02/12/2018

 
 

«Garai batean oso gaizki ikusita zegoen guk egiten dugun hau... eta nire etxean oraindik ere bai!»

Xabi Solano eta Josune Arakistain
Amaia Ereñaga
036_06triki1

Bata, Xabi Solano (Hernani, 1978), azken bi hamarkadetan gure musikagintzan etengabeko presentzia izan duen sortzailea da. Trikitilaria formazioz, erabateko musikaria da, fusioaren xendrak eta bidezidorrak esploratzen ari izan baita etengabe, hasieran Etzakit taldearekin eta gero, Fermin Muguruzarekin izandako elkarlanak suspertuta, The Solanos taldearekin, eta 2000. urte hasieratik, Esne Beltzarekin. Bestea, Josune Arakistain (Lastur, 1996), bera ere trikitilaria, beste belaunaldi baten ordezkaria da. Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketaren irabazle 2013 eta 2014an, Bilboko triki-poteo parranderoetan bildutako unibertsitate giroko beste bost lagunekin Huntza taldea osatu eta 2016an, “Aldapan gora” abestiaren bideokliparekin, 200.000 entzunaldi baino gehiago lortu zituzten sarean hilabete baino gutxiagoan. Zerrenden topera igo ziren era estratosferikoan, eta jarraian kaleratu zuten “Ertzetik” (Mauka), lehen diskoa, trikia eta pop-a ezkontzen zituen lana.

Orain bi taldeak aurtengo Azokako protagonista nagusietako batzuk izango direnez –“Xilema” (Mauka, 2018) eta “Ni” (Esne Beltza, 2018) diskoak Plateruenan aurkeztuko dituzte hurrenez hurren, abenduaren 5 eta 6an, 23.00etan–, aitzakia aprobetxatuz solasaldi txiki batean elkartu ditugu, azkenaldian soinuaren nolabaiteko pizkundea sumatzen baita, Azoka bera horren isla delarik. Horren adierazle, Ines Osinagaren bakarkako kontzertu intimoak, Joseba Tapiaren lan berria (“Zorrotzako portua aldarrika”, Gaztelupeko hotsak) edo Ahotsenean 7an (18.20) aurkeztuko den Hezur Beltza hirukote bitxia, Jon Maia bertsolariak eta Gorka Hermosa punta-puntako akordeoilariak, Jesus Prieto gitarristarekin gauzatu duten “esperimentua”. Izango da tradizioarentzat tarterik ere, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 1971 eta 1991 bitarteko zazpi txapelketa nagusien bilduma (Elkar) eta 25 urtetik beherako trikitilari gazteen “uzta” (“Haziak II” diskoa, abenduaren 6an, 17:40ean Ahotsenean) aurkeztuko baititu Durangon.

Gure bi trikitilariengana itzulita, bai Xabi Solanok bai Josune Arakistainek beraien taldeen alde kreatiboan erantzukizun handia dute. Erabatekoa. “Ni” lanean –Esne Beltzaren zazpigarrena–, transgeneroen gai delikatua izan dute ardatz. Uharteko Mikele Grande gazte transexualaren ezagutzak akuilatuta, lan honek, diskoaren aurkezpenak dioenaren arabera, «gizarte baztertzaile batean bizirauteko ahaleginak eta lorpenak lehenengo lerroan jartzeko bozgorailua izatea du helburu». Lagun zaharrak batu dituzte inguruan –Etzakit taldeko Ionmari Beasain eta Aitor Zabaleta–, berriak erakarri –Pupil-les raper valentziarrak “Argitzeraino” kantuan, esaterako– eta dena dancehall erritmo jamaikarrez busti. Huntzak, bestalde, “Xilema” diskoarekin erronka bat izan du aurrean; fase baten amaiera eta hurrengoaren hasiera irudikatu nahi du xilemak, landareen izerdia garraiatzen duen ehunak (taldean bi biologo izatearen eragina). Uruguai eta Argentinatik egin duten biratik iritsi berria, anginak jota dago Josune Arakistain. Xabi Solano, birikeri batetik atera berria. Lan bat munduratzeak dakarren estresaren eragina ote?

90eko hamarkadan nolabaiteko susperraldia izan zuen trikiak, trikipop zeritzon harekin, Alaitz eta Maider bezalako bikote formatua hartuz. Zu, Xabi, aitzindaria izan zinen, baina orain nolabaiteko itzulera bat sumatzen da berriz?

Xabi Solano: 1997an, Etzakit atera genuenean, gu trikitilari bikote horren iruditik ateratzen ginen. Orain nik uste berdina gertatzen ari dela Huntzarekin. Baina beraiek ere horrela datoz, bikote batean jotzetik.

Josune Arakistain: Ni lehen trikiti txapelketetan ibili nintzen eta nire lehenengo formatua bikotea izan zen. Baina nik zerbait desberdina, edo behintzat niretzat desberdina, zen zerbait egin nahi nuen.

X. S.: Nik uste dut trikitilari guztiak hortik etorri garela.

Gero taldea osatu zenuten. Huntzaren bigarren lan honetan, adibidez, trikitiak protagonismoa galtzen du, eboluzioa nabaritzen da.

J. A.: Nik baietz esango nuke, gure esentzia galdu gabe.

Bigarren lan honek zer ekarri du zuentzat? Atzetik zer egon da eta zer ikasi duzue lehenengoarekin alderatuta?

J. A.: Bigarren diskoko prozesua lehenengo diskoko kontzertuetan hasi zen. Zera esan nahi dut, guk batere ohiturarik ez genuela publikoaren aurrean ateratzen, eta ikasi egin dugu jendaurrean egoten, kantatzen… pila bat gauza ikasi ditugu lehen ez genekizkienak. Eboluzio hori nabaritzen da, horrek ahotsetan gehiago zentratzera bultzatu gaitu, adibidez. Era berean, kontzertuen bidez jende asko eta musika mota desberdin asko ezagutu ditugu eta nabari da… Nahi eta nahi ez, norbera ere denborarekin aldatzen doa, eta sortzen diren kantek jasotzen dute zu mementoan nola zauden eta nola dagoen taldea, eta taldeak zer jaso duen urte horretan.

Esne Beltzaren «Ni» honetan ere aldaketa funtsezko bat dago. Lehen aldiz utzi duzu kontrola zure eskuetatik kanpo, Marc Dasousa produktore valentziarrarekin lan egin duzuelako. Doinuan ere nabaritzen al da?

X. S.: Bai. Orain arte nik egin dut ekoizpena, baina orain produktore honekin sartu gara. Nik bakarrik ezagutzen nuen, taldekideetatik beste inork ez, zeren Aspencat-eko diskoak berak produzitu ditu. Ondaran (Alacant) du estudioa, Atomic Studioa. Esaten genion Euskal Herrian badagoela herri bat, Ondarroa deitzen dena, esanahi berdina daukana. Udan sei bat buelta eman ditut… ondo etortzen zen, eguraldi ona dagoelako… Bere aldetik ere ikusten da asko dakiela, urte asko daramala. Hasieran Haritz Harreguyen estudioan grabatu genuen bateria eta baxu base batzuk, baina gero bere estudioan bukatu dugu. Abuztuan nahi genuen grabatu, udan oso kontzertu gutxi hartu ditugulako, baina justu tokatu zitzaigulako uztailean Japoniara joatea bi astetarako, eta horrek grabazioa erditik partitu zigun eta gelditu egin behar izan genuen. Abuztuan Alacantera bidaiak hasi ziren, eta gero irailean denok lanean hasi ginen.

Beste produktore batek kontraesan batzuk sortuko zizkizun...

X. S.: ‘Manga ancha’ pixka bat uzten nion. Ibili gara bata besteari harri tiraka.

J. A.: Ez da erraza. Nik ere, berak bezala, kantak oso nireak sentitzen ditut, eta zuk sortu baldin badituzu azkenean…

X. S.: Eta ikuspegi bat daukazu...

J. A.: Eta badakizu nondik joango den kanta.

X. S.: Nire kasuan ondo ikusten dut, baina mutur batera [keinu bat egiten du] joan beharrean hara joan da. Egia esan, oso gustura nago. Esne Beltzakoei gustatzen zaigu disko guztiak oso desberdinak izatea, batetik bestera desberdintzea. Orduan, egin beharra zegoen, zeren sei disko egin ditut nire ikuspegitik eta dagoeneko ez nekien nondik jo. Asko lagundu dit.

Zera galdetu nahi nizuen, trikitiaren etorkizunagatik. Argi dago ez dela zaharkituta gelditu.

X. S.: Izan ditu urte batzuk zaharkituta gelditu dena, baina nik uste dut berriz ere goraka doala. Adibidez, Aian badago plaza bat, Aristerrazu deitzen dena, eta bertan igandero erromeria egiten da. Iaz egon nintzen jotzen, orain bi urte trikitiari buruzko diskoa atera nuenean [“Ereñotzu”], eta Aiara ari da pilo bat jende joaten, batez ere gazteak. Hor ikusten da bizirik dagoela.

Bertsolaritzak, adibidez, gaztetzea lortu zuen. Agian trikitiarekin antzekoa gerta daiteke?

X. S.: Nik uste dut oraindik ari dela, oraindik gorago doala eta hori oso ona dela. Garai batean oso gaizki ikusten zen guk egin dugun hau; hau da, trikitia talde batean sartu eta beste instrumentu batzuekin nahasi.

J. A.: Bai, nire etxean oraindik ere bai… Nik, adibidez, oso inguru tradizionala dut. Oso ondo ikusten dute ni egiten ari naizena, baina hasi nintzenean, lehenengo kantetan: «Zer da hori?». Orain egin dudan arin-arina [“Arin arin” kanta, “Xilema” diskoko erdi instrumental bat], nire amonarentzat, bueno, bekatua da!

X. S.: Gogoratzen naiz aitak esan zidala: «Noiz atera behar duzue disko bat fundamendukin?». Orduan atera nuen “Esne Zopak” [2009, CD eta DVD bat grabatu zuten trikitiaren munduari eskainia] eta aitak: «Garaia zen, seme, disko on bat ateratzeko». Atera berri dugun honekin horrelako aurpegi zimurrarekin ikusi dut, baina dagoeneko ohitu da. Gainera, diskoaren bukaerarako trikiti doinu tradizional bat grabatu dugu eta egia da aitak esan didala: «Bukaera polita!».

Trikitilariak ez zarete oso ondo ikusiak izan, parrandero fama zenuten.

X. S.: Garai horretan elizak gaizki ikusten gintuen. «Inpernuko hauspoa» deitzen zioten, zeren jendeak kristoren parrandak egiten zituen eta hurrengo egunean ez ziren mezetara joaten.

J. A.: Nik uste dut elizaz aparte, burgesiak edo hiriguneak ere ez zituela ondo ikusten. Baserri giroan, esaterako, nire amonaren inguruan, trikitilariak oso handiak ziren. Gremiokoek ere ondo ikusten zituzten, baina hirikoek baserriko kontu bezala ikusten zituzten... eta baserritarrak gaizki ikusita zeuden garaian.

X. S.: Gainera, musikariek gaizki ikusi dute tresna, zeren ez da betea, ezin duzulako nota guztiak jo soinu batekin. Soinuz aldatzen joan behar duzu, tonu desberdinak hartzeko. Orduan esaten zuten ez zela instrumentu bat ‘kategorikoa’ eta bazterrean uzten zuten. Gero, gainera, euskal instrumentuetatik berriena da, oso urte gutxi ditu eta, kontuan izan ezazu, herrikoia bihurtu dela ehun urtean. Musikariek hori pixka bat begi okerrez ikusten zuten. Egun, ordea, oso ondo ikusita dago.

J. A.: Gustatuko litzaidake esatea oraindik trikiti txapelketa askotan baserritarrez jantzita joan behar zarela, eta nik uste dut badela garaia pixka bat baserri giro eta tradizio horretatik alde egiteko txapelketan, zeren kaltea besterik ez baitio egiten trikitiari.

Gitarristei galdetzen zaie zein motatako gitarra duten. Zuen soinua berezia al da?

X. S.: Biok antzekoa erabiltzen dugu, Zero Settea. Italiatik ekarritakoa da, propio egiten dute Euskal Herrirako. Ni orain aldatzen ari naiz pixka bat, baina biok erabiltzen dugu Antico modeloa, hau da, hemengo trikiti zahar baten bertsioa, hara eraman zutena erabat berdina egiteko.

Musika irakaslea Xabi, Biologian lizentziaduna Josune. Euskal musikak ez du profesionalik?

X. S.: Ni ez naiz bizi hortik. Bizi izan naiz, Etzakiten garaian, urtean 120-140 kontzertu ematen genituenean, baina azkenean ez duzu musika hainbeste gozatzen, itxaroten zaudelako ea hori noiz bukatuko den. Horregatik utzi nuen eta irakasle sartu nintzen.

J. A.: Nik Biologia amaitu dut eta IGI [irakaskuntzarako gaitasun ikastaroa] egiten ari naiz. Ez ditut bideak itxi nahi, baina ez dut musikan zentratu nahi ez dakigulako noraino ailegatuko garen.

X. S.: Euskal Herrian rock-and-rolak ez du dirurik ematen, esaten zen…

J. A.: ...eta trikitiak ere ez. Gu hasi berriak gara eta pixka bat orain hasi gara hartzen nola doan musika mundua.


Una miniguía para una Azoka con mucha música que celebrar

No están todos, porque es materialmente imposible; aunque aquí va un intento de esbozar las líneas maestras de la producción musical que llega, recién cocinada, a los stands de la 53 edición de la Azoka de Durango. En esta especie de banda sonora de la Azoka, hay una referencia inexcusable al paso del tiempo; en concreto, a la celebración de largas trayectorias como las de Benito Lertxundi, por ejemplo. «La mente lacaya buscaba respuestas a preguntas erróneas/ absorta por la confusión/ en la noche de la celebración» canta en “Ospakizun gauean”, su primer trabajo autoeditado y un disco repleto de nuevas ideas con el que el de Orio celebra sus cincuenta años en la música. Cuatro décadas lleva, por su parte, creando Ruper Ordorika, plasmadas en “Bakarka” (Elkar), un trabajo en solitario en el que incluye canciones muy trabajadas en cientos de escenarios, con clásicos como “Hautsi da anphora”. Y parece mentira, a su vez, pero han pasado veinticinco años desde aquel “Gorrotoaren ahotsa” con el que debutó Anestesia y la banda de Zarautz lo ha celebrado con su reedición, remasterización y la edición de un vinilo de 180 gramos –hasta ahora solo estaba en CD– y una gira, que incluye el concierto el sábado 8 en Plateruena. Para acabar con las celebraciones: dos décadas son las que lleva en el escenario, a su vez, Iñigito Txapelpunk. El lekeitiarra, metido últimamente a «coach» en el concurso de ETB1 “DantzanGo!”, ha decidido autofelicitarse con “Zorionak nire partez niretzako”.
Otra de las tendencias que se aprecia en la producción que acude a Durango es la presencia de proyectos personales de músicos al margen de sus formaciones de origen, como Modus Operandi y su “Gora gure bihotzak” (Baga biga), un proyecto impulsado por Iñaki Ortiz de Villaba (Betagarri), con Andoni “Matxain” (Lauroba), Enrikko Rubiños y Ruben Anton (Vendetta) y Julen Barandi (Izaro). Esa miscelánea de ska, rock, soul y reggae estará en Plateruena el viernes 7.
Por cierto que Iker Lauroba también acude a Durango con “Udazkena”, su tercer trabajo en solitario, un camino que, a su vez, ha emprendido el ex Kerobia y Anticontinente Xabi Bandini con “Begibakar” (Gor), un sugerente disco concebido en el piso de 24 metros cuadrados en el que se instaló en Madrid, y en el que el músico de Iruñea explora sentimientos, con el personaje mitológico como hilo conductor.  
Más que acuden en solitario: el ex frontman y batería de Arima Beltza Jon Gurrutxaga con “Kateak” (Gaztelupeko Hotsak); la rapera Aneguria, con el disco de portada impactante titulado “Percebe, dana edo ezebez” (Baga Biga) u Olatz Salvador, al margen de Skakeitan, quien presentará el domingo en Plateruena “Zintzilik”.   
Además, uno de los trabajos más esperados y que más colas formará es el de la veterana banda vizcaina Gatibu, que presenta “Azken indioak”, un trabajo grabado en el estudio Sonicranch de Texas y cuya gira de presentación arrancó en la sala londinense Nambucca. La gira les llevará también a París, Madrid, Sevilla, mientras que estarán en las capitales vascas a principios de año. Y seguimos: dos discos con los que empezamos este número de 7K sobre la Azoka, y que son el segundo de Huntza –“Xilema”, auténtica prueba de fuego para la banda– y el séptimo de Esne Beltza, “Ni”.  Por cierto, Fermin Muguruza, con el que Xabi Solano ha colaborado en diferentes trabajos, ha editado la espectacular banda sonora de su película “Black is Beltza”... y la presenta en Durango. La fiesta está asegurada. •

«‘Xilema’ laneko prozesua lehenengo diskoko kontzertuetan hasi zen»

«Sei disko egin ditut nire ikuspegitik eta ez nekien jada nondik jo. Marc Dasousak asko lagundu dit»

«Nik uste dut badela garaia pixka bat baserri giro eta tradizio horretatik alde egiteko txapelketan, zeren kaltea besterik ez baitio egiten trikitiari»