Jokin Urain
IRITZIA

Izena

Badira ofizio eta afizio isilak, ofizio edo afizioduna ikusgarritasunik gabe aritzen den horietakoak. Bakardadean aritzea nahiago dutelako izango da batzuen kasuan, aritzeko modu bakarra inork ez jakitea delako izango da beste batzuenean. Demagun atrakatzaile bat, gaur ia desagertuta dagoen espezie horretako atrakatzailea esan nahi dut, bankuei-eta lapurtzen diena eta ez hileroko soldata justuarekin dabilenari. Zenbat eta ezezagunagoa izan, orduan eta lasaiago aritu ahal izango da berean.

Beste kasu batzuetan alderantziz izango da, jakina. Kirolean, enpresa handien ordezkaritzan, zineman edo bizitzako beste atal batzuetan ahalik ezagunen izaten saiatuko dira ofizio edo afiziodunak. Ahalik ezagunen eta ahalik gustagarrien, atseginen, erakargarrien. Eta jendartean erakargarri izateko behar den antzerkia egiteko ere prest egongo dira asko, zinezko izaera gorde eta helburuak lortzeko interesatzen zaiena erakutsiz.

Adibidetzat har daiteke zinemako izarrena; beste pertsona batzuen bizitzak, ekintzak, lanak eta haien dohainak edo akatsak ahalik ongien antzeztuz eta antzezteko bizi dira, eta antzezpenerako gaitasunarengatik balioesten ditu jendeak, mundu guztian ezagunak eta miretsiak izateraino askotan.

Politikarien kasuan ere herritarren mirespena bilatzen dute, edo atxikimendua, erakargarri izatea, baina aldi berean, edo aurretik, ezinbestekoa zaie ezagunak izatea. Hautagai batentzat, zernahi eta noranahiko hautagaia izanik ere, deskalabrua izango da jendeak ez ezagutzea, ez jakitea bere izena, edo abizena, edo jendartean onartua eta hedatua duen deituraren bat. Hautagai politiko batek izena behar du lehenik; izenik ez duen bitartean ez da izango hautagaia.

Bere abizena ezohikoa eta esaten zaila dela eta nahastea sor dezakeela ulertuta, Imanol deitzeko gonbita egiten digu Urkulluren lekukoa hartzeko hautatuak. Ez dakit, ordea, hurbiltasun artifizial samarra ez ote litzatekeen, eliza bereko akolito ez direnentzat batez ere. Politikariak abizenez izendatzeko eta ezagutzeko ohitura aski hedatuta baitago hemen. Gainera, abizenarena konplikazioa dela onartzen badu, ahalik bizkorren aldatzea igual izango luke onena.

Horretarako proposatzen hasita, behingoagatik ez litzateke proposamen aldrebesa zurrumurruren batek dioena. Bere ikaskide batzuk ere Pradales ahoskatzen ezin asmatuz ibiltzen omen ziren, eta horregatik hasi omen zitzaizkion Zelaieta deitzen.