Andoni ARABAOLAZA
IZOTZ ETA MISTOKO ESKALADA

Mercier-ek hiruko berezia sinatu du Kandersteg-en

Izotz zein mistoko eskaladan espezialista handia den alpinista frantziarrak Suitzako gune horretako hirubideren luze zailenak kateatu ditu: «Ritter der Kokosnut» (M12, WI5), «March 3» (M9, WI6) eta «FlyingCircus» (M10, WI6). Jarduera hori 9 orduan erdietsi du.

Aurreko berrian Iker Madozek Kanderstegi buruzko deskribapena egin digu. Eta, hain zuen ere, Suitzako gune horretatik beste notizia interesgarri bat iritsi zaigu. Protagonista Jeff Mercier da, izotz zein mistoko eskaladan espezialista frantziarra.

Bada, otsailaren 18an, alpinista honek Kanderstegeko hiruko berezi bat sinatu zuen. Hots, gune horretako (Breitwangflue-ko murruan) hiru bide gogor klasikoren luze zailenak. Baina, hori bai, egun batean; zehazki esanda, hori guztia poltsikoratzeko soilik 9 ordu behar izan zituen. Eskalatu zituen hiru marrak, berriz, honakoak dira: “Ritter der Kokosnut” (M12, WI5), “March 3” (M9, WI6) eta “Flying Circus” (M10, WI6). Lehena, oso gutxitan errepikatzen dena; bigarrena, eskalatzaileak “etsita” uzten duena; eta azkena, sektore horretako gogorrenetarikoen artean ultra klasikoa.

Protagonista frantziarrak azaldu du hiru bide horien luze zailenak kateatzeko xedearen “erru” nagusia” Robert Jasper alemaniarrak duela: «Friki guztiek bezala, denbora asko pasatzen dut ordenagailuaren aurrean. Baina, noizean behin, jabetzen naiz tresna horretan ikusten dudanak nire bizitzan eragina duela. Eta proiektu horren lehen urratsa Robert Jasper-en bideo bat ikusi nuenean sortu zen. Duela pare bat urte izan zen, eta bideo horretan alpinista hori ‘Ritter der Kokosnut’ bidea eskalatzen ikusi nuen. Erabat hipnotizatua geratu nintzen. Egun 44 urte ditut, eta onartu dezaket mistoarekin erabat obsesionatua nagoela. Nire barruak ez dira beti aseta geratzen, eta nire emaztea etsita dago beti erronka berrien atzetik ibiltzen naizelako. Aipatu dudan bide hori ikusi nuenean, argi eta garbi izan nuen hura eskalatu nahi nuela».

Hain zuzen ere, marra hori saiatzera joan zenean Mercier ohartu zen gogorregia zela. Lehenbiziko saioa bere horretan geratu zen; hots, saio batean. Gauza bera gertatu zitzaion Jasperri. Horren ondorioz, frantziarrak erabaki zuen etxera itzuli eta gogor entrenatu behar zuela: «Saiatu nintzen, baita ohartu ere nire burua ez zela gai ‘Ritter der Kokosnut’ kateatzeko. Gainera, bide horrek duen arroka hauskorrak beldurtu ninduen. Marraren baldintzek askoz ere gehiago hobetu behar zuten, eta horren zain geratu nintzen. Bitartean, Grands Montets-eko ingurumarian gogor entrenatu nintzen. Britainia Handiko hainbat kidek (Nick Bullock-ek eta enparauek) dry-tooling-eko bide batzuk zabaldu zituzten. Sektore horretan, adibidez, ‘Sanction Stylee’ (D9) egin nuen. Eroria duen marra da, artesi ikaragarri batekin eta mugimendu oso gogorrekin. Hitz batean esanda, Kanderstegerako entrenamendu bikaina izan zen».

9 ordu

Otsailaren bigarren astearekin batera, Kanderstegeko marren baldintzak asko hobetu ziren; “March 3” bidearen lehen luzea izan ezik, gainerakoen baldintzak perfektuak ziren. Eta otsailaren 18an, Julien Irilli sokalagun zuela, Mercier-ek 9 orduan arestian aipatu ditugun hiru bideren luze zailenak kateatu zituen. Eta aitortu behar zaio ez zitzaiola asko kosta; izan ere, aldez aurretik hiru luze zail horiek kateatuta zituen.

Protagonistak aurreratu du kateatze horri benetako balioa eman ahal izateko, sokaburuak luze horiek guztiak erori gabe egin behar zituela. Eta hala gertatu zen: «Goizeko 5etan, aparkalekuan geunden. 06.25en, ‘March 3’ bideari ekin nion. Luze gogorrena di-da batean sinatu nuen, eta goizeko hamarretarako ‘Ritter of Kokosnut’ bidean sartu nintzen. Hamabost minutu beranduago, rappelatzen nengoen. Eta eguerdiko ordu batean ‘Flying Circus’-en nengoen. Ordu erdi bateko kontua izan zen, eta arratsaldeko lauretarako berriro aparkalekuan geunden».