Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Ate atzetik

Plazera. Zer irudikatzen du hitz horrek? Gizon-emakumeen batze bat izan daiteke, izan da oraintsu arte eta izaten jarraitzen du ere gizabanako askoren buruan. Plazeraren iturburu (izan) da emakumeengan isuritako testosterona jarioek sortutako amets heteropatriarkala, tentetutako buztan gihartsuak, punttaratutako titiburuak, dominazio jarrerak eta plazer mota bakar bat: gizonezkoak berak izaten duena jarduera koitalaren ondorio.

Martxoaren 8ari aitzakia berezia jarri nahi genioke gaurko 7Kn eta emakumeekin oheratu nahi dugu, zentzurik zabalenean, askotan isildu, gorde, ukatu edo desikusi den plazer horrekin hezetu nahi ditugu gure maindireak. Eta horretarako eskubidea ere badugula aldarrikatu, plazera, existitu, gizon zein emakumeentzat existitzen baita, baina oso bestelako forma, era, modu eta posizioetan.

Izan ere, plazera deritzan hori begien aurrean antzeman izan dugu askotan, baina debekurako joera izan dugu maiz, gurea, emakumeona, izango ez litzatekeen loria balitz bezala. Berriki ezagutarazi den arrakala orgasmiko horretan. Ari gara, ordea, apurka bada ere, plazeraren usainetan sakontzen, sexualitatearen eztia eskuekin ukitzen, harekin koipetzen eta muturra aspaldi sartu behar genuen lekuan sartzen. Azken batean, zeharka begiratzen genionari ate atzetik ezkutuan begiratzeari uzten.