GALDER PEREZ
IRITZIA

Lur azpiko iluna

Gure herrian tunelak aipatuz gero, abiadura handiko tramak etortzen zaizkigu burura, nola ez. Dena dela, batzuek tragedia komedia edo igande arratsaldeko telefilma bihurtzeko nahian, Bilboko metroko tuneletan korrikalariak kirola osasuntsu egiten normaltasunez saldu nahi digute, adibidez. Baina benetan tuneletan gertatu ohi dena ilunpean gertatzen da, itzaletan eta ez da batere ez sanoa. Platon bat, bi, hiru eta hamaika beharko ditugu tuneletatik atera eta argia ikusteko. Batzuei tunelak egiteko etxea lapurtzen dieten bitartean, beste batzuk sekula eta betiko lur azpian uzten dituzte, iluntasunera kondenatuak. Besteok bitartean, tuneletan barrena, gora eta behera jarraitzen dugu jolas parke bateko barraketan ibiliko bagina bezala; tarteka harriduraz ahoa zabalik eta besteetan algara itsu batean pozarren galduta.

Baina lur azpian gertatzen dena, hemen lur gainean burutzen den ehiza baino handiagoa da askotan. Adibidez, lur azpian kasko zuri eta txaleko horirik gabe tunelak egiten bizi den satorra zizareak ehizatzeaz bizi da. Hau, zizareak jan dituen hau, bihar sator ehiztariaren tranpan erori eta hil egingo da. Zergatik eta golf zelai batean bere zuloek itsusi egiten dutelako.

Pedanteria eta elitismoaz salbatzen diren lur azpiko sator gutxiek jarraituko dute ahal bezala ilunpean lanean. Elkarrekin komunikatzen dira eta tunelak sortzen jarraituko dute. Guk, pertsonok, ez ikusteko moduko pasabide misteriotsuak eta ilunak eraikitzen dira etengabe gure oinen azpian, naturalak. Baina satorrak zuloak eta tunelak bere tamainarako eraikitzen baditu ere, itsukeriak galduta, edonor galtzeko moduko zuloak egiten ditu batzuetan, pertsonen antzera, gehiegikeriazko zuloak nahi dituztenen itsukeriak galduta. Eta sar dadila dagokiona zuloan, kalabaza bailitzan, ipuin goxo baino benetako kontu tragikoaren ilunean.

Hor azpian benetan gertatzen denaz lur azpian bizi diren ugaztun, narrasti eta intsektuek soilik dakite. Kakaz beterik bizitzera ohituak zeuden, baina kezkaz beterik bizi dira gaur. Kaka eta kezkak, ordea, ez datoz goiko lur horietatik, robot aspiragailuek garbitutako ustezko bulego txukunetatik baizik.

Lur azpiko animaliek ezin dute jada beren izerdi eta lanarekin sortutako tuneletan lasai paseoan ibili. Gizakiek etengabe hondatzen dizkiegu beren pasabide sekretuak. Edozein kasutan ere, jakin badakite, lur azpian eraiki zituzten labirinto horietako bideak pertsonok sekula ez ditugula ulertuko. Nobelista batek jakin zuen soilik lur azpiko bideak irekitzen. Eta fantasia badirudi ere, egunen batean, animaliek soilik jakingo dute Vernek idatzi bezala, Stronboliko sumendietatik ateratzeko modua. Su artean arnasa hartzeko bidea eta alternatiba bakarra. Gu, pertsonak, hortxe geratuko gara bitartean, sumendietako labarekin ipurdia erreta eta sudurra tunelaren sarreran sartuta, ez atzera ez aurrera, abiadura handiko tramak irentsita eta erreta.