Gure haurrak
Tomate eta piper artean dabilen amona mantangorria dirudi, baratzeko zaintzaile fina. Bainujantzia eta katiuskak. Zazpi urteko hankatxoak katiuska handiegietan. Trastelekura joan eta katiusken apaletik egunero pare desberdina aukeratzen du. Kolorearen arabera, ez neurriaren arabera.
Mimoz apartatzen du landarea piperraren tamaina behatzeko. Amonak azaldu dio zein den neurri egokia piperrak jasotzeko. «Ez bazaude seguru, ez jaso. Hobe bihar jasotzea», eman dio aholkua lehenengoz baratzera gerturatu den bere laguntxoari. Tomate landare artean ezkutatu da gero. Zomorroa etorri ote den, hori etxeko mantangorriaren kezka. «Amona, lasai, tomateak salbu daude!», entzun da oihua landare artean.
Lanak amaituta, katiuska handiak erantzi, eguzkitako krema fundamentuz eman eta uretara. «Norbaitek nahi du krema ematea?». Baratzeko lanak eta eguzkitako krema ematea, horiexek bere udako bizioak. Eguzkiak argitutako ilea eta mundua deskubritzeko egunero poxi bat handitzen diren begiak nabarmentzen dira igerilekuaren erdian. «Ikusi, ja lurra ukitzen dut oinekin!». Piperrak eta tomateak bezala, osasuntsu haztea beste kezkarik ez da kabitzen zazpi urteko sabel horretan. Eta izozkiak, nahi adina.
Gaza hegoaldeko Khan Yunis hiriko Al-Nasser ospitalera egunero iristen dira mutilatutako gorputzak. Zazpi urtekoak asko. «Metrailak zaurituta; toraxa zulatuta, sabelaldea, burua, anputazioak izaten dituzte, erredurak, gorputz atal zapalduak». Bertatik iritsi berri den medikuari irakurri diot. Gorpuak ere iristen dira, zazpi urtekoak asko, eta zuzenean depositura. Gurasoak negarrez, senitartekoak urduri. Medikuek erabaki egin behar dute zein ume bidali ZIUra eta zein utzi hiltzen. Ez dago denentzako tokirik, esperantzarik. Bonbetatik libratzen direnak ezin dira gosetik libratu.
Batzuetan ez da gurasorik egoten negarrez. Batzuetan haurraren negarra bakarrik entzuten da. WCWSF haurrak dira (Wounded Child Without Surviving Family). Gazako zerrendan lan egiten duten medikuek sortu duten akronimoa da, gerrako biktima jakin bat deskribatzeko: zauritutako umea, bizirik dagoen familiarik gabea. Izena eta izana. Munduari zomorroa sartu zaio eta herri oso bat birrintzen ari da Israel munduaren begien aurrean, egunero poxi bat txikitzen diren begiak. Palestinako herriak dagoeneko ez du lurra ukitzen oinekin.
Gure haurrak ere badira. Ez dakigu zein zaporetako izozkiak maite dituzten. Ez lukete beste kezkarik izan behar.
No mirar arriba

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

