30/06/2019

JOKIN URAIN
Lekuak
Katalina Foixkoari ez diote bakealdi luzerik eman Iruñeko kaleetan; baina emakume hori noizbait izan zela jakiteko edo gogora ekartzeko balio izan digu bere egonaldi laburrak. Hiriko alkate berriak denborari tarte handirik utzi gabe agindu zuen laster iritsiko zela armada espainiarra lekuak berrartzera, baina agian beranduegi du jada.

Ez dakit kaleak denon leku diren, baina izan behar luketela iruditzen zait, denok gabiltzalako hortxe gutxi edo asko, erosoago edo deserosoago, eta elkarguneak ere hortxe bilatzen ditugulako. Jolas lekuak topatzen ditugu batzuetan kale txoko batean, edo jaialdia egitekoak, aldarriak lau haizeetara bidaltzeko gune aproposak, ekitaldien iragarpen orriak itsasteko hormak, hitzorduak burutzeko atondoak... eta arauak hor daude, inork ezarri beharrik gabe berez emanak bezala.

Elkarguneen bila, elkarren aurka aritzeko arrazoiak edo aitzakiak topatu izan ditugu inoiz, edo inoren lekua jo dugu begiz, geurea uste genuena kentzera etorri zaizkigu, eta kaleak borroka leku dira orduan. Batzuetan geuk bihurtzen ditugulako borroka leku, beste batzuetan beste batzuek bihurtzen dituztelako, edo bihurtu egiten dizkiegu edo dizkigute.

Batzuek kaleen jabetza izan nahi dute, bestela ezean indarrez hartuz kale horiek. Kaleari izena ematea ere kalea hartzea da, eta aldian aldiko indarraren eta batzuen edo besteen oldarraren araberakoa izan da hemen kaleen izendegia. Badakigu zer izenek hartu izan dituzten hemen kale asko, betirako ustean ezarrita hartu ere. Izenok memorian iltzatu dizkigu denborak, ohiturak, ahanzturak.

Katalina Foixkoari ez diote bakealdi luzerik eman Iruñeko kaleetan; baina emakume hori noizbait izan zela jakiteko edo gogora ekartzeko balio izan digu bere egonaldi laburrak. Hiriko alkate berriak denborari tarte handirik utzi gabe agindu zuen laster iritsiko zela armada espainiarra lekuak berrartzera, baina agian beranduegi du jada.

Mendeak egin ditu armada espainiarrak horrelaxe, mundu guztira eta bazter guztietara lekuak hartzera joanaz, menperatu zezakeena menperatuz, lapurtu ahal zuena lapurtuz, askotan bere historia azken narraseraino eramanez, arriskuen aurrean ihes egiteko, epika miresgarririk gabe. Denborarekin munduko leku gehienetatik larratu zuten armada espainiarra, baina bere oldarra garaile dela uste duen lekuak ez ditu hustu nahi oraindik.

Betirako zelakoan ipiniko zioten bere garaian armada espainiarraren izena Iruñeko kaleari, baina betirakoa denboraldi luzeegia da, Agustin, denbora gehiegi aurreikuspen kabaletan kabitzeko. Epe laburrez bada ere lekua kendu badio behin, luzarorako ken diezaioke hurrengoan Katalina Foixekoak.