Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Azpikoari begira

Etxean sartuta. Aste luzez etxean sartuta. Ahal izan dutenek balkoietatik, ahal izan dutenek leihoetatik, pribilegiatuagoek terrazetatik edo etxe aurreko terrenotik. Handik, ahal izan dugun edo egokitu zaigun tokitik, begiratu diogu kanpokoari, kaleari, edo etxean ez dagoenari konfinamenduan zehar. Kanpo hori zapaldu dugu ondoren eta berreskuratze ariketa bat gertatu da. Haserretu ginen askatasuna kendu zigutela pentsatu genuenean, nahi genuena egin ezin genuela esan zigutenean eta, askorik pentsatu gabe, kalea zapaltzen utzi digutenean ahaztu zaigu ia, kasik, gertatutakoa. Askatasunera itzuli garelakoan. Baina... noiz egin dugu, bada, inoiz askatasun ariketarik?

Osasun krisiak denetariko sentipenak utzi ditu edonorengan, beldurretik hasita. Kontrolatu ezinezko egoera batean harrapatuta geratu izan gara, eta beldurrak hartu gaitu. Ezin izan ditugu senide eta lagunak agurtu eta tristezia kontrolatzera –edo irenstera– behartu dugu geure burua.

Ohartu gara ordura arte baloraziorik makurrenak zituzten lanpostuak berebiziko garrantzizkoak izan direla, horietako asko emakumeek egindakoak, eta.... Lehenengo aldiz, lehenengo aldiz gure bizitzetan, behera begira jarri gara, sistema kapitalistak eraiki duen goi-behe harreman bertikalaren erdian, beti beste aldera so egonda, ustezko askatasun baten besoetan biziz, eta azpian zegoenari bizkar emanda.