#NIBIZINAIZNI LEHIAKETA

Altxor txikiez gozatzen

Maialen Gabantxok bidalitako argazki hau aukeratu du 7K-ko editore grafiko Conny Beyreutherrek aurtengo irabazle. Bidaiatzea izugarri gustatzen zaiola kontatu digu, baina askotan urrutira joan beharrik ez duela izaten bizipoza sentitzeko. «Euskal Herria altxor txikiz betea dugu eta argazki hau horren adibide da, Donostiako Santa Klara irlan ateratakoa baita. Gutxirekin konformatzen naizen horietakoa naiz, esnatzean eguzkia ikustea aski dut aurpegian irribarre bat marrazteko, eta hain zuzen ere, argazki hau, aurten gurean izan dugun udaberri kaskarraren ondoren, udako lehen eguzki izpiak eta goxotasuna iritsi bezain pronto ateratakoa da», azaldu du. Esnatu, eguzkia ikusi, bainujantzia hartu eta lagunekin urteko lehen bainua ilusio handiz hartzeko gogoaren adierazle da eta keinu txiki horrek sortzen dion bizipozarena ere bai. Etxeko altxorrak arakatu ostean, orain urrutigokoak ikusi eta gozatzeko aukera izango du Ibiltari Bidaiak agentziak Munich, Lisboa, Praga, Erroma edota Bruselara joateko eskainitako bi lagunentzako bidaietako bat berea baita. Zorionak Maialen!