Daniel Denvir, Mikel Zubimendik moldatua
Interview
ALEXANdRIA OCASIO-CORTEZ

«Langile familien aldeko borrokan konplexurik gabeko irabazle bat naiz»

B erez, “Jacobin” aldizkari estatubatuarraren “Jacobin Radio-The Dig” podcast-erako emandako elkarrizketa da ondorengoa. Gero “Sin Permiso” astekari elektronikoak itzuli eta transkribatu, eta honen baimenaz, laburtuta bada ere 7K-k eskaintzen dizuen saio honetan, Alexandria Ocasio-Cortezek (New York, 1989) New Yorkeko Alderdi Demokrataren primarioetan berriki eskuratutako garaipena aztertzen du. Eta demokrata zentristak ezkerreko lehiakideen aurrean zergatik ageri diren hain ahul, boto eskubidearen gabetzea, Puerto Ricoren estatus politikoa eta beste hainbat kontu ere aipatu ditu.

Ia inork etortzen ikusi ez zuen New Yorkeko 14. barrutiko primarioetako garaipenarekin, Alderdi Demokratako eskarmentu handiko hautagai boteretsua, Joe Cowley, garaitu zuen. Democratic Socialist of America (DSA) taldeko 28 urteko kide hau, iaz tabernari gisa lanean zebilena, historiako kongresukide emakume gazteena izan daiteke azaroan, Kongresuan bozeramaile demokrata izatera deitua zenari aise irabazita.

Galdera pragmatiko bat, hasteko. Nola irabazi zenuen? Nolako operazioa izan zen lekuan bertan?

Kanpaina hasi zenean ez nekien non ari nintzen sartzen, baina bai nolako kanpaina egingo zuen nire aurkariak: estandarra, ohiko kanpaina demokrata korporatiboa. Mota horretakoak ez dira lekuan bertan errotzen. Nik primarioetara banekarren komunitatearen antolatzaile bezala esperientzia bat bizkar-zorroan. Hasieratik, saiatu nintzen pertsonak antolatzen, koalizio bat eraikitzen, eta koalizio horretan beste antolatzaile batzuekin harremana sakontzen kontzentratu nintzen. Antolakuntza eta irismen digitala bermatzen zentratu nintzen, ia erabat.

Nire kanpainan jardun zuten ia denentzat lehen aldia zen, lan hori, politika elektorala, ia ez zuten ezagutzen. Askok nahitara egiten zioten uko politika horri. Sei hilabete pasa nituen herri antolakundeen artean konfiantza josten, eta konfiantza eta sinesgarritasun horren zati bat erabiltzen politika elektoralean sinesten ez zuten pertsonen formakuntzan.

120.000 ate jo genituen. 170.000 testu mezu igorri eta 120.000 telefono dei egin. Izan ere, parte-hartze fase horretara iritsi baino lehen, urte bat lehenago, erregistrotik ateratzeko kanpaina bat abiatu genuen, zeren eta New York Ameriketako Estatu Batuetan botatzeko denik eta estatu murriztaileena baita. New Yorken botatzeko erregistratua bazaude eta boto-emaile independentea bazara, edo ez, zure alderdiaren erregistroa aldatu behar duzu urte bat lehenagotik hurrengo urteko primarioetan botatu ahal izateko.

 

Honek min handia eman zion Bernie Sandersen kanpainari.

Bai, hiru milioi boto-emaile independente eta afiliatu gabeak dauzkagu New Yorkeko estatuan. Boto-emaileen talde handiena da eta sistematikoki kentzen diete beren eskubidea. Primarioak baino urte bat lehenago jendea erregistratzearen aldeko kanpaina egin genuen, eta independenteak eta afiliatu gabekoak sartzen saiatu ginen. Milaka telefono dei egin genituen: «Aizu, datorren urtean Kongresurako hautagai aurrerakoi bat egon behar da. Ez du korporazio handien dirua onartzen. Baina irabazteko aukera bakarra zu bezalako jendea demokrata gisa erregistratzea da».

Hori egin nuen eskaera gogorrena izan zen, ez nuen hura bezalako beste ate itxirik aurkitu. Telefonoa hartu eta jendeak madarikatzen ninduen. Nik zera esaten nien: «Aditu, ulertzen dut. Ulertzen dut demokrata erregistratu nahi ez izatea». Duela urte bateko ahalegin hark, arrakastatsua izan ala ez, asko lagundu gintuen, atez ateko kanpaina egiteko indartu gintuen, gure jarraitzaileak identifikatzen lagundu. Hori izan zen gure kanpainaren oinarria.

Kanpainan ez genuen telebista iragarki bat bera ere egin. Nire aurkariak ekaineko egun guztietan publikatu zituen. Barrutian erregistratutako demokrata guztiei hamabost mezu distiratsu igorri zizkien. Nik “Victoria’s Secret-en katalogoa” deitzen diet horiei.

Birziklatzeko zaborrontzira doazelako?

Bai, hautagaiaren aurpegiaren argazkia aurrean daramaten paper distiratsu horiek dira. Jendearen postontziak lurperatzen dituzte halakoekin. Horrelako iragarkiak gure aurrekontuetatik guztiz kanpo zeuden.

Baina kalean ez ziguten irabazi. Oso presentzia urria izan zuten, han-hemenka bazituzten pertsona batzuk baino oso gutxi ziren. Guk ehunka boluntario jasotzen genituen. Kanpainaren amaieran Massachusettsetik, Ohiotik, gidatzen zuen jendeak guri laguntzera etortzeko. Hori da gogo handi edo berotasun estra horrek ematen duen abantaila. Posible da komunikabideek gure kanpainari jaramonik ez egitea, baina jende arruntak horixe egiten ziola jaramon!

«Establishment-aren» hainbat pertsona famatu zure garaipena gutxiesten saiatu dira. Zure garaipena interpretatu eta desitxuratzeko egiten ari diren saioaz zer iritzi duzu?

Ez nau asko larritzen. Hasieran, lehen 24/48 orduetan nire garaipenari buruz ematen ari ziren azalpen guztiak ikusi nituen. Ez ninduen molestatu, horietako inork ez zituelako primarioak aztertu, ezta arreta jarri ere. Banekien, nolabait, egoera berriak «erregea biluzik dago» bat suposatzen zuela establishment politikoarentzat, komunikabide konbentzional askorentzat.

Aurrez, nire kanpainaren inguruan “The New York Times”-eko erreportariekin orduak eman nituen hizketan, direnak eta ez direnak kontatu nizkien. Kazetariekin ni nor nintzen azalduz hitz egin nuen. Baina haiek erabaki zuten kanpainaren berri ez ematea. Ez zen radarretik kanpo geratzen den gauza txiki-txiki baten kontua. Badirudi historia ezerezetik datorrela, baina ez zen halakorik izan.

Eta zintzoki diotsut, hori ondo dago, zeren nire kanpainaren aldeko nolabaiteko abantaila bat izan zen. Gogoan dut nola ero baten moduan mediotik mediora ibili nintzen irabazi nuen aste horretan kazetari guztiek galdera berdinak egiten zizkidaten. Eta gogoan dut elkarrekin eseri eta Univisioneko kazetari batzuek «nola definitzen duzu zure burua?» galdetu zidatela. Telebista kate bateko kazetari batek egin zidan gisa horretako lehenengo galdera izan zen.

 

Eta zer erantzun zenuen?

Zera: «Hezitzailea naiz, ekintzailea eta komunitatearen antolatzailea eta langile familien aldeko konplexurik gabeko irabazle bat». Neure buruaz pentsatzean, antolatzaile bezala pentsatzen dut. Beste inongo komunikabidek ez zidan nire historia hori kontatzen utzi, eta hori ondo dago. Zintzoki, ondo dago. Ondo da establishment politikoak nire garaipena azaleko arrazoiengatik arbuiatu nahi izatea, nire garaipena arrazoi demografikoengatik dela esatea; baina, zintzoki, nagikeria intelektuala baino ez da.

Ez dituzte irakasgaiak ikasten. Jendea, mugimendu progresista, langile familien aldeko mugimendua, justizia sozial, ekonomiko eta arrazazkoaren aldeko mugimendua, langile klasea ahalduntzeko mugimendua, Puerto Ricoren aldeko mugimendua, Fergusonen aldeko mugimendua, zigor justizia erreformatzearen aldeko mugimendua, jende hori guzti-guztia atentzioa ipintzen ari da. Pertsona horiek guztiek zera esaten dute: «Egiazki, nola irabaz dezakegu?».

Galdera niri egiten ari zara. DSAren (Democratic Socialist of America) erantzuna jakin nahi dut.

DSAk paper garrantzitsua jokatu zuen, baina baita Black Lives Matter, Greater New York, Justice Democrats eta baita langile, musulman eta gazte juduen antolakunde askok ere. Nahitara eraiki genuen mugimendu progresistaren abangoardian zeuden ekintzaileen arteko koalizioa. DSAren laguntzarik gabe ez nuen irabazterik izango, baina gure arrakasta ez da soilik talde bakar bati esker etorri. Eta hala izatekotan, segur aski Justice Democrats edo New Congress-en esker izango litzateke, beraiek konbentzitu nindutelako hasteko. Sekula ez nintzatekeen aurkeztuko animatu izan ez banindute, baina gure hauteskunde antolakuntza arrakastatsua izan zen koalizio zabal bat eraikitzen asmatu genuelako.

Eta nola planteatzen duzu erantzukizunezko harreman hori etorkizunean mantentzea?

Oinarrizko antolakuntza honekin jarraitzeko erabateko konpromisoa dut. Orain prentsan artikulu pila bat ateratzen ari dira «zein da zure hurrengo mugimendua?», «zer egingo duzu orain?» galdetuz, baina erabaki horiek ez ditut nik bakarrik hartuko. Elkarrizketa iraunkor bat dut oinarriarekin, koalizioan dauden plataforma guztiekin. Taldekako txat ezberdinak ditut: talde txat bat denontzat, prentsa taldearekin txat talde bat, kalez kale antolakuntzan dihardutenekin beste bat, espainieraz mintzo den taldearekin txat bat, eleaniztun direnekin beste bat. Edozein egunetan jarraitzaileen txat bat piztu eta jendea zertaz ziharduen ikus nezakeen, zein zen beraien iritzia. Han eta hemen parte har nezakeen nire ideia propioekin.

Eta berdin beste talde askorekin. Horrela erraza izan zen niretzat gauzen pultsua mantentzea, ez nengoelako bakarrik kalean, ez nengoelako bakarrik ateak jotzen, beste jende askok konpartitzen zituen historiak entzuten eta ikusten nengoelako etengabe.

Atzo 150 pertsonako talde batekin bildu nintzen eta bi galdera egin nizkien. Bat: datozen hiru hilabeteetan zein izan behar da gure kanpainaren ikuspegia? Eta bi: Zein soluzio zehatz eman dezakegu gure kanpainaurreko ahuldadeei eta injustiziei aurre egiteko? Zeren eta giza jende talde bat batzen den unetik bertatik, beti izango dituzu, beti sortuko dira injustizia eta ahuldade sistematikoak. Horren jakitun bagara eta erregularki soluzioak pentsatzen eta martxan jartzen aktiboki ahalegintzen bagara, antolakuntza eta komunikazio mailako kolapsoa ekidin dezakegu.

Kanpainak ez dira egiazki sekula bukatzen. Horrek alde negatiboa eta positiboa du. Negatiboa, diru kopuru itzelak batzen diren ingurune batean, badirudi kanpainak ez direla sekula bukatzen, eta hori oso nekagarria da, ez ditut urte osoan hauteskunde kanpainen iragarkiak ikusi nahi. Baina beste aldetik, uste dut autoantolakuntza ez litzatekeela sekula bukatu behar.

 

Toki guztietako ezkerreko lehiakideen aukera inportante bat parte-hartze baxua abantaila bilakatzea da.

Guztiz ados. Azken hiru primarioetan botoa eman dutenen «nukleo» horretan kontzentratu beharko ginatekeen ideia niretzat zaborreria da, ez nuen boto-emaile «hirukoitzetan», jada parrokiakoak direnekin eta soilik horiekin hitz egiteko tontakeria egin. Gakoa honakoa baita: «Nukleo» horrek ez baitu hauteskundeak baino aste bat lehenago arte erabakitzen. Ez daki zeini emango dion botoa. Egin behar duzuna jendea bildu eta hedatzea da. Baziren sekula botatu ez zuten pertsonak eta hauteskundeak baino hilabeteak lehenago nire alde botoa emateko konprometituak zirenak haietaz hitz egiten ari ginelako. Bazekiten kezkatu egiten gintuztela. Boto-emaile «hirukoitzak» ez ziren nire lehentasuna. Bigarren edo hirugarren lehentasuna zen. Aktibatzen diren pertsonak, denontzako Medicare (Osasun Zerbitzu Unibertsala) baten aldeko kezka dutenak, unibertsitate publiko doakoaren aldekoak, lehen lerroan egongo dira beraiekin bat egiten baduzu. Lagunak eta familiak antolatuko dituzte.

Tammy Duckworth senatariak berriki esan du zure ikuspegiak ez duela funtzionatuko barnealdean («heartland» delakoan), Bronx auzorako soilik dela baliagarria. Zuk, ordea, Bernie Sandersek irabazi zituen estatu guztiak aipatu zenituen, horietako asko Midwest edo Mendebalde Ertainekoak. Gehienak hauteskunde orokorretan galdu, eta zurea da galdera: «Zein da plana hau berriz errepika ez dadin?»

Beti hitz egin dut boto-emaileekin eta zera aipatzen nien: «Mila eserleku galdu genituen, Kongresua galdu genuen, Senatua galdu genuen, presidentetza galdu genuen galdu behar ez genituen hauteskunde batzuetan. Jende berdinaren, estrategia berdinaren eta plan berdinaren alde botoa ematen konprometituak jarraitu behar al dugu? Alderdi bezala zergatik ez dugu gure joko plana aldatu? Zer ikasi dugu 2016tik? Nola eta zer egiten ari gara gauzak ezberdin izan daitezen?».

Bere estrategia probatu zuten. Porrot bat izan zen.

Hori da gakoa: Den-dena galtzen dugula demostratu duen bide berdinetik jarraitu behar al dugu?

Jendeak «establishment-a» norabidez aldatzea exijitzen du, baina egiazki establishmenta ordezkatuta, guk izan behar dugu gauzak aldatzen ditugunak.

Nire aurkariaren finantzaketaren %99 korporazio, lobbista eta diru-emaile handiengandik zetorren. %1 baino gutxiago donazio txikietatik. Nire kasuan, justu kontrakoa. Korporazio handien diruarekin finantzaturiko zerrendaburu bat badute eta 2016ko irailean esaten zituen gauza berdinak esaten baditu, oso kezkatuak egon beharko lukete. Batzuk ez dira aldatu. Ez dut esaten «dena pikutara bidali», «dena erre» behar denik. Baina uste dut hori berori egin zuela Crowleyk.

«Tipo hau beldurgarria da, izan konfiantza nigan haren aurka borrokatzeko»..., eta horrela dena.

Bai, hori zen mezua. Hori zuten hauteskunde orokorretarako estrategia: «Trump demagogo beldurgarri bat da eta gure demokraziarentzat hondamendi bat izango da». Baina badakizu zer? Bai, hala da, baina diskurtso horrekin galdu genituen hauteskundeak. Badirudi lehen lerroko demokrata asko pilotu automatikoarekin dabiltzala.

Establishmenta hautsi eta garaipenaren ondoren borroka antagoniko bat sortuko zuen norbait bezala ni goratzeko saio bat egon zen. Uko egin nion, hori beste batzuek bultzatzen zuten, ez zen nire plana. Ez dut onartuko mugimendu hau antagonismoaren energia batek bahitzea, egiazki AEBentzako ikuspegi positibo eta progresibo baten alde bultzaka ari garenean. Ez naiz demokraten barne borroketan kateatuko, ez establishmentari mesede egin nahi diodalako, mugimendu bat dugulako eraikitzeko baizik.

Zure garaipenak ezkerreko hautagai sozialisten olatu berri bat inspiratu eta indartzea espero da. Zentzu honetan, norantz doa zure mugimendua? Datozen kanpainetatik zeinetan zaude interesatua?

Indar propio bat eraikitzeko aukera handia dago, eta hau edozein lekutatik has daiteke. Ez da halabeharrez Kongresuan eserleku bat irabazi behar; eserleku asko eta asko daude aukera handia eskaintzen dutenak. Jende asko ez dago batere pozik antolakuntza elektoralaren aurrean, uste dute ez duela merezi. Espero dut jende horrek jakitea nik ulertzen ditudala. Ulertzen dut zinismo hori. Baina jende horri eskatzen diot hori berriz pentsatzea, zeren eta egiazki ez da jendeak uste duen munstro menderaezina. Politikan diruak hain eragin handia izan du, besteak beste, nagikeria asko dagoelako lurraldeetan. Makineria politiko “menderaezin” asko oskola baino ez dira: ez dute parte-hartze handi bat, zaharkiturik daude.

Zure garaipenak sinetsarazten dit ezkerra egun batean, epe ertainean, herrialde honetan gehiengoa izan daitekeela. Baina gure instituzio politiko asko hain dira erradikalki antidemokratikoak, ze oso posible ikusten dudan gutxiengo kontserbadore batek datozen urteetan Auzitegi Gorena edo Senatua bezalako instituzioak erabiltzea herri borondatea blokeatzeko. Iritsi al da ordua sistema demokratizatzeko neurri konstituzional erradikalagoen inguruko eztabaida egiteko?

Penagarria da gaur erradikaltzat zer jotzen den ikustea. Konstituzionalki botoa emateko aukera duten estatubatuarrentzat aukera hori egingarri egitea erradikala da? Serio ari al gara? Horraino iritsi al gara? Ba bai, hemen gaude. Oraintxe bertan, nire estatuan bezala, boto-emaile bezala erregistratzeko epe bat duzu, hori artifizio askoko maltzurkeria da. Egun dauzkagun teknologiekin ez dago arrazoirik hau honela izan dadin.

Emakume puertorricarra naiz. AEBetako herritar diren milioika pertsona dira egun hauteskunde presidentzialetan botoa emateko eskubidea ukatua dutenak, eta oso larria da, injustizia handienetakoa.

Hori ez da soilik Puerto Ricon gertatzen. Hor dira Birjina Uharte Amerikarrak, Guam… AEBetako kolonia diren horietan guztietan gertatzen da. AEBetan AEBetako herritar bezala jaio, eta bozkatzeko eskubidea eta ordezkaritza federala izateko eskubidea ukatzeak ez dauka izenik. Hori da Puerto Ricon (“Maria” urakanaren ondoren) 4.000 pertsona hil izanaren arrazoia!

Ziurtatzen dizut Puerto Ricok botoa izango balu presidentzialetan, ordezkaritza bat izan balu, 4.000 pertsona horiek ez zirela hilko. Independenteak balira, agian ere ez. Nazkagarria da. Bigarren mailako herritarrak dira. Ez da batere erradikala AEBetako herritar guztiak herritar oso izatea legearen begietara.

Azken hausnarketa bat?

Irailera arte primario pila bat ditugu eta lurrikara gehiagorako tartea eta baldintzak badaude. Nire estatuan, New Yorken, primarioen kanpaina berriak bilatzen ari naiz. Oso itxaropentsu nago Julia Salazarrekin. Ezin sinetsizko emakumea da, marabilla bat. Maila federalean, itxaropentsu naiz Kaniela Ing Hawaiin nola lehiatuko den ikusteko. Itxaropentsu Kansaseko Brent Welder bezalako jendearekin. Brentek irabaz dezake, eta ez bakarrik bere primarioak, gorritik urdinera ekar dezake barrutia bere ikuspegi aurrerazalearekin. Emozionantea da. Baita Cori Bush ere, Fergusonen.

Hautagai horiek jendeak legitimotzat har ditzan nahiko nuke, nire bizitza osoan ilegitimoa nintzelakoan baztertu nautelako. Oso zaila izan zen hori niretzat. Gure komunitatean hamalau urteetan egon diren lehen primarioak bultzatu nituen eta oraindik ere ilegitimotzat jotzen ninduten.

Jendeak Cori Bush hautagai erreal bezala ikustea nahi dut, Julia Salazar egiazko eskaintza bezala, benetan aldaketarako dagoen eskaintza bakarra direlako. Hautagai errealak dira hauek guztiak, behetik gora lanean jardun duten antolatzaileak, eta beste inork ez badie ahotsa eta plataforma bat eskaintzen, asko gustatuko litzaidake niri hori egitea. Hori baita dena: atera zaitez kalera eta antolatu zure komunitatea. Hori da gure demokrazia guztiaren helburua.