozamena da melomano eta elurzale den ororentzat.

Aurtengo neguak ez die aitzakiarik eman elurraz gozatzea atsegin duten herrikideei, aldiro iparraldetik datozen afrontuei begi maitekorrez begiratzen dieten horiei, hain zuzen. Ekaitzek bazterrak ondo zuritu dituzte gurean, eta tantak maluta bihurtzen diren langa ia itsasoaren mailara jaitsi da noiz edo noiz. Egun hotz-hotzak ere izan ditugu, salda beroak urrearen prezioa duen horietakoak. Eta, halere, neguzale horiei inbidia puntu bat emango diete erreportaje honetan azaltzen diren argazkiek.

Norvegian hartutakoak dira irudiak, Finse udalerrian, eta Ice Music Festival 2018 jaialdiari dagozkie. Izenak adierazten duen bezala, elur eta izotz eremu zabalean ospatu zen aipatu musika jaialdia, otsailaren hasieran, baina ice horrek ez dio inguruneari bakarrik begiratzen, musika egiteko erabiltzen diren tresnak ere izotzez egindakoak izan baitziren.

Ice Music Festival Terje Isungset eta Pål Knutsson Medhus musikari norvegiarrek 2006an abian jarri zuten ekimena da, eta ordutik urtero-urtero ospatu izan da Geilo herrian, aurten Finsera aldatu den arte. Boluntarioek antolatzen dituzte ekitaldiak eta muntatzen dituzte azpiegiturak, eta bertaratzen diren musikazaleek oso tenperatura hotzei aurre egiten diete, nahiz eta kontzertuak egiten diren aretoan eta gaua igarotzeko atondutako igluetan giro epelagoa egon.

 

 

Hogei urte izotzezko tresnak egiten. Jaialdia urteko lehen ilbetean ospatzen da, data zehatz horren inguruko egunetan, eta hogeita hamar lagunek parte hartu ohi dute antolakuntza lanetan, horietako gehienak oso gazteak. Besteak beste, izotza lantzen duten zizelkatzaileak, diseinatzaileak, arkitektoak eta artistak aritu ziren urtarrilean zehar hamar egunez jaialdian dena ondo atera zedin gogor lanean. Eta emaitzak ikusita, lan bikaina egin zuten.

Aipatu bezala, Terje Isungset musikariak bultzatutako ekimena da hauxe, eta logika du horrek, bera baita izotzez egindako musika-tresnetan aditu nagusia. Duela ia hogei urte hasi zen horrelako tresnak egiten, eta mundu guztian zehar ibili da horiek erakusten.

Baina aurretik beste mota askotako tresna bereziak egiten zituen. Izan ere, Isungset perkusio jotzailea eta konpositorea ogibidez, iragan mendeko 80ko hamarkadako azken urteetan hasi zen naturan aurkitutako gaiak eta beste esparru batzuetatik hartutakoak (industrian, adibidez) beren-beregi musika tresnak egiteko erabiltzen. Egurra, harria, metala, makinak... dena zen berarentzat baliagarria musika egiteko. Berak, edonola ere, amets bat zuen, izotzarekin gauza bera egitea, musika jotzea, baina gai horretan bete ezineko ametsa iruditzen zitzaion. Baina mendea bukatzear zegoela, 1999an, Lillehammer Winter Festivaleko arduradunek galdegin zioten izoztutako ur-jauzi baten inguruan kontzertu bat antolatzeko eta zuzentzeko. Eta Isungsetek, erronka onartuta, erabaki zuen ibai horretako gaiak erabiltzea bere konposizioan. Ohi bezala, harriak, egurra... aukeratu zituen, eta azkenean, beldurrak eta zalantzak uxatuta, izotza ere erabiltzea erabaki zuen. Kontzertuak arrakasta itzela izan zuen.

Ordutik, izotzezko tresnak egiten eta jotzen jarraitu du, eta baita ere musika horrekin diskoak grabatzen. Lehenengoa –“Iceman Is”– 2001ean grabatu zuen Suediako Ice Hotelen, eta 2005ean All Ice Records diskoetxe independentea sortu zuen, izotzezko tresnekin egindako lanak ekoitzi eta ezagutarazteko. Berak hiri eta herrietatik urrun dauden inguruneetako ibai eta lakuetako ur garbi izoztua erabiltzen du, eta antza sortzen duen musika tresnak eurak bezain ederra da.

Diskoetxea sortu eta gutxira izan zuen Izotz Musika Jaialdi bat antolatzeko ideia ere, eta asmo zoro hori 2006an egikaritu zen, aipatu bezala, Geilo herrian, urte horretako lehenengo ilbetearekin batera. Hurrengo urtean, gainera, munduan zehar bira egin zuen, eta orotara 33 kontzertu jo zituen. Dagoeneko, musikari norvegiarrak 6 CD argitaratu ditu, eta emanaldiak eskaini ditu Japonian, Txinan, Errusian, AEBetan, Irlandan, Kanadan, eta beste hainbat herrialdetan.

 

Urte bakoitza berezia izaten da. Edonola ere, Ice Music Festival jaialdia bere sorkuntza nagusia eta ezagunena da gaur egun, bere begietako ninia. Haren ideia da, hasiera-hasieratik, edozein musikarik izotza erabiliz tresna egin eta bertan musika jotzea. Eta ez musika bakarrik, arteak ere garrantzia hartu baitu azken urteetan, eta izotzezko artelan asko ikusgai izan dira jaialdi honetan. Ildo berean, Bergen hiriko unibertsitateko ikasle asko buru-belarri inplikatu dira ekimen honetan eta eurak dira bisitariak hartzeko beharrezkoak diren eraikinak egiten dituztenak.

Edonola ere, izotza beti elementu nagusia izanagatik, jaialdia desberdina izaten da urtetik urtera, eta edizio bakoitzean «urteko tresna» bat aukeratzen dute eta garrantzi berezia ematen diote. Eta horrela, izotzezko harpak, biolinak, didgeridooak, adarrak, baxuak, tronpetak... ikusi eta entzun ahal izan dituzte urte hauetan Geilo edo Finsera hurbildu direnek.

Bestalde, musikak garrantzi nagusia duen arren, aldaketa klimatikoaren kontrako lanean ere inplikatuta daude antolatzaileak, hain zuzen, izotz geruzaren mehetzea delako prozesu horren ondorioetako bat. Horiek horrela, egunero izotzaren laginak hartu eta Bergeneko Unibertsitatean arlo honetan lan egiten duten ikertzaileei ematen dizkiete, azter ditzaten.

Eta gezurra ematen duen arren, Norvegiakoa ez da Izotzezko Musika Jaialdi bakarra, handik ez oso urrun, Suediako Laponian, antzeko beste bat antolatzen baitute. 200 lagun har ditzakeen The ICEconcerthall izeneko aretoan izaten dira kontzertuak, eta urtarrilean hasi eta martxora arte irauten du jaialdiak. Beraz, oraindik azken notak entzuteko garaiz gabiltza...