Maider Quintanilla Lago
ARKITEKTURA

Neuroarkitektura

Neurozientzia eta arkitektura uztartzen dituen diziplina da neuroarkitektura. Arkitekturaren ildo berri horrek espazioaren diseinuak guregan duen inpaktua aztertzen du, bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Ikuspegi horretan, kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuak dira argiztapena, materialak eta formak, besteak beste.

Ikasgela / Erromako panteoia: neuroarkitekturarekin lotura duten eta testuan emandako deskribapenetan oinarritutako irudiak. Eskema: pertzepzio prozesuaren azalpena.
Ikasgela / Erromako panteoia: neuroarkitekturarekin lotura duten eta testuan emandako deskribapenetan oinarritutako irudiak. Eskema: pertzepzio prozesuaren azalpena. (Maider Quintanilla Lago)

Imajinatu Erromako Panteoian sartu zarela. Kanpoko zaratatik ihesi; bat-batean, isiltasun trinko batek inguratu zaitu. Kupularen goialdean dagoen irekidura zirkularretik, egunak aurrera egin ahala, espazioa zeharkatu eta hormetan zehar mugitzen den argi izpi bakar bat jaitsi da. Zure pausoak moteldu egin dira, begirada gorantz altxatu duzu eta, une batez, txiki sentitu zara. Ez dirudi ezer gertatzen ari denik, eta, hala ere, zerbait gertatzen ari da. Zergatik eragiten digu espazioak modu horretan? Akaso arkitekturak erabiltzailearen pentsatzeko, sentitzeko edo jokatzeko modua alda dezake?

Hainbat hamarkadatan, funtzionaltasunaren, eraginkortasunaren eta balio ikonikoaren arabera ebaluatu izan da arkitektura. Hala ere, ikuspegi horrek bigarren planoan utzi du espazioek pertsonengan duten eragin sotil baina etengabea. Neurozientziak dio eraikinak ez direla eszenatoki neutroak, baizik eta gure nerbio sistemarentzako etengabeko estimulu iturriak. Izan ere, gure garunak etengabe aztertzen ditu espazioak, eta ez da begi hutsez ikusten denera mugatzen: sabaien altuera, argi naturalaren presentzia, materialen testura, akustika edo kanpoaldearekiko ikuspegiak ere kontuan hartzen ditu. Elementu horiek guztiek, askotan konturatu gabe, gure emozioetan, arreta mailan eta portaeran eragiten dute; horrenbestez, esan daiteke espazioek eragin handia dutela gure esperientzia psikologikoan.

«Espazioek sortzen dituzten esperientziek eta sentsazioek funtzio praktikoek baino pisu handiagoa izan dezakete», zioen Steven Holl arkitektoak. Bere ikuspegiak oinarri sendoa du neuroarkitekturan; hau da, arkitekturaren eta neurozientziaren arteko zubia eraikitzen duen ikerketa ildo berritzailean. Diziplina horrek espazioek gure emozioetan, pentsamenduan eta jokabidean nola eragiten duten ulertzea du helburu nagusia. Badirudi espazio arkitektoniko bateko argiak, soinuak eta usainak erabiltzailearen burmuinean esperientzia bateratu bat eraikitzen dutela, eta horrek emozio eta sentsazio jakin batzuk eragiten dituela. Horiek horrela, argi dago arkitektura ez dela diziplina tekniko edo estetiko hutsa; esperientziak eratzeko eta bizi kalitatea hobetzeko gaitasuna duen tresna ere bada.

Adibideek argi erakusten dute lotura hori. Argi natural ugaria duten espazioek erritmo zirkadianoaren erregulazioa errazten dute, kontzentrazioa hobetzen dute eta neke mentala murrizten dute; aitzitik, argiztapen eskaseko edo iluneko inguruneek antsietatea eta ondoeza areagotu ditzakete. Era berean, sabai altuek askatasun eta sormen sentsazioa indartu dezakete, eta espazio estuek, berriz, kontzentrazioa bultzatu edo, kontrara, estresa eragin dezakete. Material naturalek, hala nola egurrak edo harriak, hurbiltasun eta lasaitasun sentsazioa transmititzen dute sarritan, eta zarata maila handiek nekea eta narritadura eragin ditzakete.

Ikuspegi horren aplikazioak bereziki esanguratsuak dira osasun, hezkuntza eta lan guneetan. Ospitaleetan, natura ikusi ahal izateak, kolore leunek eta orientazio erraza ahalbidetzen duten ibilbideek pazienteen eta osasun langileen estresa murriztu dezakete, baita sendatze prozesuak bizkortu ere. Ikastetxeetan, akustika egokiak, espazioen malgutasunak eta argiztapen onak eragin zuzena dute ikasteko gaitasunean eta ikasleen ongizatean. Lan inguruneetan, atseden guneak, trantsizio espazioak eta material atseginak txertatzeak ongizatea eta produktibitatea handitzen lagun dezake, neke emozionala gutxitzearekin batera. Hirigintzan ere, kale atseginek, berdeguneek eta giza eskalara egokitutako espazioek komunitate sentimendua eta bizi kalitatea indartzen dituzte.

Estimuluen saturazioak eta erritmo bizkorrak markatutako mundu honetan, arkitektura bere ondorio ikusezinetatik pentsatzea ez da soilik egokia, beharrezkoa baizik. Espazioek guregan duten eragina ulertzeak hiri gizatiarragoak, zaintzen duten eraikinak eta ingurune osasuntsuagoak diseinatzeko aukera ematen du. Finean, arkitekturak ez du soilik espazioa antolatzen; gure bizipenak eta eguneroko esperientzia moldatzen ditu. Agian, Steven Hollek iradokitzen zuen bezala, arkitekturaren benetako balioa ez da begi hutsez ikusten dena, baizik eta bertan bizi duguna: oharkabean gure pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko modua eratzen duena.