Iragana eta etorkizuna, elkar besarkatuta
Gaur Korsikara goaz; zehazki, Santa-Lucia di Tallano udalerrian dagoen Saint-François komentura. XV. mendeko eraikin honen berritze prozesura hurbilketa bat egiten du gure arkitektoak, iragana eta modernitatea elkar besarkatzen jarri dituen proposamenera.

Saint-François komentua XV. mendeko monumentu historikoa da, Korsikako uhartean, Santa-Lucia di Tallano udalerriaren gainean kokaturikoa. 450 metroko altitudean jasoa, erdi lurperatutako eraikin honek zaindari baten itxura du, herriari eta inguruko lurraldeei begira. Olibadi artean kokatua, otoitz eta erretirorako lekua izan aurretik, defentsarako gaztelu bat izan zen. Frantziako Iraultzaren garaian saldu eta sekularizatu egin zuten. Ordutik hutsik egon da eta pixkanaka naturak xurgatu du.
1927an, komentua eta eliza Inventaire Supplémentaire des Monuments Historiques delakoan (Monumentu Historikoen Inbentario Osagarrian) erregistratu zituzten, baina eraikinaren egoera oso tamalgarria zen. Egitura landarez estalita zegoen, eta harrizko hormak higatzen eta hondatzen ari ziren. Gune askotan, landarediaren sustraiek harrien arteko kare-morteroa ordezkatu zuen, piezen arteko euskarria bera bihurtuta.
2014an Amelia Tavella Architectes arkitektura estudioa komentua berritzeko eta eraldatzeko lehiaketara gonbidatu zuten. Helburua argia zen: eraikina “Maison du Territoire” bihurtzea, topaketa, truke eta erakusketa kulturalen gune. Lehiaketa honetan Ameliaren estrategia poetikoa eta ausarta izan zen: hondamenditik eraikitzea.

Bere proposamenean, hondatutako zatia bere horretan mantendu zuen, eta eroritako zatia, eraikinaren mamua, materialtasun berri batez altxatu zuen, lehendik zegoenaren silueta osatuz. Horrela, Korsikako ondarearekiko kortesia eta errespetu osoz, iragana eta modernitatea elkar besarkatzen jarri zituen, elkarri traiziorik ez egiteko promesa eginez.
Maitasun handiz eta mendi arteko paisaiaren harmoniari eusten ahaleginduz, arkitektoak simetriarekin, materialekin eta testurekin jolas egiten du. Komentua bi zatitan berritu eta zabaldu zuen: lehen zatia jatorrizko arrastora itzuliz, harria, adreilua eta zura material nobleak erabili zituen. Bigarren zatian, komentuaren historia eta esentzia gordetzeko, kobrezko bolumen zulatu bat gehitu zuen, horma hondatuei atxikita; hala, lekuaren memoria ekarri baina bereizketa argi bat eman zion.

Kobreak, hareharria bezain femeninoa, leuntasuna transmititzen du, granitoarekin kontrapuntu bat sortuz baina aldi berean bere handitasunera hurbilduz. Metal honek, bere preziostasunagatik eta argia hartzeko, islatzeko eta zerura bidaltzeko duen gaitasunagatik, monjeen otoitzak oroitarazten dituzte, kokapen honetarako material aparta bihurtuta. Gainera, bere tonu beroekin eta denboraren poderioz sortzen zaizkion orbainekin, inguratzen duen eraikin zahar eta paisaiaren koloreekin bat egiten du, eta emaitza orekatu bat sortzen du, begira ematen ez duena.
Gainazal honetan irekitako moucharabieh-k argia barrura bideratzen dute, eliza baten beirateek bezala, eta zabaldu eta distirarazi egiten du kobreak. Barnean, material noble eta liluragarri honek espazioa esperientzia bihurtzen du: eguzkia bertan erori eta eramaten da.
Leku honek Amelia Tavellaren keinu arkitektonikoa maisutasunez adierazten du, material noble eta naturalen sentsualitateari eta iraganarekiko errespetuari lotuta. Bere burua arkeologo sinboliko gisa deskribatzen du; historia zaharraren arrastoak, seinaleak eta aztarnak esploratzen ditu, leialtasun osoz eraikitzeko. Natura beti gonbidatuta dago, dekorazioaren elementu gisa eta jatorriaren lekuko gisa; eraikinak ohoratzen ditu, eta eraikinek bera. Arkitektoak goxotasuna eta poesia aukeratu ditu bere keinuaren oinarri, inoiz ahaztu gabe eraikinak, lehenik eta behin, bertan biziko direnentzat direla. Hemen, arkitektura ez da praktika bakartia; besteei, kolektiboari, eskainia dago, aldatu gabeko lurraldean errotua.



