Jokin Urain
IRITZIA

Ez irakurtzekoak

Bittor tabernariak kargu hartu zidan aurrekoan, ea nor demontrerentzat idazten ote dudan, ez zaidala ezer ulertzen. Horrelaxe egin ohi du hasierako agurra eta ondorengo kritika konstruktiboa, dena batera, eta honezkero ez du aldatuko estiloa. Ez daukat aldarazten saiatzeko asmorik ere, arrazoi izateko ez dagoelako bost urteko karrera bukatuta eta diploma bulegoko horman eskegita eduki beharrik. Ariketa honetan saiatzen garen afizionatu gehienon zalantza izan liteke, gainera, nahi dugun neurrian ulertzen ote zaigun, idatzitakoak tajuz adierazten ote duen esan nahi duguna...

Propio inork ez irakurtzeko idazten diren gauzak ere badirela esan nion, eta adibidetzat jarri testuan zehar edo testuaren oinean letra txikian ezartzen diren lerroak. Gehienbat kontratuetan-eta, amarrua ostentzeko letra txiki irakurtezin horrekin idazten dena alegia, lupa ez erabiltzearren kasurik egin gabe pasatzen dugun saila, benetan garrantzitsua dena letra handian etorriko dela pentsatuz. Inork ez irakurtzeko asmoz idazten dela horrela, eta ez letra handian esandakoa zehazteko.

Asteburuko disgustua astelehenean sendatu zidan Juanjok. «Zeintzuek sinatzen zuten ikusita, artikulua ona izango zela eta irakurri behar nuela pentsatu nian, eta baita irakurri ere, ahal nuen arreta handienarekin, hasieratik amaierara», esan zigun goizeko kafe terapeutikoaren jiran. Artikuluaren egileak ezagunak edo lagunak direlako batzuetan, idazlea aditutzat edo erreferentziatzat dugulako bestetan, zenbait iritzi artikulu irakurtzeko interes berezia sortzen zaigu aldika, geure usteak baiesten edo ezesten lagungarri suerta dakigukeelako, zeregin hoberik ez dugulako, jakinmin sanoak horretara garamatzalako edo masoka kontsagratuak garelako.

«Ez nian ezer askorik ulertu, ordea», bota zuen jarraian, eta geroago tarteren bat hartu eta berriz irakurtzekotan laga omen zuen. Geroago horretan, baina, bere baitan hasi omen zen buruan hazka, kontuak ateratzen, agian ez zuela merezi bigarren ahalegina egitea, artikulua ulertzeko baino, esaldi bakoitzari kontrakoak eta trabak bilatzeko izango zela... Asmoa bertan behera uztea erabaki zuen arte.

Etsi eta irakurketa bertan behera uzteko arrazoi ugari dago seguru asko: artikulu txarra izatea, luzeegia izatea, gaizki idatzita egotea... edo ulertzeko baino hobea izatea, eta azken hauxe dela uste dut askori gertatzen zaiguna.