Iraia Oiarzabal

Mundua dantzan jarri duen borroka

#MeToo izan zen aurrena, jarraian #NikSinistenDizut, #ElVioladorEresTu ondoren… Hizkuntzarik ez duen borroka da feminismoa, mugak gainditzen dituena. Mundua astindu duena. Emakumeen kontrako bortizkeriak milaka aurpegi ditu, adierazpide eta molde ezberdinak hartu dituen egiturazko biolentzia da. Feminismoaren lorpen handietako bat da errealitate hau ikusgarri egin eta patriarkatuaren itzalpean eroso bizi izan diren kontzientziak astintzen hasi izana. Kaleetan ikusi dugu 2019an ere. Martxoaren 8ko grebara batutako milaka eta milaka emakumeen eskutik heldu zaigu feminismoa, eraso bakoitzaren aurrean beldurrik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatu dutenen ahotik, bortxatzailea den sistema bera dantza eginez salatu duten emakume guztiengandik jaso dugu. Epaituak sentitzetik, erruak eranztera egin dute salto.

Azken urteotan feminismoak egindako ibilbideari erreparatuta askotan aipatzen den hitza da ahalduntzea. Txilen, Brasilen edo Marokon gobernuaren bortizkeriaren aurrean altxatu diren emakumeak dira eredu; zinemaren industrian izaten diren harreman sexistak salatu dituztenak; futbolean diskriminazioa desagertzeko borroka hasi dutenak; bizi eta lan baldintza prekarioak salatu dituztenak; sexu askatasuna eta euren gorputzen gaineko erabakiak hartzeko eskubidea defendatu dutenak; diskurtso misoginoen aurrean planto egin dutenak; justua ez den justizia biluztu dutenak; indarkeria etxeko intimitatetik atera dutenak. Denak egin dira indartsu eta elkarrekin doaz bide honetan.

Feminismoak ekarri duena itsasoaren indarrarekin alderatu izan da, eta hala izanda bikain hartu du olatua egunero borroka askatzaile honi ekarpena egiten dion emakume bakoitzak. Aniztasuna ikusi dugu mobilizazioetan, ahizpatasuna, belaunaldi berri eta ez hain berriekin konektatzeko gaitasuna erakutsi du. Kaletik erakundeetara ere egin du salto, komunikabideetara, lantokietara, kulturgintzara, politikara… Pertsonala dena politikoa baita, baita guztiona den borroka honetan ere.