Amaia Uribe
IRITZIA

Denaren berri

Dena dakien belaunaldia gara. Edo hobeto esanda, dena dakiela uste duena. Ezertarako balio ez duten datuz beteta daukagu burua. Politikaz dakigu, ekonomiaz, geoestrategiaz eta kulturaz. Gure iritzia ematen dugu tabernako tertulietan eta X plataforman. Biralizatu den azken albistearen analisia egiten dugu eta Trumpek baino mitin luzeagoak ematen ditugu edozein gairen inguruan. Segundo gutxian jakin dezakegu zer gertatu den Ukrainan, zer erabaki hartu duen Europako Banku Zentralak edo nola doazen Hungariako hauteskundeetako inkestak. Etengabe iristen zaizkigu albisteen notifikazioak. Titular bat irakurri ahala, beste batera egiten dugu salto. Azkar. Sakondu gabe.

Gure aitona-amonek ez zuten hainbesteko informazio iturririk. Ez zuten 24 orduko albiste katerik, ezta algoritmoz beteriko sare sozialik ere. Munduaren berri herriko plazan izaten zuten. Edo irrati bidez. Edota auzoan zegoen telebista bakarraren bidez. Ez zioten Estatu Batuetako politikari minutuero jarraitzen, baina eguraldia iragartzeko gai ziren eta bazekiten noiz landatu behar zituzten tomateak. Munduaz baino gehiago zekiten inguruaz eta sarritan esaten diot neure buruari erabilgarriagoa dela hori. Izan ere, badakit Mikronesiako hiriburua Palikir dela, baina ez naiz zuhaitz guztiak ezberdintzeko gai. Eta arrandegira noanean ez ditut aurrean ditudan arrain guztiak ezagutzen.

Asko aldatu da informazioa jasotzeko modua. Gogoan dut, oraindik ere Internetik gabe bizi ginenean. Ikastolako lanak egiteko, entziklopedietara jotzen genuen. Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa eta Espasa geneuzkan guk etxean. Eta Lur Entziklopedian kontsulta egiteko, liburutegira joaten nintzen. Norvegiari buruzko lan bat egitea tokatu zitzaidan behin. Eta ze ondo pasatu nuen, liburuki ezberdinetan informazioa bilatzen! Oraindik ere buruan iltzatuta ditut datu batzuk. «Hiriburua: Oslo. Biztanleria: 4,6 milioi. Moneta: Norvegiako koroa». Gaur egungo ikasleek, baina, Chat GPTra jotzen dute eta adimen artifizialak Norvegiari buruzko lan txukuna eta sakona egiten die 3-4 segundoan. Zalantza daukat, baina, 25 urte igarotzen direnean Norvegiako daturen bat gogoratuko duten!

Ez gara dena dakien belaunaldia, denaren berri duen belaunaldia gara. Baina etorri ahala ahazten dugu informazioaren zati handiena eta ez gara gai iristen zaigun albiste eta datu oldea gordetzeko. Agian, berriro ikasi behar dugu gutxiago kontsumitzen eta gehiago ulertzen. Titular batetik bestera salto egin ordez, batean geratzen. Munduko kontuez hitz egin ordez, gure ingurura begiratzen. Mikronesiako hiriburua gogoratu beharrean, gure herriko zuhaitzak izendatzen.