JOKIN URAIN
IRITZIA

«Txoko del humor»

Arratsaldeko zortziak hogei gutxi inguruan hasten da, edo hasten zen, duela hilabeteren bat gutxienez, EiTBko bigarren katean “Está pasando” saioaren baitan azken txanpa izan behar zuen tartea. Adiskide batek gomendatuta, batean baino gehiagotan topo egin dut tarte honekin aurtengo udan eta ezin asmatuan nenbilen zer demontre den. “Txoko del humor” hasten zela esanez pasoa eman zion aurkezleak begira tokatu nintzen egun batez, eta ustekabea izan zen.

Hiru mutil eta neska bat delako tartea egiten, edo aurkezten; hamabost-hogei minutukoa zen dirudienez, eta umoreak ohi duen eragina egingo zion zorioneko tarteak horretan aditua denen bati. Baina EiTBko arduradunen batek ulertu behar luke, susmatu behar luke gutxienez, edozeinek ezin duela jakin hori umorea dela; denok ez baikaude prestatuak eta ez baikara iristen kalitate edo maila horretako gauzak ulertzera. Pentsatzekoa da tartea egiten edo aurkezten duten edo zuten laurak antzezleak direla, neurri batean bederen, eta tarte hori egiten duten moduan egingo dutela besteren bat, agian zentzu erabat ezberdinekoa eta serioa, gidoiak horrela agindu edo eskatuz gero.

Esan nahi dudana da gidoi batean egongo dela antzerkiari dagokion partea, baina gidoiaren literaltasuna neurri batean zinez sinistu eta sentitu ere egingo dutela antzezleek. Eta antzezle onak direla zalantzan batere jarri gabe, umore ateraldiak izan behar dutenekin beraiek egiten dituzten edo zituzten barreak zinezkoak direla pentsatzen dut, horrela iruditu zaidalako.

Egia da gaztelerazko katea dela EiTBren hau, eta nahi izanez gero erraza da marmarka aritu ordez katez aldatzea, euskarazko katera pasaz esate baterako. Baina, zer nahi duzu, onaren propaganda egin arren irizpide suelto samarra edukitzera behartzen gaitu telebistako edozein programak eta edozein katek. Umore programak ikusi nahi izaten ditut, bizitza honetan txakurra ez baina umorea dela uste dudalako gizakiaren lagunik onena. Baina ez da beti erraza izaten konplikazio handirik gabe uler daitekeen eta gure aldarte gehiegitan mikaztuari freskatu bat emango dion umore tarte bat aurkitzea. Eta “txoko del humor” hori ez dakit zein eliterentzat egindako umorea den.

Gero kexaz bezala esaten da hemen gehien ikusten den telebista Tele 5 dela, eta ernegatu egiten gara gainera, Eneko, telebista-zaborrari begira egoten delako ikusleriaren gehiengoa.