MOTORRA

Argi izpi bat auto berrien merkatuan

Apirilean iragarritako laguntzak auto berrien salerosketak suspertzen hasi dira, eta hilaren bukaeran %17,7 igo dira Hego Euskal Herrian. Elektrifikatutako autoak dira gehien saldu direnak eta, lehen aldiz, Europako marka bat izan da Estatu mailan elektrikoen artean gehien saldu dena: Renault 5 berria.

 

 

(Renault)
(Renault)

Martxoan gauzak apur bat mugitzen hasi baziren ere, azken hilabeteetan auto berrien salmentak zenbaki gorriak erakusten ari ziren. Teknologia berriek sortutako zalantzak eta prezioen gorakadak mantsotzen ari ziren auto berrien salerosketak eta, aldiz, bigarren eskuko merkatua indartzen.

Baina apirilaren hasieran iragarritako laguntza publikoek auto berrien salerosketa suspertzea lortu dute. Alde batetik, Gasteizko Gobernuak auto mota guztiei zuzendutako 3.500 eurorainoko laguntzak iragarri zituen, eta handik egun gutxira Madrilgo Gobernuak Moves III plana abian jarri zuen, kasu honetan auto elektrifikatuei zuzenduta eta 7.000 eurorainoko laguntzaz.

Laguntza horien eragina nabaritzen hasi da merkatuan. Auto berrien salmentek igoera handia izan dute. Estatu espainolean %7,1 igo dira aurreko urteko hilabetearekin alderatuta, eta Hego Euskal Herrian igoera %17,7koa izan da, nahiz eta herrialde historikoen artean gorabehera handiak izan diren.

Gasteizko Gobernuko laguntzek berebiziko zeresana izan dute apirileko zenbakietan eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igoera %24,5ekoa izatera iritsi den bitartean, Nafarroan zenbakiek gorriak izaten jarraitzen dute eta, aurreko urteko hilabetearekin alderatuz gero, salmentak %6,3 jaitsi dira.

Saldutako autoen teknologiari dagokionez, eta Estatu mailako datuei erreparatuta, igoera handiena izan duten autoak hibrido entxufagarriak izan dira, %86,8ko hazkundea izan baitute. Honenbestez, auto mota horren merkatu kuota %8,2koa da.

Atzetik, auto elektrikoak datoz, %66,9ko igoerarekin eta %6,5eko merkatu kuotarekin, eta ondoren, entxufagarriak ez diren hibridoak, %32,3ko igoerarekin eta %32,3ko merkatu kuotarekin. Aitzitik, gasolina erabiltzen duten autoen salmenta %20,4 jaitsi da apirilean Estatu mailan, eta diesel autoak %38,2.

Hego Euskal Herrian ere antzeko joera izan da. Denera, 121 auto diesel eta 568 gasolina besterik ez dira saldu apirilean. Aitzitik, 2.320 auto saldu dira elektrifikazio motaren batekin.

EUROPAKO MARKAK, INDARREAN

Apirileko datuek beste berritasun bat utzi dute. Orain arte Tesla Model 3 zen elektrikoen artean Estatu espainolean gehien saldutako modeloa, baina hilabete horretan, lehen aldiz, Europako marka bat izan da aurrea hartu diona: Renault 5 E-Tech berria (irudi nagusian).

Berritasun hau, anekdota izatetik urrun, joera aldaketa baten hasiera izan liteke, orain arte merkatuan ez zegoelako auto elektriko merke erakargarririk ,eta horixe zen merkatuak aurrera egiteko zuen hutsunerik handiena. Azken hilabeteetan, ordea, Europako zenbait marka auto elektriko merkeak plazaratzen hasi dira, etorkizun hurbil batean txinatar zein estatubatuar autoekin lehiatzeko moduan izango direnak.

Horien artean dago Renault 5 E-Tech berria. 26.692 euroko prezioarekin (laguntza publikoak kontuan hartu gabe), 40 kWh-eko bateria du eta 312 kilometroko autonomia elektrikoa. Ezaugarri horiek dituen txinatar auto bakarra MG4 da. 26.480 euroko prezioarekin, 49 kWh-eko bateria du eta 350 kilometroko autonomia elektrikoa.

Baina badira merkatuan europar markako auto elektriko merkeagoak. Citroën e-C3 eta Opel Frontera, lehena 22.590 eurotan eta bigarrena 24.800 eurotan. Biek 43,8 kWh-eko bateria dute eta 314 eta 305 kilometroko autonomia elektrikoa, hurrenez hurren. Citroën markaren modeloa, gainera, apirileko zerrendan hirugarren tokian sailkatu da, Kia EV3 autoaren atzetik.

Orain arte elektrikoen merkatuan erregea zen Tesla Model 3 modeloa aurreko guztiak baino garestiagoa da, bere prezioa 35.490 eurokoa baita. Hala ere, auto honen prestazioak handiagoak dira eta, 60 kWh-eko bateriarekin, 520 kilometrotako autonomia elektrikoa eskaintzera iristen da. Apirileko zerrendan, laugarren postura jaitsi da. Bosgarren postua Peugeot e-208 autoarentzat izan da (28.800 euro).


(Suzuki)

Europan auto txikiak sustatzeko eskaria

Renault eta Stellantis taldeetako buruzagi nagusiek auto txikiak sustatzeko araudi berriak eskatu dizkiete agintari europarrei, Japoniako eredua jarriz. Luca de Meo eta John Elkhann-en iritziz, Estatu frantsesak eta espainolak, baita Italiak ere, auto txikiak ekoizteko ahalmena dute, baina horretarako araudi berriak beharko lirateke, modu errentagarrian ekoitzi ahal izateko. Japonian, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, industria auto txiki edo «kei car» delakoen aldeko araudiari esker suspertu zen. Irudian, Suzukik aurkeztutako «kei car» berria, Hustler izenekoa.



(Seat)

Seat-ek 75. urteurrena ospatu du Bartzelonan erakusketa berezi batekin

Seat marka espainolak 75 urte bete ditu maiatz honetan, eta, urteurrena ospatzeko, erakusketa berezia antolatu du azken aste honetan Bartzelonako Univers plazan, Automobile erakustazokaren irekierarekin bat eginez. Guztira, 75 modelo desberdin erakutsi dituzte jendaurrean, bakoitza konpainiaren etapa desberdinen adierazgarri. Modu horretan, ez da falta izan Seat-ek 50eko hamarkadan ekoitzitako lehen modeloa, Seat 1400 izenekoa, ezta momentuz diseinatuta dagoen azken modeloa ere: Cupra Raval %100 elektrikoa. Baina erakusketan ere ez dira falta izan bi modelo horiek baino askoz famatuagoak direnak, horien artean Seat 600 historikoa, Marbella, Ibiza edo Leon, beste askoren artean. 75 urte hauetan, egoitza nagusia Bartzelonan duen konpainiak 20 milioi auto pasatxo ekoitzi ditu.