Deskonexioaz
S. apurgarria,
Zelan hasi duzu uda? Idatzi nezakeen (g)uda, irakurri zenezakeen (d)uda ala, ezinbestean, (m)uda da erresistentziak sortzen dituen adiera bakarra? Ez luzatu hitz jokoekin, zeresanik ez daukazulako otutzen zaizkizula aurpegiratuko dizute. Zatarra eder kontatzea ez dela etikoa aditu berri duzu irratian. Ez dago eskolako watsap taldeak lozorroan sartzea bezalakorik, soberan daukazuna faltan sumatzen hasteko. Zuk ere ez daukazuna desiratzen duzu gehienetan.
Orain mende laurden zinenarekin konektatu zaitu efemerideak, Sally Rooneyren “Intermezzo” gomendatu dizu I.k, botereak usteltzen duen ala boterera heltzeko ustela izan beharra dagoen jakin nahi zenuke, etxerako leihoak enkargatu dituzue hurrengo udazkenerako, sandaliak erostera joan eta bainujantzi berriarekin itzuli zara. Kontsumoak zugan eragiten duen korapiloan katramilatu behar zenuke: endorfinak esnatzen dizkizu batzuetan, errua besteetan. Ez da endorfinak eta errua batera sentiarazi dizkizun kasu bakarra, baina zergatik amaitzen duzu dirua xahutzen planik ala zereginik ez daukazun arratsaldeetan? Zer hutsune betetzen du kontsumoak zugan? Ez al zinen zu asperduraren apologia egiten zuena? Ez dakit gurasoen ala garaiaren semea zaren. Azken aldi luzean, lo hobeto egiten duzu behintzat.
Ongi lo egin ahal izateko deskantsatuta egon behar dela dio aitaginarrebak, semeengatik dakizu ez dela atsedenik hartzen ahal erraietan metatutakoa erabat kanporatu arte eta, hala ere, autolaguntza liburuetakoak iruditzen zaizkizu «denborari denbora eman» bezalako esaldiak. Itzulingururik gabe galdetuko dizut: zer egiten duzu inork “deskonektatzeko” agintzen dizunean? Sakelakoa itzali? Oinetakoak jantzi eta zure baitatik ihes egin arte korrika atera? Arnasa sakon hartu eta zure emozio ugerrenak onartzen ahalegindu? Aireportuetakoak bezain argi seinalatu behar zenituzke zure baitako larrialdi irteerak. Ez espero hemen teilatuari eutsiko dion zutaberik. Inork baino hobeto ezagutzen zaituen arren, ordenagailua da robota ez zarela frogatzeko eskatzen dizun bakarra.
Barre egin behar zenuke euriak sandaliatan harrapatzen zaituenean, Lilja Ingolfsdottiren “Adorable” ikustera zinemara joan, Frantziako Tourra hasten denerako bazkalondoko siesta luzeak egiten trebatu, bizi zaren hirian mundua nola amaitzen den kontenplatu eta, batez ere, inor ez molestatu. Ezta zeu ere.



