GALDER PEREZ
IRITZIA

Betaurrekoak kendu

Gauza eta aferei ustez behar den bezala begiratzeko, betaurrekoak jarri behar ditugula esan ohi da. Aspaldi jarri zen esaldi metaforikoa modan, bere garaian antiojo borobilak lez edo oraingo betaurreko zabal urre kolore fin antzeko horiek. Benetako betaurrekoak aukeran jarri eta kendu ditzakegu, ez dira burmuin edo bihotzean integratzen dugun txipa. Miopia kentzeko ebakuntza gero eta errazagoak badaude ere, pentsamendu eta sentimenduetarako, momentuz guk dakigula behintzat, ez dago. Ziurrenik gutxi faltako da ziborg jokaerak gurean zabaltzeko, baina hurbileko etorkizunak irentsi aurretik, bueltatu gaitezen egunero ikusgai dugun errealitate ez garden honetara. Esan bezala, optikako betaurrekoak noiz jarri eta kendu gure aukera da. Miope garenok eta ebakuntza hori egin nahi ez dugunok betaurrekoak eraman ohi ditugu, nahi dugunean, noski. Izan ere, nahi duzunean ez ikustea zoragarria da, edo dena difuminatuta ikustea, ke artean bezala. Gauza zehatzei erreparatzen zaie orduan, ordura arte oharkabean pasatutako kontuak, gehiegizko fokalizazioaren ondorioz.

Agertokian ere zenbat musikarik, dantzarik edo aktorek kentzen dituzten betaurrekoak. Izan liteke aukera estetikoa. Baina uste dut erosotasuna dela arrazoi nagusia, momentua eroso bizi eta gozatzeko, unean kontzentratzeko, interpretatu beharrekoan kanpoko interferentziarik gabe sakondu ahal izateko. Bizipena eta gertakizuna barruraino sartzen den kea da, arina baina indartsua, sarkorra eta sakona.

Kaletik dabilen miopearentzat betaurrekoak kentzea zama arintzea da. Inguruko guztiak berria dirudi eta gertatzen ari denarekiko kontaktua erreala da. Orain eta hemen. Optikaren lege hutsa dena dago ikusteko, interpretatzeko, ezagutzeko eta ulertzeko. Lo ere betaurrekoak kenduta egin ohi dugu, sofan telebistaren aurrean oker-oker eginda gure telesail gogokoena ikusten lo hartzen ez dugunean, behintzat. Ohean ez dut inor betaurrekoekin lotan ikusi, baina ametsetan ez bada ez dut mundu guztia lo egiten ikusi. Ametsak, denonak antzeko, norberarenak hain ezberdin. Baina denak aske. Antiojorik gabeko ametsak baitira denonak, amets goxoak eta amets gaiztoak, gure desioen eta paranoien adierazleak, zentzugabeak askotan, baina benetakoak gehienetan.

Egunerokoan ere, hain benetako eta zentzugabekoak diren gure edozein egunetan, betaurrekoak kentzen hasiko bagina? Estropezu egingo genuke beste pertsona batzuekin, zuhaitzekin edota, paraxutistak bagina lez, farola batekin. Baina aske biziko dugu betaurrekorik gabeko eguna. Dena izango da berria ikusteko, interpretatzeko, ezagutzeko eta ulertzeko. Inguruarekin konektatu, dena zalantzan jarri eta nahi bada, hankaz gora utzi. Betaurrekoak kentzea deseraikitzen hasteko abiapuntua izan daiteke eta antiojorik gabe, beharbada, aldeko begiradak sortuko genituzke.