Idazlea

Aulki hutsa

Ikusten duena kontatzen du mutikoak, besteek hitz egiten dutena, berak sentitzen duena, eta dena, gertaeraren in guruan. Batzuetan negar egite n du, batzuetan pentsamendua gelditzen zaio zuri-zuri, eta ez du fitsik nabari. Batzuetan normal sentitzen da, zoriontsu, eta orduan, nahasmena baino ez du sentitzen; ahalke da, lotsak zikintzen dizkio barneak, zorion ik sentitzeko eskubiderik ez duela pentsatuko balu bezala. Baina denborarekin, anaia joan dela onartzen ikasiko du, eta berekin mantentzen, memorian eta maitasunean biziko baitu aurrerantzean. Muñoz-Kiehne doktorearen “Since my brother died/ Desde que murió mi hermano” liburuaren ardatza da hori, ilustrazioen bidez haurrei zuzendutako liburua, anaia edo arreba bat galtzearen drama gainditzen laguntzeko. Laurogei urteko haur bati ere, irakurtzea komeni zaion idazki ederra. Liburua Elizondon jokatu zen Nafarroako bertsolarien finaleko lehen agurrarekin ekarri zidan gogora Julio Sotok, «orain artean gauza guztiak egin ditugun bezela/ hau ere biok egingo dugu, badakit hemen zaudela» kantatu zuenean. Urtarril bukaeran hil zen bere anaia Alberto, auto istripuz, «baina berekin bizi du», pentsatu nuen, eta txapela irabaz zezan desira izan hortik aurrera, ez txapel horrek mina arinduko ziolako, baizik eta liburuko mutiko heroia bilakatu zelako niretzat; pozik ikusi nahi nuen Julio, zoriontsu; eta zorion horrek ez ziezaiola lotsarik eragin, harro senti zedila, anaiaz, familiaz, herriaz, bizi zezala momentua, bizi dezala bizitza. Irabazi zuen txapela, eta zutitu zen jendea, aulki guztiak huts bilakatzeraino, frontoia emozioz betetzeraino. Aspaldi ikusi eta sentitu gabeko zerbait izan zen hura, magikoa. Ahanzten kostako dena, eta biziko duguna, Julioren anaia bezala, guztiona bilakatu baita larunbataz geroztik.