Bankuen kutxa beltza
Bere buruaz beste egin duenak, beharbada, hamaika motibo izan zitzakeen erabakia hartzean, eta horietariko batzuk arrazoiak ere izan zitezkeen, agian. Zeinek daki? Nik sikiera ez, esperientzia falta edo. Nork bere buruaz beste egiteko hartutako erabakiaren atzean beste batzuen aurretiko erabakiak izan daitezke. Horretan bat-batekotasun gutxi dago, nire iritzian, eta prestaketa gehiago, gertaeren kateatzea ohartuan edo oharkabean sortuz doan prestaketa. Ez, ez nabil egunotan han-hemen albiste izan den kopilotu ustez suizida baten gainean, ez; egun batzuk lehenago nafar lurretan bere buruaz beste egin zuen emakumezko lagun batez nabil. Berrogei urte eta piko txikiko ama; bizi ala hil aldartera heldu eta hara! bizitzea atzean uztea erabaki! Nolakoa behar izan duen bizitako bizitzak izan, heriotza hobesteko! Itxura batean, banku baten erabakiak eragin zuen beste erabakia. Erabaki eskubidea bizitzeko edukiez bete behar den seinalea.
Denboran hurbil, eta euskal lurretan gertu, hilda agertu da lagun bat. Hogei urte eta piko handiagoa. Buruaz beste? Ez, jainkoarren! Berezkoa izan ei da honetan heriotza, naturala. Hala ere, zendua kutxazain automatiko batean zendu izanak gogoetarako motibo gehiago eman beharko zituzkeen, eman dituenak baino. Eta besterik baino lehen, letra kapitaletan idatzitako albistea agertu! Lehen orrialdean eta prime time-an! Kolpea behintzat bada, kutxazainean sartu, kalearen hotzetik ihesean kutxak epel zainduko duelakoan, eta horra! Automatikoa hilkutxa bihurtu, eta hilotz aterea, bizitzeko krediturik gabe! Kutxazainak indarrean den sistema ekonomikoaren kutxa beltza dira; kabinan direnen bakarrizketak ere entzun daitezke, arretaz jardunez gero. Norabidea automatikoan dute jarrita kontrol-dorretik. Zenbat ate ez ote dugu zabaldu behar norabidea aldatzeko! Eskuz esku lekukoa…

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
