amagoia mujika
IRITZIA

Umorea

Umoreak kolore asko dauzkala ikasi nuen egun hartan. Hamaika urte inuzente. Gure aitonak istripu larria izan zuen eta erietxean zegoen. Inguruko helduak joan-etorrian eta larrituta. Amak esan zigun aitonari hanka moztu behar izan ziotela, baina ondo zegoela. Ea bisitan joan nahi genuen. Ez genuen ezer ulertu, zer hanka eta zer moztu? Noski bisitan joan nahi genuela. Erietxeko ohean gogoratzen dut, irribarrez. Bizarra egin berri eta orraztuta, guapo. Ohearen oinaldean geratu nintzen, kikilduta. Ez nuen sekula aitona ohean etzanda ikusi. Ez nekien zer egin eta uste dut berak ere ez zekiela zer egin. Eskuineko oinean azkura egiteko esan zidan. Maindire zuriaren gainetik bota nuen eskua segituan. Han ez zegoen ezer. Negarrez hasi nintzen larrituta eta aitonak bere ondora deitu ninduen. Besarkatuta, berak barre egin zuen eta nik negar. Bat-batean, dena ulertu nuen. Ospitaleko lehen bisita hartan egin zidan txantxa makabro horrekin ulertu nuen ez zeukala bere buruaz errukitzeko asmorik. Ez dut kexaka edo penatuta gogoratzen. Hanka bakarraren gainean bizitzen ikasi zuen, bere pausoari eutsita.

Umorea gero eta gehiago baloratzen dudan tasuna da. Ez txiste zorrotz bat edo okurrentzia bizi bat, nahiz eta horiek ere beharrezkoak ditugun egunerokoari gatza eta piperra jartzeko. Umorea, niretzat, eguneroko erabaki kontziente bat da, bizitzaren trajea janzteko modu bat. Laurogei urteak modu harrigarrian harrapatuko ditu laster nire lagun batek. Emakume aparta, jenioa eta jenialtasuna neurri perfektuan konbinatuak. Bizitzak berak merezi baino astindu zakarragoak eman dizkio. Baina, hala ere, egunero goizean ispiluari begiratu eta bere buruaren laguna izateko ariketa egiten du. «Pentsa, oraindik ez dira goizeko hamarrak eta honezkero zenbat jende egongo ote den bere buruarekin haserre. Eguna luze joan behar zaie gaur ere», esan zidan duela gutxi.

Umorea, zalantzarik gabe, bizitza bizitzeko modu bat da, zure buruarekin eta ingurukoekin harremantzeko modu bat, ongizatea eta gertutasuna sortzen dituena. Intimitatea, konplizitatea, konfiantza, energia... pieza garrantzitsuak josten ditu umorearen hariak. Eta ez da hain erraza, mekanismo intelektual eta psikologiko konplexua da. Akaso errazagoa da arazoek arrastaka eraman zaitzaten uztea. Arazoei baikortasunetik erantzuten saiatzea ariketa zailagoa da. Horregatik miresten ditut umoretik bizitzeko hautua egin dutenak; kontrakoa iruditu arren, ez delako bide errazena –bai osasuntsuena– eta sortzaileak eta indartsuak direlako.

Sekulako barre saioa eginda, auskalo zenbat gihar astindu eta gero, hauxe sortu zait. Nik ere umorez zahartu nahiko nuke.